Egun bat eskas. Bihar hautatzekoa dute Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berria, eta orain artekoak, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, atzo aurkeztu zuen Elkargoaren ondoko agintaldirako duen proiektua. Hazparnen (Lapurdi) egin zuen prentsaurrekoa, Isabelle Pargade bertako auzapezarekin ondoan. Peio Etxeleku eta Alain Iriart aurkarien ildo beretik egin du Etxegaraik ere, Lapurdiko kostaldetik haratagoko politika baten garatzeko beharra azpimarratuz.
Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kideak, Etxeleku Kanboko (Lapurdi) auzapez eta EAJko ordezkariak, eta Etxegaraik aurkeztu dituzte hautagaitzak orain arte, baina bihar, Pascal Lesselier Baionako eskuin muturreko hautetsiak ere bere hautagaitza aurkeztuko du. Hain zuzen ere, RN Frantziako Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko kidea da Lesselier, eta, herriko bozetan aurkeztu zen martxoan: hala, lehen aldiz, Baionan eskuin muturreko alderdi bateko hautetsi bat dago kontseiluan. Horrek, beraz, bide eman dio Elkargoaren lehendakaritzara aurkezteko.
2017an Euskal Elkargoa sortu zenetik dago Etxegarai instituzioaren lehendakari postuan. Ondoko agintaldira begira, batez ere, «erreforma instituzional» baten plantan ezartzeko gogoa azpimarratu du, auzapezak hobeki laguntzeko; horien segipenerako ordezkaritza baten aukera aipatu du. «Elkargoaren sorreraren presidentea izan naiz eta, orain, garaia da auzapezen presidentea izan nadin».
Demografiaren arazoari erreparatu dio, bestalde, «fenomenoa burura zapartatuko» zaiolakoan gizarteari. Izan ere, geroz eta haur gutiago sortzen diren ber, zahartuz doa Ipar Euskal Herriko biztanleriaren batez besteko adina eta, horrek, nola ez, arazoak dakartza lurraldearen funtzionamenduan. Orduan, 2050era begirako helburuak ezarri nahi lituzke arlo hori nola edo hala kudeatzeko.