UPN-PP koalizioko zerrendaburu izanik, azaroaren 29an Nafarroan banatuko diren bost eserlekuetako bat ziurtatua du Leticia San Martinek (Gasteiz, 1975). Legealdi honetan osasun gaietan Nafarroako Parlamentuan Cristina Ibarrolaren lekukoa hartzea egokitu zaio. Denbora gutxi darama politikaren lehen lerroan, eta xalotasun puntu bat nabari zaio. UPNren jarrera politikoari bere tonu moderatua gehitu dio. Madrilerantz zuzendu aurretik, ohartarazia diote Espainiako Kongresuko giroa ez dela Nafarroako Parlamentukoa. «Giroa zatartuta dago, erraz iraintzen dute elkar; ez nator bat politika egiteko modu horrekin. Espero dut ni ez naizela jokabide horretara eroriko»
Zergatik egin duzue akordioa PPrekin?
Behin bakarrik joan gara bananduta. 2023an bereizita aurkeztu ginen [Sergio] Sayasekin eta [Carlos Garcia] Adanerorekin gertatutakoaren ondoren. Gure jendeak ez zuen ulertu bananduta joatea. Boto emailea nahastuta zegoen. Oraingoan Cristina Ibarrolak nire iritzia eskatu zidan, eta esan nion elkarrekin joan behar genuela, azkenean jendearentzat hautu nagusia PPren eta PSOEren artekoa baita.
Sergio Sayas UPNtik kanporatua izan zen. Nolakoa da UPNrentzat harekin batera aurkeztea?
UPN eskuzabala izan da, bai eta PP ere. Saiatu gara nafarren interes orokorrak pertsonalismoen aurretik jartzen. Ulertu dugu hori bestelako gatazken gainetik zegoela.
Behartuta al zaudete foru hauteskundeetan elkarrekin aurkeztera?
Ez. Itunak Feijooren inbestiduraren alde bozkatzera baino ez gaitu behartzen. Beste ezertxo ere ez. Hortik aurrera, gainerako guztiak bozkatzeko libre izango gara. Guretzat hori funtsezkoa zen, ez zen hautazkoa.
Talde Mistora joango zara; hori ez al dago kontrajarria? Zuen boto emaile nafarrak nori emango dio botoa, PPkoari ala gauza batzuetan ados egon ez daitekeen UPNkoari?
Bioi. Bi alderdi diferente gara, baina helburu bera dugu. Espainiaren ikuspegi bera dugu, eta Nafarroa Espainiaren barruan ikusten dugu, ñabardurekin bada ere. Biok uste dugu Espainian ziklo politikoa aldatzeko beharra dagoela.
PPk eta Voxek gehiengo osoa izanez gero Feijooren inbestidura babestuko duzula diozu. Bien arteko negoziazioetan parte hartuko duzue?
Ez, ez dugu ezertan parte hartuko. Kito. Beste ezer ere ez. Kongresura iristen den proposamen oro Nafarroari komeni ote zaion aztertuko dugu, eta libre bozkatu.
Nuñez Feijooren inbestidurarako zuen botoa giltzarri balitz ere, ez zenukete negoziazioetan parte hartuko?
Feijoo hautagai gisa aurkezten bada, baiezkoa emango dugu.
PP eta Voxen arteko itunean gustuko ez duzuen zerbait balego?
Guk gure akordioa beteko dugu. Baiezkoa emango dugu.
«Ziur nago Voxen boto emaile askok gobernua zigortzeko ematen dutela botoa, ez neurri guztiekin bat egiten dutelako»
Nola ikusten dituzu bozak Nafarroan?
Lehen indarra izango gara, eta Kongresuan hirugarren diputatua lortzeko koska bat falta zaigu. Voxen boto emaileen menpe dago hori. Voxek ez du diputaturik aterako, ezta senataririk ere, eta horregatik boto baliagarrirako deia egiten dugu, argi.
Horretarako ez zarete ari eskuin muturraren diskurtsoa elikatzen?
