Ezbaian dago aireportuen inguruko akordioaren benetako gaitasuna

EAJk esan du «ezinezkoa zirudiena» lortu duela, eta Espainiako Gobernuak, berriz, «interes orokorreko aireportuen eskumen esklusiboa» Espainiako Estatuarena dela.

Hegazkin bat lur hartzen Loiuko aireportuan, haize bortitzarekin. MIGUEL TOÑA / EFE
Hegazkin bat lur hartzen Loiuko aireportuan, haize bortitzarekin. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2026ko martxoaren 28a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpi transferentziaren inguruko akordioa egin zuten atzo Madrilen, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta, horien guztien artean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aireportuei dagokienak eskuratu du arreta azken orduetan, itun horren benetako gaitasunaren inguruan zalantza piztu baita.

Jaurlaritzak eta EAJk berak iragarri dute akordioa «oso garrantzitsua» dela, eta, «lankidetza, koordinazio eta kudeaketarako aldebiko organoaren» bitartez, Jaurlaritzak Forondako (Araba), Loiuko (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuen inbertsioetan eta horiek definitzeko planetan «eragin» ahal izango dutela. Baina hitz horiekin ez daude ados Espainiako Garraio Ministerioa eta AENA bera (Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa). Ministerioak atzo erantzun zuen adostu den organo berriak ez duela «eskumen exekutiborik» eta ez duela «inolaz ere» AENAren funtzionamenduan eragingo, ezta haren «kudeaketarako autonomia aldatuko» ere.

Hori horrela, aireportuen eskumenaren inguruan Madrilek eta Gasteizek adostutakoari esanahi desberdina ematen ari dira EAJ eta PSE-EE. Jeltzaleek lortutakoaren garrantzia azpimarratu dute, eta sozialistek, aldiz, akordioa sinatu aurretik ere, ohartarazi zuten aireportuen inguruan egin zitekeen transferentzia «oso mugatua» izango zela, eta horrela azaldu behar dela, «aurreikuspenak puztu gabe».

AENAren erreakzioa

Bada, gaur bertan, EAJren EBBko presidente Aitor Esteban harro azaldu da «ezinezko zirudiena» lortu duelako EAJk: «Euskadik erabakitzeko gaitasuna izango du aireportuen kudeaketan». Estebanek ziurtatu du gai garrantzitsuak daudela egin berri duten akordioaren oinarrian: «Gure gaitasun politikoak zabaldu ditugu, Gernikako Estatutua lortzeko urratsak egin baititugu beste zazpi eskumenetan; horrez gain, akordioetan industria eta segurtasun neurriak sartzen dira, herritarren kezka nagusietako batzuk egoera zail honetan».

Alabaina, Eusko Jaurlaritzak aireportuen kudeaketan erabakitzeko gaitasuna izango duelako baieztapena ez dator bat Garraio Ministerioaren eta AENAren ohartarazpenekin. Ministerioak dio Jaurlaritzak ez duela «eskumen exekutiborik» izango aireportuen kudeaketan eta ez duela AENAren funtzionamenduan eragingo. Dora III planari dagokionez ere, organo berriak bi erakundeen arteko «adostasuna» lukeen txosten bat egin ahalko luke, baina hura ez litzateke «loteslea».

Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako ohar batean —norabide berean egindako bigarrena—, Garraio Ministerioak esandakoei erreparatu die AENAk, eta gogoratu du «interes orokorreko aireportuen eskumen esklusiboa» Espainiako Estatuarena dela. Halere, kezka azaldu du Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpenak direla eta, uste baitu esandakoak egia balira legea urratuko litzatekeela.

Horiek hala, operadoreak bere aholkulari juridikoei eskatuko die Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko ituna aztertzeko, eta, beharrezkoa balitz, prest da neurriak hartzeko: «AENAren interesak eta sozietatearen eta hartzekodun guztien eskubideak defendatzeko».

Andueza: «Kudeaketa estatuarena da»

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, berriz, lasai egoteko eskatu dio enpresari: «AENAk ederki daki zein den akordioaren edukia: kudeaketa estatuarena soilik dela. Lasai egon daitezke, akordioa legearen barruan baitago». Atzo Pradalesek esanak txarretsi ditu Anduezak, eta eskatu itunari «garrantzi handirik» ez emateko: «Lehendakariak esandakoa gorabehera, akordioa agerikoa da, eta Euskadik ez ditu aireportuak kudeatuko».

Ez da Anduezak halako adierazpenak egiten dituen lehen aldia. Maria Ubarretxena Jaurlaritzako Autogobernu sailburuak aurreakordioaren berri eman zuenean, Anduezak balizko itunaren inguruan «gehiegi aurreratzea» egotzi zion, eta gauza bera berretsi du gaur: «Ez dira espektatibak bete, noski, legea bete behar delako». Hala, berretsi du aireportuen kudeaketa Espainiaren eskumena izango dela aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!