Auzitegiak

Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu dituzte

Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko kaleetan elkartasuna erakusteko

jarraia233445.jpg
Unai Etxenausia - Edu Lartzanguren
2023ko irailaren 30a
17:39
Entzun

Bi gazteak atxilotu dituzte ertzainek, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria dien eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen lau urteko kartzela zigorra betearazteko. Espetxeratzeko aginduaren borondatezko epea gaindituta dute bi gazteek; Gasteizko Gobernu Militarrean agertu dira 17:00etan. Jendea eraikinera gerturatu da, eta Polizia agertu da ondoren. Gazte biak, zehazki, eraikineko balkoi nagusian agertu dira.

Eraikinean sartu dira ertzainak, eta atxilotu egin dituzte minutu batzuen buruan. Ertzainen ibilgailu batean eraman dituzte ondoren. Gobernu Militarra ertzainez inguratuta egon da bi gazteak atxilotu artean, eta eta jendea erruz bildu da Leizaola plazan; ehunka lagun bildu dira, gazteei babesa ematera, kamiseta urdinak soinean. 18:30ean hastekoa zen manifestazio nazionala atzeratu egin da, baina egiteko asmoa azaldu dute antolatzaileek.

«Herriak ez du barkatuko»; «Aupa, bikote, zuekin gaude»... oihu artean agurtu dituzte Barbado eta Zelaia plazan zeudenek. Tentsio uneak bizi izan ziren agenteen eta elkarretaratuen artean. Azkar baretu da egoera, baina, eta Artiumera joan da jendea beste manifestariekin biltzera. Milaka lagunek egin dute Artiumetik Foru plazarainoko bidea, Euskal Herriak Aurrera lelopean. Ikurrinek eta Nafarroako banderek apaindu zuten manifestazioa. Aldarri oihuek ez zuten etenik izan ibilbide osoan zehar.

Duela bi aste Ankerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuenez, irailaren 15ean espetxeratze agindu bana jasota, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek hamar eguneko epea zuten borondatez kartzelan sartzeko. Epea agortuta, ez ziren espetxean aurkeztu; beraz, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua martxan jartzeko arriskuan zeuden biak.

18:30ean, Gasteizko Artium Museotik abiatzekoa zen bi gazteen aldeko manifestazio nazionala, Euskal Herriak aurrera! lelopean.

Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari Denis Itxasok, bere aldatik, salatu du gaur Gasteizko Gobernu Militarrean bi gazteak «indarrez» sartu izana, eta «errespetua» eskatu du instituzioentzat.

Zelaia eta Barbado afera

2021eko otsailean launa urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, «lehergailuak egiteko materiala edukitzea» leporatuta. Epaiketa egin aurretik espetxean egon ziren biak, 2019ko otsailaren 8an Ertzaintzak atxilotu ostean. Urte hartako uztailean askatu zituzten, baldintzapean, eta 6.000 euroko bermea ordaindu ostean.

2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, Madrilen. Hasieran, Jose Perals fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat, «helburu terroristarekin» aritu zirelakoan. Defentsak errugabetzeko eskatu zuen, frogak «lausoak» zirela argudiatuta, eta epaiketa bera «lekuz kanpo» zegoelako, ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik hamar urte igaroak zirelako, eta hiru desegin zenetik.

Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Carmen-Paloma Gonzalezek sinatu zuten sentzentzian, azkenean, «lehergaiak egiteko materiala eduki eta erabiltzeagatik» zigortu zituzten.

Akusazioaren oinarrian Ertzaintzaren txosten bat egon zen. 2018an Ertzaintzak Duranako (Araba) industrialde batean bidoi bat aurkitu zuela adierazi zuten horretan. Barruan, «lehergailuak egiteko hainbat objektu» zeudela azaldu zuten txostenean, eta Barbado eta Zelaiaren hartz markak eta DNA. Auzitegiak frogatutzat eman zuen bidoia bi gazteek erabili zutela 2014an eta 2015ean, «kale borrokako ekintzak» egiteko materiala gordetzeko.

Aitor Zelaiaren etxean topatutako motxila baten edukiak froga gisa aurkeztu zuen Ertzaintzak. Horretan bridak, eskularruak, walkie-talkieak, sakelako telefonoak eta zinta amerikarra zeuden, eta Ertzaintzak «kale borrokarako motxila bat» zela argudiatu zuen. Zelaiak esan zuen material hori Hatortxu Rock jaialdian muntatzeko erabili zuela, eta lekuko batek baieztatu egin zuen.

Epaiketan, bi gazteek azaldu zuten ezker abertzaleko kidetzat zituztela euren buruak. Esan zutenez, bat egin zuten ETAk armak uzteko hartutako erabakiarekin. Baina epaileek ez zuten hori aintzat hartu.

Ebazpena jakin zenean, zigorra «azpijoko polizial batean» oinarritzen zela esan zuen EH Bilduk, eta Ertzaintzak horretan «parte hartze zuzena» izan zuela salatu zuen. Koalizioak nabarmendu zuen Espainiako Auzitegi Nazionala «denboraz eta lekuz kanpo dagoen salbuespenezko epaitegia» zela, eta gogoratu zuen gazteak zigortu zituen Murillo epailea zigortu egin zuela Estrasburgoko Auzitegiak Bateragune auzian inpartzialtasunik ez edukitzeagatik.

Zigorra jaso ostean, «militante politiko izateagatik zigortu nahi gaituzte» adierazi zuten Barbadok eta Zelaiak, BERRIAri emaniko elkarrizketan.

Euren kontrako operazioa EAJk eta Ertzaintzak abiatu zutela adierazi zuen Barbadok. Epaiketan euren jardun politikoari buruzko «milaka orri» aurkeztu zituztela, baina «oso gutxi aurkitutako zuloaren inguruan».

ETAk jarduera armatua utzi zuenez, eurak «terrorismoarengatik» zigortzerik izan ez zutela nabarmendu dute, baina ohartarazi dute ebazpenean «terrorismo indibiduala» aipatu zutela, eta «horrek bide ematen duela herri eta gazte mugimenduko edozein protesta edo ekintza, inolako erakunderik egon gabe, terrorismo» gisa izendatzeko.

Iazko maiatzean, Guardia Zibilak «kolaboratzeko» eskatu ziola salatu zuen Barbadok. Gazte mugimenduaren inguruko gauzak kontatuz gero, epaitegietan lagunduko ziotela esan zioten.

Aurtengo maiatzean, launa urteko espetxe zigorra berretsi zien Auzitegi Gorenak.

Mobilizazioak

Azken egunotan mobilizazio ugari egin dituzte bi gazteren alde, eta kartzelan sartzeko aginduaren kontra.

Irailaren 18an, gazteen aldeko elkartasun martxetan ehunka lagun bildu ziren Agurainen, Amurrion eta Gasteizen, Ankerkeriari Stop plataformak deituta.

Eta sei egun geroago, irailaren 22an, Ernaik protesta egin du Bilbon eta Gasteizen. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzari eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzari kateatu zitzaien hainbat gazte. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen Arabako hiriburuko protestan, eta, guztira ehun pertsona baino gehiago identifikatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.