Uste dut ezetz. Vox Espainiako agertoki politikoan agertu da. Hazten ari da gobernuaren neurriekin gero eta jende gehiago ez dagoelako konforme. Oso boto emozionala da. Iraganean, Podemosen aldeko botoa ere eskuinaren kontrako zigor botoa izan zen bezala. Alderdi apurtzaileak dira, promesak egiten dituzte, eta jendeak haiei ematen die botoa. Guk buruz jokatzeko eskatzen dugu, eta ziur nago Voxen boto emaile askok gobernua zigortzeko ematen dutela botoa, eta ez haien neurri guztiekin bat egiten dutelako.
Hauteskundeetan zer helburu duzue?
Gure arteko akordioak bi bloke ditu. Alde batetik, PPk gure autogobernua, gure Hitzarmen Ekonomikoa, gure berezitasuna errespetatuko ditu. Espainiako Konstituzioaren erreforma eginez gero, laugarren xedapen iragankorra kenduko du. Beste aldetik, konpromisoa hartzen du azpiegiturak finantzatzeko, egutegi bat ezartzeko.
Laugarren xedapen iragankorra, EAEren eta Nafarroaren bat egitea aurreikusten duen klausula, inoiz ez da aktibatu. Hori kentzeko aukera ez al da UPNren obsesio bat?
Gure DNAren parte da hori. 1978an Espainiako Konstituzioan ezarritako xedapen bat da. Noraino iristen dira xedapen iragankorrak? Betirako al dira? Guk uste dugu inoiz ez dela aktibatu ez dagoelako horretarako masa kritikorik. Nafarrek nafar izaten jarraitu nahi dute, eta ez dute nahi EAErekin bat egin. Beste kontu bat: bat egiteko mekanismoa dago, baina ez dago behin bat eginda berriro desegiteko aukerarik.
«Laugarren xedapen iragankorrean EAErekin bat egiteko mekanismoa dago, baina ez dago berriz desegiteko aukerarik»
Feijook autogobernua errespetatuko duen bermea eman dizue?
Guk inbestidurako botoa emango dugu, eta ziur gaude haiek ere euren konpromisoa beteko dutela.
Voxek autogobernuaren kontrako mezu argia du. Ez zaituzte kezkatzen gai hori negoziazioen mahai gainean egoteak?
Ez dut uste Voxek gaitasunik izango duenik muturreko proposamenak egiteko. Gobernatzen duen erkidegoetan, gairen bat kenduta, ez dute ahalmen hori izan.
Egungo gobernuaren zer balantze egiten duzue autogobernuari dagokionez?
Guk Nafarroako Gobernuari leporatzen diogu ez zuela autogobernua baliatzen nafarren bizitza hobetzeko, eta hori fiskalitatean islatzen da batez ere. Lehendakariari adierazten diogu zerga bidez herritarren bizimodua hobetu dezakegula eta ez okertu. Guk esaten dugu nafarrek EAEko gure bizilagunen pare ordaindu beharko lituzketela zergak, eta ez gehiago gaur egun bezala. Eskumenei dagokienez, gure eskumen propioak ahalik eta gehien zabaltzea dugu helburu beti.
Oscar Puente Espainiako Garraio ministro ohiak dimititu aurreko agerraldi batean adierazi zuen abiadura handiko tren sarea interes politikoen eta presioen arabera eraiki dela eta ez eztabaida logiko eta zorrotz baten arabera.
Ulertzen dut gogoeta. Egia izan daiteke, baina, azkenean, aurrerapausoak lortzen dira presio eginda. Denok nahi dugu trena. Ourenseko biztanleak bi ordu eta erdian iristen dira Madrilera. Guk ere nahi dugu iritsi modu azkar batean. Arrazoi izan dezakeela ukatu gabe, denok nahi dugu hori, eta Espainiako Gobernuaren esku egon behar du hori planifikatzea. Argindar sarearekin eta inbertsioekin gauza bera gertatzen da.
Etxebizitzaren legean tentsio handiko eremuena jaso dute, eta horren gaineko kritika egin duzue. Zergatik?
Batetik, etxebizitzaren arloko eskumena erkidegoena da, eta Nafarroak ez zion lege horri helegiterik jarri, nahiz eta eskumen propioak urratu. Eusko Jaurlaritzak hala egin zuen. Ematen du autogobernua babesten dutela komeni bazaie, ez bazaie interesatzen ez dute defenditzen. Bestetik, Nafarroako Gobernuak aitortu du alokairuen prezioak %5 apaldu direla, baina errealitatea da eskaintza %44 apaldu dela.
Zehazki Etxebizitza Behatokiaren arabera lehen hiru hiruhilekotan kontratu kopurua %34 apaldu da urtebetean tentsio handiko eremuetan, baina, aldi berean, etxejabe askok oraingo kontratuak luzatu egin dituzte, eta, ondorioz, datuetatik atera egin dira.
Bai, izan liteke luzapen horren ondorio izatea.
Merkatua bere horretan utzi behar da ala esku hartu behar da?
Uste dugu gehiago eraiki behar dela, eta laguntzak eman behar zaizkiela alokairuan direnei, edo etxebizitza erosi nahi duten gazteei, baina, era berean, uste dugu etxejabeei konfiantza eman behar zaiela. Uste dugu jabeek etxebizitzak merkatutik atera dituztela, eta eskaintzaren jaitsiera konfiantza galera horren ondorio ere badela. Beharbada, kontratua automatikoki luzatzearen edo maizterrak ezin kanporatzearen ondorioz konfiantza galdu dute.

Senatuan PPk gehiengoa izan du, eta Voxek zenbaitetan planteatu du alderdiak legez kanpo uzteko aukera. Zer jarrera du UPNk?
Ezinezkoa iruditzen zait aukera hori. Zer pisu izango du Voxek benetan Espainian erabakiak hartzeko?
Kasu batzuetan PP abstenitu egin da. Ez duzu uste PPk aukera baliatu dezakeela?
Ez dut uste.
Astelehenean, Iruñeko mitinean Feijoo prest azaldu zen ETAren ondorioz Euskal Herria utzi behar izan zutenen biloben legea onartzeko. Ez al litzateke hauteskundeak manipulatzeko modu bat?
Guk biktimen erreparaziorako proposamenak ontzat jotzen ditugu.
Bai, baina horretarako biktimen legeak badira, eta Nafarroan, kasurako, legea berritzeko bidean da.
Egia da Feijooren proposamen horrek Nafarroa eta EAE utzi zutenak onbideratu nahi dituela. Beste kontu bat da proposamen hori juridikoki nola egokitzen den, eta zehazki zer proposatzen duen. Ez ditugu detaileak ezagutzen. Ideia nagusia besterik ez dugu ezagutzen
Datu batzuk eman dituzte. Anvite Nafarroako biktimen elkarteak dio 180.000 direla ETAren ondorioz erbesteratuak eta haien senideak. Nondik atera da datu hori?
Ez dakit. Beste gogoeta bat egiten dut. Memoria demokratikoaren legearen ondorioz proposatu den biloben legearen arabera, erreparazioa erbesteratuen ondorengo laugarren belaunaldiraino iristen da.
Erreparazioa kontu bat da, bozkatzeko eskubidea bestea.
Bi legeak gauza bera dira. 1936ko estatu kolpearen ondorioz, errepresaliatutako baten birbilobak bozka dezake. 180.000 pertsona horien kalkuluan antzeko irizpidea hartu dute aintzat.
UPNk Kongresuan euskara erabiltzea onartu da azken legealdian. Zuen koaliziokidea erabaki hori atzera botatzearen alde azaldu da. Zer bozkatuko luke UPNk?
Hasteko, euskara Nafarroako berezko hizkuntza da, gure kultur ondarea da. Denon artean babestu eta sustatu behar dugu. Nafarroako Parlamentuan bertan euskara Europako Legebiltzarrean erabiltzearen alde agertu gara. PPk horrelako proposamen bat ekartzen badu, ikusi beharko da zer argudio ekartzen dituen.
Erabaki politiko bat da. Zer argudio eman daiteke: dirua kostatzen dela?
Ez dakit zer argudio erabil dezaketen. Adibidez, apenas erabiltzen dela eta dirua kostatzen dela.
Tira, Feijook aurreko astean esan zuen Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteari atikoa erosteko behar izan ziren zazpi milioi euroak deus gutxi direla. Itzulpen zerbitzua benetan garestia al da? Atzean ez al dago helburu politikorik?
Ez dakit. Hemen eta Europako Legebiltzarrean aurkezten den proposamen oro aztertuko dugu, proposamena aurkezten denean.