ETAz mintzatzeak «Iparraldean ez du balio politikoki»

Ipar Euskal Herrian ez da sumatzen indarkeria garaien erabilpen politikorik abertzaleen kontra egiteko. Gatazkaren intentsitatea eta konponbide prozesuan izandako parte hartzea izan daitezke arrazoietako bi.

Etxegarai, Espagnac, Ezenarro eta Brisson, Aieteko Konferentzian, 2011ko urrian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Etxegarai, Espagnac, Ezenarro eta Brisson, Aieteko Konferentzian, 2011ko urrian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Antton Rouget Mediapart-eko kazetariak bonbak jartzen zituen, eta Frantziako banderak erauzten zituen ETA talde terroristako kide zen». Laurent Jacobelli RN Batasun Nazionaleko diputatuak egin zituen adierazpenok, urriaren 4an, Frantziako LCI telebista katean. Egun batzuk lehenago ikerketa zabal bat plazaratu zuen Rougetek, eta Jordan Bardella RNko presidenteak gaztetan egin zituen idatzi antisemitak argitara eman. Ezin zutenez edukia ukatu, kazetariaren kontra egin zuten eskuin muturreko militanteek. Izan ere, Rouget atxilo hartu zuten 2009ko azaroaren 11n, Segi gazte antolakundeko beste kide batzuekin batera Lehen Mundu Gerrako oroigarri batetik Frantziako bandera lapurtzeagatik. Hego Euskal Herrian eta Espainian ohikoa da Segi ETArekin lotzea. Jacobelliren adierazpenen ondotik, ordea, Colette Capdevielle PSko diputatuak kazetaria defendatu zuen, eta eskuin muturraren «difamazioa» gaitzetsi. «Antton Rouget ez da sekula ETAko kidea izan». 

Urri hasieran gertatua anekdota bat da, baina deigarria; eta balio du aztertzeko zer diferentzia dagoen Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean, Frantziako eta Espainiako Estatuen artean, ETAren mamuaren erabilpenari dagokionez. Rougeti egindako akusazioak oihartzun txikia izan zuen, eta ez zuen jarraipenik izan. Baina, oro har, Ipar Euskal Herriko eztabaida politikoan ere aspalditik desagertu dira mugimendu abertzalea bortizkeria politikoarekin lotzen duten adierazpenak. Bixente Vrignon Ici Pays Basque irratiko erredaktoreburuordeak argi du arrazoia: «Politikoki ez du balio», ebatzi du. «Ez dute erabiltzen, ez baitu ondoriorik frantses publikoarentzat. Paristar bati edo bordeles bati IK edo ETA aipatzen badiozu, erreferentzia galdua du».

Preseski, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen historia landu zuen Vrignonek, bereziki 1970eko eta 1980ko hamarkadetakoa, baina azken urteetako bilakaeraren lekuko ere izan da kazetari gisara. Ipar Euskal Herrian atentatuak zeuden garaian abertzaleei bortizkeria politikoarekin lotuak egotea leporatu bazitzaien ere, auziak bestelako dimentsio bat izan duela uste du. «Politikoki eta hauteskundeei loturik, garai hartan abertzaleek ez zuten nehor beldurtzen. [Bortizkeriarekin lotzen zituztenen] Xedea gehiago zen erakustea haiek zirela ordena atxikitzen zuten alderdietakoak», esplikatu du. «Baina joera horrek ez du sekula izan Hegoaldean izan duen bortizkeria; han agertzen dituzten akusazioak, hitzak, irainak. Hemen ez da nehor presondegiratua edo kondenatua izan mugimendu politiko bateko kide izateagatik edo hauteskundeetan parte hartzeagatik». Kondena eskaerak izan dira abertzaleei begira, baina aspaldi desagertuak dira. «Alderantziz, azkenaldian hainbat hedabidetako eta sare sozialetako kontuetan ikus daitezke frantses profil batzuen komentarioak 'IKren garaian ez zen holakorik gertatuko' erranez».

Txomin Olhagarainren muralaren alde egindako protesta, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU
Txomin Olhagarairen margolanaren alde egindako protesta, Itsasun. GUILLAUME FAUVEAU

Funtsean, bortizkeria politikoaren historia ere desberdina izan zen Ipar Euskal Herrian. «Jendarmea ez da guardia zibila; Frantziako Polizia ez da Espainiako Polizia. Eta intentsitatea ere desberdina izan da. Izan ziren urte gogor batzuk, baina 1980ko hamarkadaren bukaeratik izan diren ekintza armatuek ez dute hildakorik eragin, oker ez banago». Frantzian, bortizkeria politikoa aipatzean, gehiago begiratzen da Korsika aldera. 

Aietetik denak batera

Ezberdintasun nagusia gatazkaren konponbide prozesuaren kudeaketa da, Vrignonen iduriko. Izan ere, Ipar Euskal Herrian, indar politiko nagusiak batera aritu ziren Aieteko Nazioarteko Konferentziatik landa. «Hegoaldean ez da etenik izan: badu berrogei urte 'ETAren bortizkeria', 'bortitza', 'biolentoak'... aipatzen dituztela. Hemen moztura bat izan da, eta denek parte hartu dute Aieteko prozesuan. Orain zaila zaie gibel egitea». Hauteskunde kanpainan, EH Bairi kritika gogorra egin zioten Max Brisson LRko senatariak eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidenteak, baina ez zuten bortizkeria armaturik aipatu; ezker muturrarekin lotu zituzten. «Frantziako politikan bortizkeria LFIrekin lotzen da; horiek dira txorimalo gisara erabiliak».

Irail hasieran Txomin Olhagarairen margolanaren inguruan izandako eztabaidari ere egin dio erreferentzia Vrignonek. «Izan da gatazka, izan da polemika, baina iruditzen zait izan diren adierazpenak errespetuzkoak izan direla oro har. Kontrakoek margolana gaitzetsi dute, biktimen sufrikarioa errespetatzea galdegin, baina ez diote leporatu Itsasuko auzapezari hiltzailea izatea; ez da halako irainik. Politika ez da berdin egiten Ipar Euskal Herrian».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA