Agaleus taldeak baimena lortu du Bilboko portuan hondakin planta bat eraikitzeko

Egitasmoa gauzatuko balitz, portura eramango lukete Bilboko Zorrotza auzoko Sader lantegiaren jarduera. Inguruko udalerriek ez dute begi onez ikusten proiektua, eta alegazioak aurkeztu zituzten.

Sader lantegia, Zorrotzan, itsasadarretik hartutako irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Sader lantegia, Zorrotzan, itsasadarretik hartutako irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko otsailaren 25a
09:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agaleus taldeak jakinarazi du ingurumen baimena lortu duela Bilboko portuan hondakinak tratatzeko planta bat eraikitzeko. Taldearen arabera, 20 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du egitasmoa gauzatzeko, eta ehun langile inguru izango ditu; gaineratu du horrek «bultzada handia» emango diola inguru horretako ekonomiari eta ingurumenari.

Bilboko Zorrotza auzoko Sader eta Profersa enpresen jabea da Agaleus taldea. Bi enpresa horiek oso kutsatzaileak dira, eta arazo ugari eman dituzte; Profersak, esaterako, isuria izan zuen 2024ko udaberrian. Auzokideek behin baino gehiagotan eskatu dute bi enpresa horiek Zorrotzatik ateratzeko; izan ere, ez dute ulertzen nolatan dauden hirigunean hain enpresa kutsagarriak.

Agaleus taldea aspalditik ari da arazoa konponduko duen irtenbide baten bila. Profersak ongarriak egiten ditu, eta hura behin betiko ixtea da taldearen asmoa. Sader, berriz, hondakinen tratamenduan aritzen da, eta horren jarduera Bilboko portura eraman nahi zuten, han hondakin planta bat eraikita.

Baina egitasmoak baditu aurkariak ere. Portuaren inguruko udalerriak ez daude pozik horrekin, eta, proiektua plazaratu zenean, hari alegazioak aurkeztu zizkioten Getxok, Santurtzik eta Zierbenak. Planta berria herriguneetatik oso hurbil egotea eta horrek herritarren ongizateari egin diezaiokeen kaltea dira udalerrien kezka nagusiak. Orain, baina, egitasmoak badu Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren oniritzia, eta horrek, Zorrotzan dagoen gatazka konpontzeko balio badezake ere, beste gatazka bat sor dezake aipatutako herrietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.