Alardearen inguruko «elkarrizketa bide berriak irekitzeko lanean» hasi da Hondarribiko Udala

Jaizkibel konpainia parekidearen jokabidea «eskertu» egin du, festen inguruan igorritako balorazio ohar batean.

Jaizkibel konpainia parekidea, irailaren 8an, erakundeen ordezkarien aurretik pasatzean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jaizkibel konpainia parekidea, irailaren 8an, erakundeen ordezkarien aurretik pasatzean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko irailaren 16a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Elkarbizitza eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko» ahalegina egin du Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) aurten alardean, eta «aurrerapausoak» izan dira, jaien balorazioa eginez prentsara igorritako oharrean adierazi duenez: «Azken bi urteotan, 1996tik 2023ra bitartean baino aldaketa gehiago eman dira». Halere, aitortu du «oinarrizko eskubide batzuk bete ezinik» daudela oraindik, baina nabarmendu du «irmo» jarraituko duela lan horretan: «Elkarrizketa bide berriak irekitzeko lanean hasi gara».

Udalak balorazio gazi-gozoa egin du, beraz, hilaren 8an izandako alarde egunaz eta aurreko egunetako ekitaldiez. Jaizkibel konpainia parekidea kritikoa izan da, aurten «aurrerapausorik ez» delakoan izan udalaren partetik, baina Igor Enparan alkatearen taldeak kontrako iritzia eman du: gogora ekarri du aurten lehen aldiz Jaizkibelek ofizialki parte hartu duela salbean eta ondoren udalbatzak herriari eskainitako agurrean, hilaren 7an. Hain zuzen, ekitaldi hartan txaloak eta txistuak jaso zituen alkateak: «Herritarren gehiengoak izandako portaera eredugarritzat jotzen dugu, errespetuzko jarrerak gailendu baitziren oso gutxiengo baten aurrean».

Gainera, aurten Jaizkibelek bigarrenez desfilatu du ofizialki konpainia gisa, eta udalak «eskertu» egin dio alarde egunean izandako jokabidea: «Alkate dekretua beteta desfilatu zuen». Izan ere, konpainia baztertzaileek urratu egin zuten dekretua bigarren urtez: ez ziren agertu Gernikako Arbola zelaidian dekretuan ezarritako orduan, Jaizkibelekin bat egin behar ez izateko. Udalak deitoratu du erakundearen «zilegitasuna» ez aitortu izana, eta HAOSEk — Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea, alardearen antolatzailea— manifestazio baimen bat eskatu izana beste leku batzuetan biltzeko: «Alardean parte hartzeko manifestazio baimen beharrik ez dago; hori duela bi urte amaitu zen». Hala ere, udalak «urrats» gisa hartu du «gainerako konpainietako ordezkaritzek Jaizkibel konpainiakoekin batera herriko txoko desberdinetan gunea eta ordutegia normaltasun osoz partekatzea».

Era berean, udalak aitortu du azken urtean abiatutako elkarrizketa guneetan ezin izan dutela adostasunik lortu —emakumeen parte hartzearen aurkakoek ez dute parte hartu saio horietan—, baina, alarde egunean alkateak esan bezala, oharrean ere nabarmendu du lanean jarraituko dutela: «Elkarrizketa bide berriak irekitzeko lanean hasi gara, eskuzabaltasunean eta elkarrizketan oinarrituta. Benetako borondateak bakarrik ekar dezake errespetuan eta berdintasunean oinarritutako Hondarribia. Zeregin horretan, herritar guztiei dei egiten diegu beren aletxoa jar dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.