AEKk ehundik gora euskaltegi bete nahi ditu, herritarrek «euskara eroso ikasteko eta bizitzeko»

AEKk matrikulazio epea zabaldu du euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen ororentzat. Gogorarazi dute A1, A2 edo B1 maila egin nahi dutenek 120 euro besterik ez dutela ordaindu beharko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

AEKko ordezkariak, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
AEKko ordezkariak, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2026ko irailaren 2a
14:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da iraila. Iritsi da 2026-2027ko ikasturtea. Milaka euskal herritarrek erabakia hartuta edukiko dute: «Aurten, euskara ikasiko dut». Beste hainbat zalantzati egongo dira. AEK zain dute guztiek. Hain zuzen, gaur egin dute 2026-2027ko ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkezteko prentsaurrekoa, Donostian. Nabarmendu dute ehundik gora euskaltegi bete nahi dituztela aurten ere; matrikulazio epea zabalik dago jada.

Euskara eroso ikasi eta bizi. Horixe AEKk 2026-2027ko ikasturteko matrikulazio kanpainarako aukeratu duen leloa, aurreko ikasturteko berbera. Halere, iaz besaulki bat hautatu zuten kanpainarako; aurten, berriz, alfonbra bat. Aize Otaño AEKren Nazio Kontseiluko kideak eman du azalpena: «Alfonbra gonbidapen bat da euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat. Era berean, ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita ere bada». AEKk kalera atera nahi baitu euskara: «Euskara Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera gura dugu. Baina, hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko...».

Xedea ez baita nolanahikoa: Euskalgintzaren Kontseiluak zehaztuta dauka beste 300.000 euskaldun oso behar direla hamar urte barrurako. «Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntzea da», nabarmendu du Otañok. «Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sortzea da helburua; horixe dugu erronka, horixe dugu helburua, eta horixe da euskaltegion egitekoa».

Horretan ekarpena egingo du AEKk. Maialen Otegi Saez de Egilaz AEKko irakaskuntza arduradunak azaldu du matrikulazioa zabalik dagoela sareko euskaltegietan: «Erronkazaleak gara AEKn, eta hamarkada batean beste 120.000 euskaldun oso sortzea dugu erronka. Horri begira, AEKk ehun euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da».

Euskara ikastea erosoa eta eskuragarria izatea nahi dute, eta, hori lortzeko bidean, aurtengo ikasturtean bada nobedaderik. Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua jarriko du martxan. Haren bidez, A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek aukera izango dute lau urtean euskara ikasteko 120 euro bakarrik ordainduta. Gainera, aurreko ikasturtean A1 edo A2 maila egin eta Jaurlaritzaren diru laguntzak erabili zituztenek ez dute ezer ordaindu beharrik izango. Nafarroan ere «urrats bat» egingo dute doakotasunerako bidean: A1eko ikasleei ez ezik, A2ko ikasleei ere itzuliko diete matrikulatzean ordaindutakoa. 

50 urte

Aurtengoa, gainera, ikasturte berezia izango da AEKn. Izan ere, Otañok gogorarazi duenez, AEKk 50 urte baino gehiago daramatza Euskal Herria euskalduntzen, baina 1976-1977ko ikasturtea, duela 50 urtekoa, «esanguratsua» izan zen: «Ikasle kopurua %300 handitu zen, eta ikasle uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari. Indar handiagoa hartu zuen gizarte fenomeno moduan ere. Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen». Urteurren hori gogorarazi dute matrikulazio kanpainako kartelean eta bestelako euskarrietan ere. Eta nabarmendu du euskarak gaur egun ere behar dituela halako mugarriak: «Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarria. Bete ditzagun euskaltegiak».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA