Niko Etxartek kantatzen duenez, itzala ez da beltza; itzala grisa da. Eta Imanol Pradalesen eta Pedro Sanchezen arteko tratuak ere halakoxeak bihurtu dira azkenaldian: ez beltzak, ez zuriak. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Espainiako Gobernuko presidentea zazpigarren aldiz elkartu dira gaur, eta, beste zazpi eskumenen transferentzia hitzartu arren, tartean aireportuen kudeaketan parte hartzea, lortu dituzten akordioek eta lortu ez dituztenek erakusten dute erdibideko puntu horrekin konformatu besterik ez dutela. Segurtasunean akordio «oso garrantzitsuak» egin dituztela nabarmendu ditu lehendakariak, esaterako, baina migrazioari dagokionez ez du eskatzen zuena lortu.
Ikusi gehiago
Bi gobernuburuak urtarrilean bildu ziren azkenekoz; Aste Santua baino lehen berriro elkartzeko konpromisoa berretsi zuten orduan, eta hala izan da. Bi orduz, hainbat gai jorratu dituzte bi agintariek, euren gobernuetako hainbat ordezkarirekin batera, eta Transferentzien Batzorde Mistoa izan ez arren, Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenez ere hitz egin dute. Hain justu ere, aireportuen arloan ituna ixtea espero zen, eta hala egin dute.
Bi agintariek oniritzia eman diote «lankidetza, koordinazio eta kudeaketarako aldebiko organoa» sortzeari, Jaurlaritzak «parte hartu» dezan Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuen kudeaketan. Pradalesen arabera, horri esker EAEko erakundeek hiru aireportuen inbertsioetan eta horiek definitzeko planetan «eragin» ahal izango dute. Ez du xehetasunetan sartu nahi izan, ordea, eta ez du argitu Jaurlaritzak eskatzen zuen «erabaki ahalmena» zenbaterainokoa izango den.
Lehendakariak azpimarratu du organo berri horrekin hiru aireportuen gaitasunak «hobetzea eta bultzatzea» izango dutela xede, nagusiki konektibitateari eta zerbitzuari dagokionez. «Gaur arte, Euskadik ez zuen ez hitzik ez botorik aireportuen arloan. Akordio honekin, Euskadi euskal aireportuei eragiten dieten erabakietan parte hartzen hasi ahal izango da». Transferentzien Batzorde Mistoan berretsi beharko da ituna, eta orduan ikusiko da letra txikia zein den.
«Gaur arte, Euskadik ez zuen ez hitzik ez botorik aireportuen arloan. Akordio honekin, Euskadi euskal aireportuei eragiten dieten erabakietan parte hartzen hasi ahal izango da»
IMANOL PRADALESÂ Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Horrez gain, beste sei eskumen txikiago eskualdatzeko ituna ere egin dute. Hauek dira: nekazaritza aseguruak kontratatzeko diru laguntzen kudeaketarena, arrantza ikuskaritzarena —barneko nahiz kanpoko uretan—, segurtasun pribatuaren arloan prestakuntza ematearena, eta trafiko gidabaimenen osasun azterketena. Baita asteon aurreratutako biak ere: Finantzen Euskal Institutuak Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO) eta Cofides sozietate publiko-pribatuaren eginkizunak ordezkatzekoa eta enpresa txiki eta ertainen finantzaketari lotutakoa.
Estatutua osatzeko EAJk jarritako epemuga aspaldi gainditu bazuten ere, akordioak urrun dirudi pisu handiagoa duten eskuduntzetan: Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoarenean eta portuenean. Lehendakariak aitortu du transferentzia horiek «konplexuak» direla, baina «ahalik eta exijentzia eta konpromiso handiena» eskatu dio Sanchezen gobernuari horiei heltzeko. «Ez dugu amore emango. Emandako hitza betetzeko eta Euskadiren interesak defendatzeko behar den guztia egiten, lantzen eta negoziatzen jarraituko dugu», hitzeman du.
Segurtasuna lehentasun
Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak alde batera utzita, bileran beste gai batzuk nabarmendu dira gehiago. Segurtasunaren arloan, esaterako, hiru akordio erdietsi dituzte bi agintariek: arma zuriak eramateari buruzko zigor araubidea «zorroztea eta indartzea», delitu errepikatzaileen kasuetarako araudia aldatzea, eta Ertzaintzak atzerritartasun auzietan parte hartze «operatiboki baliagarria» izatea.
