Aireportuen ituna urrutirago eramanez gero, «epaitegietara iritsiko zen», Santanoren ustez

Espainiako Garraio arloko estatu idazkariak esan du espero duela AHTaren ibilbidearen erabakia 2026. urtea amaitu aurretik hartu ahal izatea.

Jose Antonio Santano, artxiboko argazki batean. JAVIER CEBOLLADA / EFE
Jose Antonio Santano, artxiboko argazki batean. JAVIER CEBOLLADA / EFE
xabier martin
2026ko apirilaren 10a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Garraio arloko estatu idazkari Jose Antonio Santanok ziurtatu du Arabako (Foronda), Bizkaiko (Loiu) eta Gipuzkoako (Hondarribia) aireportuen inguruan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egin duten ituna dela akordiorik onena, «posible dena» jaso duelako, «eskumenen egungo arautegiaren barruan».

Martxoaren 28an, zazpi transferentziaren inguruko akordioa egin zuten, Madrilen, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta, zazpien artean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aireportuei dagokienak piztu du arretarik handiena. Jaurlaritzak eta EAJk iragarri zuten «oso garrantzitsua» dela hitzareman, baina PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, Espainiako Garraio Ministerioak eta AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa enpresak itunaren mugak azpimarratu zituzten.

Itun horren arabera, Jaurlaritzak ez du «eskumen exekutiborik» izango aireportuen kudeaketan, eta ez du eragingo AENAren funtzionamenduan. Dora III planari dagokionez, organo berriak bi erakundeen arteko «adostasuna» lukeen txosten bat egin ahalko luke, baina ez litzateke «loteslea». Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Santanok esan du aireportuen akordioa «epaitegietara» iritsiko zela urrutirago eramanez gero.

EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek kritikatu egin zuen Irungo alkate ohia, aireportuen eskumena negoziatzeko prozesua martxan zela; Garraioko estatu idazkaria euskal herritarra izanda, haren jarrera ulertezina egin zaio Estebani. «Pertsonalki, mindu egin naute kritika horiek, eta harritu ere bai», esan du Santanok, eta ziurtatu «ahalegin oso handia» egin duela transferentziak arazo juridikorik eta ekonomikorik eragin ez dezan. «Legearen barruan, ahalik eta urrutien iritsi gara».

Pasaiako portua eta AHTa

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu dezaketen hurrengo transferentzia Pasaiako portuarena da. Pradales buru duen administrazioak sarritan azaldu du zera nahi duela: Madrilek bertan behera uztea Pasaiako portuak gaur egun duen interes orokorreko sailkapena; modu horretan, Gipuzkoako portu nagusian gaur egun egin ezin diren inbertsioak bultzatuko lituzkete, Jaurlaritzaren esanetan.

PSE-EE, ordea, aurka azaldu da erabat. Santanok berak esplikatu du interes orokorreko portuek «beste indar bat» dutela, «ekonomiari eta enpleguari begira», eta indar hori ez dutela interes orokorrekoak ez direnek.

«Pasaiako portuaren desklasifikazioa oso ondo aztertu behar da arlo juridikoan, horrek eragin argia baitauka Portuen Legeak ezartzen duen irizpidean»

JOSE ANTONIO SANTANO Espainiako Garraio arloko estatu idazkaria

Edonola ere, Santanok uste du Madril eta Jaurlaritza ados jarriko direla portuen eskumenaren inguruan. Garraio Ministerioa Jaurlaritzaren proposamen zehatzaren zain dagoela berretsi du estatu idazkariak, baina Jaurlaritza, era berean, PSE-EEren proposamen jakin baten zain dago. Martxoaren bukaeran, Anduezak iragarri zuen Pasaiako portuaren «desklasifikazioa alde batera utzita, akordioa ahalbidetuko duen proposamena» egingo diola Pradales lehendakariari. «Pasaiako portuaren desklasifikazioa oso ondo aztertu behar da arlo juridikoan», ohartarazi du Santanok, «horrek eragin argia baitauka Portuen Legeak ezartzen duen irizpidean».

Espainiako Garraio Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak adosteko daukaten beste eduki handia AHTaren ibilbidearen ingurukoa da. Jokoan dago Nafarroak eta Gipuzkoak zuzeneko lotura izango duten ala Gasteiztik igarota lotu beharko diren, eta Gipuzkoako agintari nagusiek oso irmo azaldu dute Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) ibilbidea baizik ezin dutela onartu gai horretan, edo haren antzeko ibilbide bat agian, Altsasu ingurutik (Nafarroa) Gipuzkoa aldera eginda, Aralar bete-betean ez zeharkatzeko.

Bada, Santanok esan du erabaki handi hori posible dela 2026a bukatu aurretik hartzea; hala espero du estatu idazkariak, bederen. Madrilek katak egin behar ditu Aralarko zenbait lekutan, eta, besteak beste lan horien emaitzak kontuan hartuta, txosten juridiko osatu bat eduki behar du esku artean, deliberatzeko bide merkeenaren alde (Gasteiz) edo garestienaren alde (Ezkio) egingo den. «Pena ematen dit auzi hau galtzaile-irabazle terminoetan planteatu izanak», esan du Santanok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA