Bukaeraraino tenkatu dute soka

Hainbat hilabetez ibili dira negoziatzen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren inguruan; hasieran, EAJk eta PSE-EEk adostu asmo zuten proposamena, baina, azkenean, EH Bildurekin egin dute ituna.

EAJren proposamena onartu zuen batzordea, Eusko Legebiltzarrean, ekainaren 12an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
EAJren proposamena onartu zuen batzordea, Eusko Legebiltzarrean, ekainaren 12an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko ekainaren 24a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Helburu bakarra: Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzea, murru bat jartzeko zenbait epaitegik funtzio publikoan aritzeko euskara eskakizunen aurka emandako epaiei. Horretarako, bi proposamen mahai gainean: EAJrena eta EH Bildurena. Eta urtebeteko prozesua: soka amaieraraino tenkatuta, EAJk eta EH Bilduk ados jartzea lortu eta EAJren proposamenak aurrera egin du, baldintza batzuk hitzartuta.

EH Bildu izan zen lehena proposamena aurkezten: iazko ekainean erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean. Oinarrian, ideia nagusi bat zuen: «Bi hizkuntza ofizialak ezagutzea izatea irizpide orokorra enplegu publikorako sarbidean». Euskara eta gaztelania. Irizpide hori, baina, malgua izatea nahi zuten, eta, kasuan-kasuan, administrazio publikoei aukera ematea salbuespenak ezartzeko.

Handik hamar bat egunera ailegatu zen EAJren proposamena. Zera jasotzen zuen: euskara eskakizunak galdegiteko derrigortasun indizea ezabatzea, eta erakunde bakoitzaren esku geratzea lan eskaintza publikoetan eskakizunak jartzea, baita horiek nolakoak izango diren ere. Hain zuzen, derrigortasun indizea deituaren bidez zehazten dute erakundeek zenbat lanpostutan egiaztatu behar den hizkuntza eskakizuna. Jeltzaleen ustez, horren gainean hainbat epailek egindako interpretazioak izan dira askotan euskararen normalizazioaren kontrako epaien abiaburua, eta, horregatik, lege erreformaren bidez, zera lortu nahi zuten: Euskal Enplegu Publikoaren Legean «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez aplikatzea.

Negoziazioak. Bilerak. Telefono deiak. PSE eta EAJ saiatu ziren proposamena elkarrekin aurkezten, baina ez ziren ados jarri, eta EAJk bere kasa lege erreforma aurkeztu izanak haserrea eragin zuen PSE-EEn. Horren erakusgarri Eusko Jaurlaritzak EAJren proposamena hobetsi zuenean izandako jarrera: PSE-EEko bost sailburuak abstenitu egin ziren.

Bi proposamenak urrian eraman zituzten Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, eta biak ala biak atera ziren aurrera: EH Bilduk jeltzaleen proposamenaren aldeko botoa eman zuen; jeltzaleak abstenitu egin ziren EH Bilduren proposamena bozkatu zutenean.

Bidea zabalik utzi zieten bi proposamenei, beraz, eta zenbait adituk eta eragilek ekarpenak egin zizkieten. Euskalgintzaren Kontseiluak, esaterako, eskatu zuen lanpostu publikoetarako «gutxienez gaztelerak duen estatusa» onartzea euskarari ere. Halaber, alderdiek ere negoziatzen jarraitu zuten. EAJk eta PSE-EEk elkarren artean bai; EH Bilduk, berriz, bazter uzten zutela salatu izan zuen. «Elkarren artean negoziatzea erabaki dute», esan zuen EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak.

Horiek horrela, EH Bilduk martxoaren bukaeran proposamen zehaztuago bat helarazi zien EAJri eta PSE-EEri. Entzungor egiten zietela salatu zuen orduan ere Aztiriak: «Euskararen beharrak eta haren segurtasun juridikoa erdigunean jarriko balira, EH Bildurekin hitz egiten arituko lirateke. Baina hori ez da gertatzen ari. Zergatik? Bada, beste interes batzuk dauzkatelako eta ez dituztelako azaleratu nahi alor honetan ere badituzten desadostasunak».

Apirilaren 30ean amaitu zen lege proposamenei zuzenketak ezartzeko epea. Alderdi batek eta besteak findu zituen proposamenak. EH Bilduk jaso zuen «nahitaezkoa» dela bi hizkuntza ofizialak «ezagutzea». Bestalde, «progresibotasun indizea» ere txertatu zuen, euskara eskakizuna zer lanpostutan geroratu daitekeen zehaztuta gera zedin. EAJk «derrigortasun geroratuaren figura» orokortzea proposatu zuen. «Zehazki, zuzenketak zera planteatzen du, administrazio publikoek hizkuntza profila duten lanpostuak ezarri ahal izatea, baina profil horren eskakizuna denboran geroratuta».

PSE-EEtik EH Bildura

Eta bat-batean, aldaketa. Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak hala esana zuen: «EAJren proposamen honekin ez dugu akordio posiblerik ikusten. Ezinezkoa da». Horiek horrela, maiatzaren hasieran Markel Olano EAJko legebiltzarkideak jakinarazi zuen PSE-EErekiko negoziazioak etenda zeudela eta elkartzeko eskaera egingo ziola EH Bilduri. Halaxe egin zuten.

Negoziazioari bidea zabaldu zioten, eta EH Bilduk ere keinua egin zion EAJri: ekainaren 8an Eusko Legebiltzarreko Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren lantaldeak bilera egin zuen, eta erabaki bat hartuta joan zen EH Bildu bilerara: jeltzaleen zuzenketak jatorrizko proposamenean txertatzearen gaineko bozketan abstenitzea, zuzenketek aurrera egin zezaten. Halatsu handik egun gutxira ere, ekainaren 12an: Eusko Legebiltzarreko Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordea elkartu zen, eta han ere EAJrena atera zen aurrera, EH Bilduren abstenituta; EH Bilduren proposamena, aldiz, bertan behera geratu zen.

EH Bilduk proposatuta, erdibideko zuzenketa bat adostu nahian ere aritu dira, baina EAJk ez du horretarako modurik eman. Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak iradoki zuen, azkenean, EH Bilduren jarrera zein izan zitekeen: esan zuen abstenitzeko prest zeudela, baina jeltzaleekin hitzartuta EAJren bidea «eraginkorra» ez dela egiaztatuz gero elkarlanean hasiko direla beste erreforma bat lantzen, EH Bilduren proposamenaren «oinarriak» ardatz hartuta. Azkenean, hilabeteetako sukalde lanaren fruitua gaur ikusi da: EH Bildu abstenitu egingo da, EAJren proposamenak egingo du aurrera, baina baldintzak hitzartuta: jeltzaleen testuak ez baditu xedeak betetzen, beste proposamen bat landuko dute, Kataluniako eta Galiziako ereduak «oinarritzat» hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA