Sader eta Profersa enpresen lantegiak Zorrotzatik noiz aterako dituen zehazteko eskatu diote auzotarrek Bilboko Udalari

Salatu dute hamar urte direla Bilboko Udalak hitzarmen bat sinatu zuenetik Sader enpresarekin, hirigunean jarduera eten zezan.

Sader Profersa Kanpora plataformaren elkarretaratzea gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sader Profersa Kanpora plataformaren elkarretaratzea gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko ekainaren 12a
21:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahiago lukete fikzioa balitz, baina Sader Profersa Kanpora plataformako kideek bizi dutena egiazko «istorio amaigabe bat» da. Salatu dutenez, Bilboko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Sader enpresarekin duela hamar urte, enpresak jarduera amaitu zezan Zorrotza auzoan, eta oraindik ez da behin betiko datarik ezarri lantegia hirigunetik ateratzeko. Plataformak elkarretaratze bat egin du gaur arratsaldean, Bilboko udaletxearen parean, egoera salatzeko.

«Bilbo ikus-entzunezko lan askoren agertoki bihurtu da azken urteetan, baina bada inork ikusi nahi ez duen telesail bat: instituzioen utzikeria eta herritarren nekea azalarazten dituen istorio amaigabe bat. Ingurumen eta osasun larrialdi jasanezin batean murgilduta gaude oraindik. Duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen telesail hori», adierazi dute elkarretaratzean irakurri duten komunikatuan.

Saderrek lantegi bat du Zorrotza auzoan, eta Profersak beste bat. Profersak ongarriak egiten ditu, eta hondakin arriskutsuak tratatzen ditu Saderrek. Bi enpresak Agaleus taldekoak dira. Azken urteetan, Zorrotzako auzotarrak mobilizazioak eta sinadura bilketak egin dituzte jarduera horiek auzotik kanporatzeko, lantegiek sortzen duten kutsadura eta kiratsa dela eta. «Ez da industria abandonatu baten paisaia, ezta zinema dekoratua ere. Benetako jarduera bat da, arrisku handikoa, eta ondorio larriak dakartza biztanleriarentzat».

«Usain jasanezinagatik eta arnasa hartzeko aire garbiaren faltagatik 112ra egindako deiak egunerokoaren parte dira askorentzat»

SADER PROFERSA KANPORA

Plataformako kideek nabarmendu dute aire garbia arnastu nahi dutela eta beldurrik gabe ireki nahi dituztela etxeko leihoak. Hori dela eta, udalari eskatu diote behin betiko data bat ezar dezala Saderren eta Profersaren jarduera hirigunetik ateratzeko.

Saderrek joan den otsailean adierazi zuen baduela egitasmo bat Zorrotzako lantegia itxi eta Bilboko Portura beste proiektu bat eramateko, baina baimena lortzeko fasean zegoela. Proiektu horrek kontrako erreakzioak sortu ditu portuaren inguruko udaletan, eta haren bidea oraindik ez dago argi.

«Utzikeriaren» kronologia

Sader Profersa Kanpora taldeak labur azaldu du zer-nolako bilakaera izan duen auziak azken urteetan, eta, plataformaren esanetan, bilakaerak agerian uzten du erakundeen «utzikeria». Gogorarazi duenez, 2012an instituzio publikoak, enpresak eta kaltetutako bizilagunak biltzen zituen Usainen Mahaiak azken bilera egin zuen, baina «ez zuten gune egonkorrik sortu airearen kalitatearen inguruko jarraipena egiteko eta elkarrizketak izateko, eta bazter utzi zuten auzo elkarteek eskatutako osasun azterketa epidemiologikoak egitea». Handik hiru urtera, hitzarmen bat sinatu zuen Bilboko Udalak Sader enpresarekin, Zorrotzako jarduera amaitzeko prozesua bizkortze aldera. «Gaur-gaurkoz, konpromiso hori ez da bete».

Ordutik, bizilagunak hainbatetan mobilizatu dira enpresen jarduera auzotik kanpora eraman dezatela eskatzeko, baina ez dute erantzun argirik jaso. «Usain jasanezinagatik eta arnasa hartzeko aire garbiaren faltagatik 112ra egindako deiak egunerokoaren parte dira askorentzat», salatu dute.

Gaineratu dute Saderrek legez jaso zezakeen hondakin arriskutsuen kopurua gainditu zuela 2022 eta 2023 urteetan, eta 2024an bi istripu gertatu zirela Profersan. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak behin-behinean itxi zuen ongarri planta, maiatzean. Enpresak neurri batzuk hartu zituela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkeztu ondoren, lantegia berriz ireki zuen uztailean.

Dena den, inguruko bizilagunek salatu dute arazoak ez direla konpondu. «Azken ikuskapenek adierazi dute ez direla betetzen airearen, uraren eta lurzoruaren babes neurriak, eta hutsune larriak daudela prebentziorako eta hondakinen kudeaketarako neurriei dagokienez».

Nabarmendu dutenez, aste honetan bertan, Zorrotzako institutuko ikasleek zientzia herrikoiaren proiektu batean parte hartu eta frogatu dute beren geletako airea ez dela osasungarria. «Institutuan bertan!».

Berehalako neurriak behar direla ziurtatu dute. «Milaka lagun Zorrotzaurrera etorriko dira bizitzera, arrisku fokutik metro gutxira. Benetan norbaitek uste al du hori bateragarria dela osasunarekin? Egoera larria eta aldaketa premiazkoa den honetan, ez dugu ulertzen zergatik instituzioek ez duten oraindik esku hartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.