Abiadura handiko trenaren proiektua korapilatuta dago oraindik euskal Y-aren eta Nafarroako AHTaren arteko lotunean. Argitzeko dago bien arteko lotura Gasteizen egingo den ala Ezkion (Gipuzkoa), Aralar mendilerroa zulatuta, eta Espainiako Gobernuak ez du aukeren azterketari buruzko txostena prest izango gutxienez 2026ko udaberrira arte. Aldi berean, Bilbo, Donostia eta Gasteiz lotuko dituen euskal Y-an errailak jartzeko lanak prestatzen ari da Adif Espainiako tren azpiegituretarako enpresa publikoa. Gaur jakinarazi duenez, Gasteiz eta Bilbo artean lan horietarako eraikiko duen basearen proiektua kontratatu du. 900.000 euro ordaindu ditu.
Azaldu duenez, prozesua aurreratuagoa dago Gipuzkoako tartean. Lurralde horretan, errailak jartzeko eraikiko duen basearen lanak adjudikatuak ditu, eta enpresak kontratatua du errailak jartzeko lanen proiektua —obrak adjudikatu aurretiko urratsa da—.
Eraikiko dituen baseei buruzko zenbait datu eman ditu Adifek gaur zabaldu duen prentsa oharrean. Biltegi funtzioa beteko dute, eta, horrez gain, eraikuntza langileentzako bulegoak izango dituzte, baita beharrezko makineriarentzako aparkalekuak ere. Ez du zehaztu non jarriko dituzten.
Trenbidearen elektrifikazioari dagokionez, enpresak adierazi du euskal Y osoaren katenaria eraikitzeko lanen adjudikazioa prestatzen ari dela, eta prozesu hori «amaitzen» ari dela.
Amaitu gabeko tarteak
Euskal Y-an eraikitzeko falta diren tarteetan lanean jarraitzen duela nabarmendu du enpresak. Trenbidearen plataforma amaituta dago Bergara eta Donostia artean (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzak aurreratu zituen lanak eta haien finantzaketa, ondoren estatuari kupo bidez kobratzeko. Gainerako sarean, bost tarte falta dira egiteko. Horietatik hiru Bergarako lotuneari dagozkio.
Horrez gain, Adifek azaldu du lanean ari dela AHTaren Bilborako sarbidea eta hiriko tren geltokia berritzeko proiektuetan, eta Astigarraga eta Irun artean (Gipuzkoa) hirugarren erraila egiteko ere ari dela lanean; horrek balio beharko luke sistema iberiarreko trenbide zabaleraren eta zabalera estandarraren arteko egokitzapena egiteko. Azken lan horiekin batera, Irungo tren geltokia handitzeko lanetan aurrerapausoak ematen ari dela adierazi du Adifek.
Bestalde, azaldu du zenbait hitzarmen sinatu dituela Eusko Jaurlaritzarekin, tren geltoki berriak eraikitzeko Astigarragan eta Gasteizko Arkautiko lotunean, Gasteiztik Bilborako eta Donostiarako trenbideek bat egingo duten gunean.
Euskal Y-a Espainiako abiadura handiko sarearekin lotzeko lanak hasi gabe daude. Horretan ere lanean ari dela esan du Adifek. Gasteiz-Burgos linearen tarte baten obrak adjudikatzeko lanean ari dela ere esan du, baina ez du eperik zehaztu.