Abortatzeko kliniken aitzinean kontzentrazioak egitea, hirian zehar eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko campusean zeramikazko fetuak banatzea edo Gasteizko Santiago ospitale publikoan abortuaren kontrako kartelak jartzea. Abortuaren kontrakoek egindako ekintzetako batzuk dira horiek, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak salatu duenez. «Ezinbestekoa da abortuaren aurkako posizionamendu erreakzionarioei zein eskubide hori urratzen duen neurri orori aurre egitea», erran dute. Hain justu, salaketa horiek kalera eraman dituzte gaur: elkarretaratzeak egin dituzte, goizean Bilbon eta iluntzean Gasteizen.Â
Garizuma garaian, 40 egunez, kontzentrazioak egin ohi dituzte abortuaren kontrakoek abortatzeko kliniken inguruan. Eta hala izan da aurten ere. Gasteizen Askabide klinikaren aitzinean elkartu ohi dira, eta, Itaiak salatu duenez, aurten «inpunitate handiagoz» eraso egin diote abortatzeko eskubideari. Izan ere, iazko abenduan, absolbitu egin zituzten klinika horren aitzinean abortuaren kontra bildu ziren 21 pertsonak; epailearen erranetan, otoitz egiteko bildutakoak ez zitzaizkiolako inori jazarri, eta ez ziotelako inori oztopatu abortatzeko eskubidea.Â
Epaiaren berri izatean epaitegiek eta poliziek duten jarrera kritikatu zuen antolakundeak, eta erran du horiek hartutako neurriek emaztekiei ez dietela mesederik egiten. Bide beretik egin dituzte gaur adierazpenak, eta azpimarratu argi dagoela protesta egiten dutenek helburu bakarra dutela: «Haurdunaldia etetera doazen emakumeei jazartzea eta ideia erreakzionarioak zabaltzea». Are, salatu dute protesta egiten duten horiek «abortu eskubidearen aldeko jardun ororen aurka» jo dutela, eta Itaiako kideen aurka oldartu direla.Â
Bilbon, berriz, Euskalduna klinika inguruan elkartzen dira abortuaren kontrakoak, Unamuno ikastetxearen aurrean. Eta ikastetxe horren parean bildu dira Itaiako kideak gaur. Salatu dute gizartean hedatzen ari den «olatu erreakzionarioak» abortatzera doazen emakumeen kontrako jazarpena indartzen duela, emaztekien eskubideen kontrako ideiak gero eta gehiago zabalduz. «Eta horri abortuaren inguruan dagoen estigmatizazioa eta presio soziala gehitu behar zaizkio».
Gainera, antolakundeak nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren abortuen %95 zentro pribatuetan egiten direla. Hori salatu, eta abortu eskubidearen alde borrokatzera dei egin dute, «doakoa eta unibertsala» izan dadin eta «kalitatezko zerbitzua bermatu» dezaten.Â