Gehiengo absoluturik ez eta, beraz, bigarren iztulian hautatzera doaz Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berria. Jean Rene Etxegarai atera da lehen itzulitik lehena, 98 boz lorturik. Gibelean baina ez hain urrun, Alain Iriartek 80 boz lortu ditu, Peio Etxelekuk 48, eta Pascal Lesellierek bakar bat; 4 boz xuri izan dira, eta baliogabe bat. 232 hautetsik bozkatu dute eta, beraz, hautagai bakar batek ere ez baititu gutienez 114 boz lortu —hots, bozen erdia— bigarren itzulia egitera doaz.
Iriartek laurden bateko etena galdegin du, seguru aski zenbait negozio elkarrizketa ukaiteko denbora. Pausa egin eta behin hautetsiak gelara itzulita, Etxelekuk asanblearen aitzinean iragarri du ez duela bere hautagaitza bigarren itzulian mantenduko, eta, gainera, publikoki erran «pertsonalki Alain Iriarten alde» bozkatuko duela. Etxegarairen eta Iriarten artean hautatu beharrez, beraz, 232 hautetsiak bozkatzera itzuli dira.
Ipar Euskal Herriko instituzioa 2017ko urtarrilean sortu zenetik, lehen aldiz, zinezko lehia dago lehendakaria hautatzeko: gaur arte, bigarren itzulirik ez da gertatu Euskal Elkargoaren historian izan diren 2017ko eta 2020ko bozetan. Oraindik goiti, dena da posible, araberan zer bozkatuko duten lehen itzuliko Etxelekuren aldekoek, kontuan harturik duela minutu batzuk egindako iragarpena. Lehen itzuliko bozak abiatu aitzin, aipatu izan zen Iriartek bere hautagaitza bigarren itzulitik kentzeko aukera, Etxegaraik lehendakariorde postua hitz emanen balio, adibidez. Halere, ikusita lehen itzulian ze emaitza egin duen Iriartek, ez da harritzekoa hautagaitza atxiki izana. Orain, Etxelekuren bozak joanen ote zaizkion ikusteko dago.
Honako lau hautetsi hauek lehiatu dira lehen itzulian, Elkargoko lehendakaritzarako: Alain Iriart EH Baiko kide eta Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza, Peio Etxeleku EAJko kide eta Kanboko (Lapurdi) auzapeza, Jean Rene Etxegarai orain arteko Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez macronista, eta, azkenik, Pascal Lesellier Baionako eskuin muturreko hautetsia. Azken honek hautagaitza kendua du dagoeneko bigarren itzulirako.
Lau hautagai izan dira aurten, eta hola funtzionatzen du bozak: gehiengo absoluturik gabe lehen itzulian, orduan bigarren itzulia gertatuko litzateke; bigarren itzulian ere gehiengo absoluturik ez balitz, orduan hirugarren aldiz bozkatuko lukete hautetsiek. Eta, hirugarrenean ere aterako ez balitz, orduan gehiengoan litzatekeen hautagaiak irabaziko lituzke bozak. Berdintasuna gertatuz gero, zaharrenak garaituko luke.
Louis Labadot Mauleko auzapezak eman dio hatsarre Euskal Hirigune Elkargoko agintaldi berriko lehen batzarrari. Hautetsien artean zaharrena izanik, berari egokitu zaio kargua. Eta, ondoko agintaldian Elkargoko batzarra osatuko duten 232 hautetsien presentzia segurtatu du, banan-banan deiturik bakoitza. Denak hor, eta aitzina. Orain, bigarren itzulia gertatu zain dira hautetsiak.

Goizean, 232 hautetsiak lehen itzulian bozkatzera joan aitzin, hautagaiek hitza hartzeko aukera ukan dute, azken aldiz, bost minutuko epean bakoitzak. Funtsean, errepikatu dituzte azken bi asteetako kanpaina denboran aipatutakoak. Etxeleku eta Iriartek deszentralizazio orokor baterako urratsaren garrantzia azpimarratu dute berriz, Lapurdiko kostari ematen zaizkion baliabideak barnealdean orekatzeko beharraz ohartarazirik. Etxelekuk «gurasoen lema zaharra eguneratzeko beharra» aitzinera eraman du: «Herrian lan, herrian bizi». Etxegaraik, bere aldetik, Elkargoko «auzapezen lehendakaria» izateko gogoa berretsi du.
2017an Elkargoa sortu zutelarik, instituzio aitortzaren alde lehen lerroan aritu zen Etxegarairen figura onetsi zuen hautetsien gehiengo batek erakunde berriaren gidaritzarako. Hiru urte beranduago, 2020ko herriko bozen ondotik, berriz izan ziren lehendakaria hautatzeko bozak, eta orduan, Etxegarai berriz atera zen garaile, 148 boz lorturik. Bere gibeletik ukan zituen Iriart, 16 bozekin, Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapeza, 2 bozekin, eta Bernard Lougarot Gotaineko (Zuberoa) auzapeza, boz bakarrarekin. 65 hautetsik xuri bozkatu zuten.