Pradalesek azaldu duenez, delituak errepikatzen diren kasuetarako araudian aldaketak sustatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako Espainiako Gobernuaren babesa du. Xedea litzateke, lehendakariaren esanetan, «oraindik epai irmorik ez duten baina delituak egiten jarraitzen dutenen arazoari eraginkortasunez erantzutea». Ertzaintzaren eskumen berriei dagokienez, berriz, atzerritarren arloan parte hartze sendoago bat izatearekin batera, Polizia hari krimen antolatuaren aurkako Europako datu baseetarako sarbidea emango zaio.

Lehendakariak lehentasuntzat zeuzkan gaietako bat zen segurtasunarena, migrazioarekin batera. Baina, aurrenekoarekin ez bezala, azken horri dagokionez ez du nahi zuena lortu. Euskal Autonomia Erkidegoa «iparraldeko muga» izendatzeko eskaria aspaldi egina dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, baina oraingo honetan ere Madrilek ez du aintzat hartu. Hori dela eta, beste proposamen bat egin dio Pradalesek: aldebiko azpibatzorde bat sortzea proposatu dio, «gaia aztertu eta bideratzeko». Jaurlaritzak migrazioaren alorreko «gaitasun politiko berriak» nahi ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Proposamen gehiago
Ekialde Hurbileko gerra ere hartu dute hizpide bi agintariek bileran, halabeharrez. Lehendakariak eskerrak eman dizkio Sanchezi Jaurlaritzak aurkeztutako proposamen gehienak sartu zituelako krisiaren ondorioei aurre egiteko neurrien dekretuan. Baina neurri gehiago eskatu dizkio, «ugaritze efektua» lortu ahal izateko. Izan ere, Pradalesek ohartarazi du gerraren ondorioak jada agerikoak direla EAEko ekonomian eta herritarren «poltsikoetan».
Argindarraren garestitzea da eragin handiena duten ondorioetako bat, batez ere enpresentzat. Bada, energia kostua arintzeko neurriak eskatu dizkio Espainiako Gobernuko presidenteari. Madrilek atzo onartu zuen dekretuan jasotakoak «egiturazko» bilakatzeko eskatu dio, hain zuzen ere euskal enpresak Europako beste herrialde batzuetako enpresekin «baldintza berberetan lehiatu ahal izan daitezen».
«Ez dugu amore emango. Emandako hitza betetzeko eta Euskadiren interesak defendatzeko behar den guztia egiten, lantzen eta negoziatzen jarraituko dugu»
IMANOL PRADALESÂ Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Horrez gain, berriro eskatu dio EAE industriaren azelerazio eremu izendatzeko. Asteon egin dio eskari hori Pradalesek, eta gaur berriro egin dio, ekonomia eta industria nagusiki «babesten eta bultzatzen» lagunduko duelakoan. Izan ere, izendapen horrek eragina du industria bultzatzeko laguntzak bideratzeko irizpideetan, Europako Batasuneko lege berrian jaso dutenez.
Era berean, lehen sektorerako beste neurri sorta bat ere proposatu dio. Arrainaren eta haragiaren BEZ zerga %10etik %4ra murriztea da horietako bat. Lehendakariaren hitzetan, neurri hori lagungarria litzateke jaki horien kontsumoa «sustatzeko» eta erosketa saskia «merkatzeko». Azkenik, medikuen grebaren inguruan duen kezka ere berretsi dio lehendakariak Sanchezi, eta eskatu dio negoziatu dezala sindikatuekin lan gatazkari amaiera emateko.
Kontuak kontu, urtarrilean emandako luzapenak luzatzen jarraitzen badu ere, Pradales «nahiko pozik» atera da bileratik. Amaitutzat eman du orduan zehaztutako «bi faseetatik» lehenengoa, jarritako konpromisoen betetze maila erdipurdikoa izan bada ere. Bigarren faseari ekingo diote orain, eta uztailera arte iraungo du. Orduan bilduko da berriz aldebiko batzordea, eta lehendakariak azpimarratu du gogotik lan egin beharko dutela akordio gehiago lortu nahi badituzte.