Mamu bat dabil Euskal Herrian eta, bereziki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikan. Batzuentzat animalia mitologiko bat da, beste batzuek noizbait ikusi dute, eta zenbaitek beldurra diote; badaude, halaber, mamua leku guztietan ikusten dutenak, izua zabaltzeko. Mamu horrek EAJ-Bildu akordioa du izena, abertzaleen batasuna izenez ere ezaguna da, baina batzuek akordio identitario ezizen gutxiesgarria jarri diote. Eklipse baten maiztasunarekin ageri da, baina, politika lurtarrera itzulita, akordio hori gauzatzeko hipotesiak berak markatzen du eguneroko jarduera. Idealizazioa versus anatema, maldizioa: Mamua ez da mamu, errealitate baizik, alderdien arteko aliantza politikak baldintzatzen dituen neurrian.
Oraingoan, eklipsea partziala da. EAJk eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legearen inguruan eginiko hitzarmena Schroedingerren ituna da: akordiorik eza kudeatzen duen ituna. Jeltzaleak eta bilkideak oraindik ere ez baitira ados jarri legearen edukietan, enplegu publikoetan euskara bermatzeko moduetan. Baina bai helburu batzuetan, eta, alde horretatik, baliteke akordioa esangura politiko handikoa izatea; bien eta soilik bien arteko itun bat egitea ezohikoa baita, tabutzat jotako aliantza batzuk desaktibatu baititzake, eta PSE-EEk traizio mezu gisa uler baitezake.
Datorren urtean, hauteskundeak.