SME Medikuen Sindikatuarekin akordioa lortu zuen lehengo astean Eusko Jaurlaritzak. Guardia eredua berrikustea, librantza sistema hobetzea eta soldatak igotzea hitzartu zuten. Osakidetzan ordezkaritza duten gainerako sindikatuek ez zuten begi onez hartu akordio hori, eta hitzarmen orokor bat erdiesteko mobilizazioak antolatzeko asmoa azaldu zuten. Bihar agerraldi bat egingo dute, hain justu ere, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazio horiek iragartzeko. Bilbon izango da, 11:00etan. Lehengo astean akordioa medikuen eskaeren inguruan ardaztu bazuten ere, gainerako sindikatuekin ere negoziatzen jarraitzeko asmoa dutela esan du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek.
Gobernu kontseiluaren ostean solastatu da sailburua. Medikuekin lortutako akordioaren defentsa egin du: hor hartutako konpromisoak betetzeko aurten 13,7 milioi euro erabiliko direla esan du, eta 2029ra bitartean 75 milioi arte handituko dela kopuru hori. Bitartean, hala ere, osasun arloko gainerako profesional taldeen premiei erreparatuko dietela esan du. «Osasun Sailean eta Osakidetzan hizketan jarraitzeko konpromisoa dugu». Hurrengo mahai sektoriala irailean izango dela azaldu du, eta han aurrerabideak espero dituztela. Adierazi du, hala ere, «errespetatzen» duela akordioaren harira gainerako sindikatuek hartu duten jarrera.
Medikuekin lortutako akordioaren garrantzia nabarmentze aldera, haiek egin behar izaten dituzten ordu kopurua murrizteko ahaleginak egin behar direla gogoratu du Martinezek. Izan ere, egungo egoeran badira astean 80 lanordu ere egiten dituzten medikuak, eta sistema horretan hobekuntzak egin nahi dituzte; atsedenak ugarituko dituzte, eta adinean aurrera egin ahala guardia gutxiago egin beharko dituzte sendagileek. Era horretan, batez ere, mediku gazteentzat erakargarri egin nahi dute ofizioa.