Abokatua

Anne-Marie Mendiburu: «Aginte politikoak Polizia erabiltzen du aldarrikapenak isilarazteko»

Atxiloaldi masiboak herritarrak beldurtzeko tresna direla salatu du Mendiburuk. Herritarrak «iratzarriko» direla espero du.

Anne-Marie Mendiburu abokatua, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Anne-Marie Mendiburu abokatua, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Leire Casamajou Elkegarai
Baiona
2026ko urriaren 30a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heldu den aste hasieran, Pierre U. salaketa jartzera lagunduko du Anne-Marie Mendiburu abokatuak, joan den urriaren 24ko manifestazioan pairatu zuen polizia indarkeriaren harira. Frantziako Estatuaren lerratze autoritarioa salatu du.

Zerk bultzatu zaituzte salaketa jartzera?

Nire bezeroa modu baketsuan ari zen manifestatzen urriaren 24ko mobilizazio sozialaren barnean, eta Poliziak justifikaziorik gabeko indarkeria erabili zuen haren kontra: bortizki bota zuten lurrera, makilaz jo zuten. Hamar egun baino gehiagoko lan geldialdia aitortu diote; horrek erran nahi du zauria franko larria dela. Eta hori modu baketsuan manifestatzen ari zelarik. Atzeman eta atxiloaldian sartu zuten, hainbat orduz atxiki zuten eskuburdinak jarrita, sorbaldan zauria izanik ere. Eta, ondoren, kargurik gabe askatu zuten. 

Funtsean, atxiloaldi bukaeran erran zioten albo kalte bat izan dela. Salaketa jartzearen helburua da, batetik, gertatu denari buruz egia azaleratzea. Eta, bestetik, manera bat da Poliziaren neurriz kanpoko indarkeria salatzeko, mutil gazte hau ez baitzen inorentzat arrisku. 

Arrangura agertu duzu Poliziaren indarkeriaren emendioaren testuinguru orokorrari begira. 

Uste dut aginte politikoak Polizia erabiltzen duela aldarrikapenak isilarazteko. Ez da Poliziaren rola. Manifestazio horietan esku hartzen dute jendearen gainera salto eginez. Segurtasun arloko gehiegikeria bat da. Testuinguru batean gaude, non erraten ari garen oinarrizko eskubideak, eta horien artean manifestatzeko eskubidea, eskubide erlatibo bat direla. Beraz, bai, biziki arranguratua naiz zuzenbide estatuaren lerratzeaz oharturik, nire iritziz erreala baita. 

Bada lege bat eztabaidan Frantziako Parlamentuan, hauste materialetatik hurbil dauden pertsonak zigortzeko modua eman lezakeena. 

Aginte autoritario bat boterera iritsiko balitz, ez luke deus egin beharko, lege esparrua hor baita jadanik. Bada lege bat aurreikusia, duela egun batzuk Senatuak ontzat eman zuen. Bortizkeriarik erabili ez duten pertsonen erantzukizun zibila auzitan ematea ahalbidetuko luke. Funtsean, jendeari manifestazioetan parte hartzea oztopatzeko modua da. Eta bada lege multzo oso bat, jende biltzeei buruz, edo maskara eramateko eskubidea kentzeari buruz; delitu bilakatu da. Ez dut dudarik demokrazia iliberal terminoa erabiltzeko. Zinezko lerratze bat da, zinezko beldur bat da demokraziarentzat. 

Zer espero duzu jurista gisa?

Espero dut jendeak kontzientzia hartuko duela, eta ez dituela sakrifikatuko oinarrizko eskubide batzuk ustezko segurtasun baten izenean. Adierazteko eskubidea, manifestatzeko eskubidea, gizarte demokratiko baten bermeak dira, eta ezin dira suntsitu ordena atxikitzearen izenean. Beraz, nolazpait, iratzarri behar da; ez da aitzinatu behar lerratze autoritario horretan. Gizakiak segurtasun beharra du; eskubide bat da. Baina askatasuna ere behar du, eta uste dut oreka hori hausten ari garela. 

Atxiloaldi masiboak deitoratu dituzu. 

Beldurtzeko erabiliak dira. Jendea atzematen dute bortizki, eta atxiloaldian sartzen dute, Baionan ikusi dugun gisara. Nire bezeroa kargurik gabe atera da. Frantzian 7.500 atxiloketa inguru gertatu ondotik, arras gutxik izan dute auzibidea. Atxiloaldia beldurtzeko erabilia da: lokal batean sartzen zaituzte, lokarriak kentzen dizkizute, gerrikoa; nonbait, zuri duintasuna kentzen dizute. Hori deskribatu du nire bezeroak: gau osoan ezin izan zuen lo egin, ez zioten estalkirik ere eman, oihuak entzuten ziren gau osoan. Metodo horiekin etorkizuneko herritarrak isiltzera hezten dituzte. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA