Badago akordioa. EAJk eta EH Bilduk ados jartzea lortu dute euskara eskakizunen arloan Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko prozesuan, eta EAJk egindako proposamena aterako da aurrera, EH Bilduren abstentzioari esker. EH Bilduk ere bere proposamena aurkeztu zuen, baina testu hark ez zuen babes nahikorik lortu, eta bertan behera geratu zen. Bihar dira EAJren testua eztabaidatu eta behin betiko erabakia hartzekoak, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, baina gaur arratsaldean argitu dute zer gertatuko den: aurrera egingo du. Baldintza batzuekin, ordea, bi alderdiek hitzarmen bat izenpetu baitute. Adostu dute, besteak beste, frogatzen bada EAJren proposamenak ez duela «bere helburu nagusiak betetzeko egiturazko nahikotasunik» beste proposamen bat lantzen hasiko direla bi alderdiak, Kataluniako eta Galiziako ereduak oinarritzat hartuta. Azken urteetan zenbait epaitegik euskara eskakizunen aurka emandako epaiei hesi bat jartzea izango da helburua.
Akordioan, konpromiso politiko nagusi hauek hartu dituzte bi alderdiek. Adostu dute EH Bildu abstenitu egingo dela eta bide emango diola EAJk bultzatutako lege aldaketa onartzeari, xede hau izanda: «Euskal administrazio publikoetan euskararen normalizazioari eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari ekarpen eraginkorra egitea». Halaber, konpromisoa hartu dute lege aldaketa horren jarraipena eta irizpide objektiboetan oinarritutako ebaluazioa egiteko.
Ikusi gehiago
Akordioan, konpromiso politiko nagusi hauek hartu dituzte bi alderdiek. Adostu dute EH Bildu abstenitu egingo dela eta bide emango diola EAJk bultzatutako lege aldaketa onartzeari, xede hau izanda: «Euskal administrazio publikoetan euskararen normalizazioari eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari ekarpen eraginkorra egitea». Halaber, konpromisoa hartu dute lege aldaketa horren jarraipena eta irizpide objektiboetan oinarritutako ebaluazioa egiteko.Â
Ikusi gehiago
Horretarako, bi alderdiek kontrasterako, jarraipenerako eta ebaluaziorako batzorde bat osatuko dute, «egiaztatzeko orain onartutako aldaketek benetan laguntzen duten segurtasun juridikoa indartzen, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen eta euskal herri administrazioetako hizkuntza plangintzaren aplikazio proportzionatua, arrazoitua eta eraginkorra ahalbidetzen».
Zehaztu dutenez, jarraipena «politiko-teknikoa eta malgua» izango da, eta alderdi bakoitzeko kide batek parte hartuko du bileretan. Legea onartu eta gehienez ere hilabetera batuko dira lehenengo aldiz, lau hilean behin batzartuko dira gero, eta urte amaieran bilera zabalago bat egingo dute. Hor alderdi bakoitzeko kide gehiagok parte hartuko dute, eta, egokitzat jotzen badute, baita soslai teknikoa duten zenbaitek ere.
Irizpide zehatzak
EAJren lege berria eraginkorra izango den ala ez ebaluatzeko irizpide batzuk ere zehaztu dituzte, «irizpide objektiboak, juridikoak eta instituzionalak». Bat: PPk eta Voxek abiarazitako helegiteen ondorioz, EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari eskatua dio argitu dezala ea Euskal Enplegu Publikoaren Legean hizkuntza eskakizunen derrigortasunaren inguruan zehazten denak konstituzioa konplitzen ote duen. Hitzarmenean jaso dutenez, horren ebazpena iristen denean, bi alderdiek «haren edukia eta irismena» aztertuko dituzte, batez ere ikusteko ea lege aldaketak modua ematen duen herritarren hizkuntza eskubideak eta «hizkuntza plangintzaren segurtasun juridikoa» bermatzeko aurrerantzean ere.
Eta bi: jurisprudentzia «irmo, askotariko eta egiturazkoa» egotea lan eskaintza publikoetako euskara eskakizunen kontra. Alegia: epai irmo bat baino gehiago egotea; epai horiek administrazio publiko bati baino gehiagori eragitea; epaiak erreforma indarrean sartu ondoren onartutako eta lege esparru berriaren arabera egindako deialdiei, prozesuei eta erabakiei buruzkoak izatea; deuseztapenerako arrazoia ez izatea motibazioari, espedienteari, aurretiazko plangintzari, aplikazio administratibori edo lanpostuaren justifikazio funtzionalari dagokion akats jakin bat, baizik eta lege araudi berriaren «egiturazko nahikotasunik eza»; eta ez izatea «interpretazio judizial isolatu edo kontraesankor bat, edo goragoko instantzietan finkatu gabeko bat».
Eta ondorioztatzen badute lege aldaketa ez dela eraginkorra, zer? Erabaki dutenez, ondorioztatzen badute EAJren proposamenak ez duela «bere helburu nagusiak betetzeko egiturazko nahikotasunik», beste proposamen bat landuko dute. Hori egiteko orduan, oinarritzat hartuko dituzte bi hizkuntza ofizial dituzten beste autonomia erkidegoetako ereduak: Kataluniakoa eta Galiziakoa.
Bi herrialde horietan, administrazio publikoan lan egiteko ezinbestekoa da bi hizkuntza ofizialak jakitea, eta, funtsean, horixe jaso zuen EH Bilduk ere bere proposamenean. Horretaz gain, «funts bezala» hartuko dituzte beste hauek: «Euskadin metatutako esperientzia, euskal autogobernuaren marko juridiko eta instituzional propioa —bereziki une horretan indarrean dagoen estatutua—, euskararen normalizazioaren berezko arau esparrua, errealitate soziolinguistikoa, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren doktrina, jurisprudentziaren bilakaera, euskal administrazio publikoen gaitasun elebiduna eta herritarren hizkuntza eskubideak indartzeko baliagarriak izan daitezkeen bestelako erreferentziak».