Akordioa lortu dute Osasunbideak eta gehiengo sindikalak, «osasun sistema indartzeko eta lan baldintzak hobetzeko xedez»

LAB, Satse, UGT, SAE eta Afapna sindikatuek sinatu dute akordioa. Jaso dituzten neurrien artean daude 120 langile kontratatzea eta 55 urtez gorakoak gaueko txandetatik libratzea. Hamabost milioi euroren inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak.

LAB, Satse, SAE, UGT eta Afapna sindikatuetako ordezkariak, gaur, akordioa iragartzeko agerraldian. BERRIA
LAB, Satse, SAE, UGT eta Afapna sindikatuetako ordezkariak, gaur, akordioa iragartzeko agerraldian. BERRIA
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 23a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ituna izenpetu dute Osasunbideak eta Nafarroako Osasun Mahaian gehiengoa duten bost sindikatuk —LABek, Satsek, SAEk, UGTk eta Afapnak—, «osasun sistema publikoa indartzeko eta lan baldintzak hobetzeko». Hala adierazi dute sinatzaileek, gaur goizean Iruñean egin duten agerraldian. Hona akordioan jaso dituzten konpromisoetako batzuk: lantaldeak indartzea, 120 profesional gehiago kontratatuta; kontratu partziala dutenei lanaldia borondatez luzatzeko aukera ematea; erraztasunak ematea 55 urtetik gorako langileak gaueko txandetatik salbuesteko; aparteko lanorduak konpentsatzea; eta formakuntzarako sarbidea erraztea.

Akordioa «hilabeteetako negoziazio baten fruitua» dela nabarmendu dute sindikatuek, eta, gaineratu dutenez, Nafarroako Gobernuak hamabost milioi euro inbertituko ditu hura martxan jartzeko: «Osasunbidea defendatu nahi badugu, hasteko eta behin, hura funtzionarazten duten pertsonak zaindu behar ditugu». Osasun Departamentuak ere zaintzaren beharra nabarmendu du, ohar batean. «Osasunbideak herritarren osasuna zaintzen du, eta hori egin ahal izateko, bere profesionalak ere zaindu behar ditu», adierazi du Profesionalen arloko zuzendari Nacho Iriartek.

Hobekuntzak, gainera, sektore bakarraren mesedetan ez, «lantalde osoari begirakoak» izanen dira, departamentuak nabarmendu duenez: «Akordioan jasota daude hainbat estamentu profesionali zuzendutako neurriak, langile guztiak ezinbestekoak baitira osasun sistemak funtziona dezan». Konpromisoak adosteko tenorean, «ikuspegi globala eta integratzailea» aplikatu dutela eta osasun profesionalen «askotariko egoerak eta errealitateak» aintzat hartu dituztela gaineratu du gobernuak.

Akordioa izenpetu ez duten sindikatuei dagokienez —SMN Nafarroako Sindikatu Medikua, ELA eta CCOO—, Iriartek esan du ituna «zabalik» dagoela, eta harekin bat egitera gonbidatu ditu indar sindikal guztiak: «Akordio zabalak lehenetsi nahi ditugu».

Kontratazioak eta gaueko txandak

Itunaren sinatzaileek aurreratu dutenez, Osasun Departamentuak konpromisoa hartu du 120 profesional gehiago kontratatzeko «kudeaketa eta asistentzia» kategorietan: erizainak, erizaintzako laguntzaileak, lehen arretako eta larrialdietako medikuak, gizarte langileak, psikologo klinikoak, botikariak, administrazioko langileak, teknikariak, ingeniariak eta zeladoreak. Gobernuak 8,5 milioi euro inbertituko ditu kontratazio horietan, eta horrez gain, bi milioi euro erabiliko ditu «Lehen Arreta, arlo klinikoak eta estaldura zaileko postuak indartzeko». Inbertsioaren eta kontratazio berrien nondik norakoak urtea amaitu baino lehen zehaztuko dituzte.

Horrez gain, akordioak aukera emanen du langile adindunak gaueko txandetatik salbuesteko. «Gaueko lanaldiak eragina du osasunean, eta kontziliazioa zailtzen du», esan dute LAB, Satse, SAE, UGT eta Afapnako ordezkariek. Hori dela eta, gaueko lanaldietatik libratzeko modua izanen dute langile finkoek, iraupen luzeko kontratua duten administrariek eta lanaldi partzialeko kontratu finkoa dutenek, baldin eta goizeko, arratsaldeko eta gaueko errotazio txandan lan egiten badute, 55 urtetik gora badituzte eta gutxienez aurreko urtean gauak egin badituzte.

Salbuetsita egonen diren langileen hutsunea betetze aldera, milioi bat euroko inbertsioa eginen du gobernuak, langileak kontratatzeko. Horrez gain, gauak egiteari utziko dioten langileek jada ez dute txanda horri lotutako lansaria jasoko, baina lehentasuna izanen dute «borondatezko jarduerak» egiteko, soldata osatu nahi badute.

Aparteko orduak eta formakuntza

Osasun profesionalek lanaldia luzatu behar duten egoerei begira, bestalde, aparteko orduak ordaintzeko modua ere berrituko dute. Hala, milioi bat euro inbertituko du Osasun Departamentuak, astean 48 lanordu baino gehiago egiten dituztenei pagatzeko. Horrez gain, aparteko orduen poltsak sortuko dituzte —bi milioi euro erabiliko dituzte horretarako—, etxez etxeko arreta zerbitzuan aritzeagatik edo atzeratu ezinezko larrialdi batengatik lanaldia luzatu behar izan dutenentzat.

Lanaldi partziala duten langile finkoei aukera emanen diete lanordu osagarriak egiteko, soldata osatu nahi baldin badute. Hala ere, aukera horri uko egiteak ez du berekin ekarriko inongo penalizaziorik.

Formakuntzari dagokionez, Osasun Departamentuak 1,5 milioi euroren inbertsioa eginen du ikastaroren bat egiten ari diren langileak ordezkatzeko. Neurri horren bidez, zera lortu nahi dute akordioaren sinatzaileek: batetik, ikastaroetan izena ematea erraztea, eta horri lotuta, arduradunek ez ditzatela formakuntza eskaerak atzera bota zerbitzuan sor litezkeen beharrengatik. Aurreko urtean formakuntza gutxien jaso duten langileek lehentasuna izanen dute ikastaroetan izena emateko. Horrez gain, martxan jarriko dituzte formakuntzako zazpi esperientzia pilotu Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, Lehen Arretan, buruko osasuneko zerbitzuan, Tuterako eta Lizarrako zentroetan, Zerbitzu Zentraletan eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuan.

Jarraipena, bi hilabetean behin

Sindikatuen irudiko, akordio honek «hobekuntza nabarmenak» jasotzen ditu lan eskubideen alorrean, eta horiek guztiak betetzen direla bermatzeko xedez, jarraipen batzorde bat sortuko dute. Bi hilabetean behin bilduko da batzorde hori: «Gainbegiratuko ditugu kontratazioak, gaueko txanden salbuespenak, inkesten emaitzak eta aurrekontuen betetze maila». 2027ko ekainean, berriz, Osasun Publikoko mahai sindikala bilduko da, gastuaren eboluzioa aztertzeko eta egin beharreko aldaketak eztabaidatzeko. Hori guztia lortzeko bidean, akordioa sinatu duten sindikatuek ezinbestekotzat jo dute mobilizatzen segitzea, «aurrera egiteko eta are eskubide gehiago konkistatzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA