Ekainean Santurtzin (Bizkaian) Ander Saenz gaztearen atxiloketan parte hartu zuten sei udaltzainak lanean direla-eta, haiek kargutik behin-behinean kentzea galdegin dute gaur biktimaren familiak eta Justizia Anderrentzat plataformak. Fernando Saenz gaztearen aitak eta Irati Agirre abokatuak eskaera ofizialki erregistratu dute Santurtziko Udaletxean, eta nabarmendu dute udalak baduela eskumena halako neurriak hartzeko, kasuari buruzko zigor prozedura ebatzi baino lehen ere. «Gure ustez, polizia horiek ez lukete lanean egon behar herrian. Diziplina txosten bat zabal dezatela eskatuko dugu, benetako txosten bat; eta kausarik bada, udaltzainak zigor ditzatela eta zerbitzutik ken ditzatela», adierazi du Saenzek.
Erlazionatuta
Izan ere, halako neurriak hartzeari uko egin dio propio Santurtziko Udalak. Urri hasieran, dekretu bidez ebatzi zuen polizia horien inguruko diziplina prozesu administratiboa etetea, auzia judizializatuta zegoela argudiatuta; alegia, auzitegia kasua ikertzen ari dela eta hark zehaztuko dituela neurriak. Aitzakiatzat hartu du hori Agirrek: «Udalak dio prozesu penala martxan dagoenez haiek ezin dutela ezer egin, zigor prozedura horren emaitzaren esperoan daudela; baina dekretuan bertan diote eskumena daukatela diziplina prozedura bat martxan jartzeko eta poliziak behin-behinean kargugabetzeko. Hau da, neurririk ez hartzeko erabakia justifikatzeko erabiltzen duten lege oinarriak adierazten du udalak eskumena duela polizia horiek kargutik kentzeko. Zigor prozedura eta prozedura diziplinarioa ez dira bateraezinak». Dekretu horren aurkako helegite bat ere aurkeztu dute gaur.
«Mundu guztiak ikusi du egun hartan zer gertatu zen. Horregatik, arrazoi nahikoak daude prozedura administratibo bat berehala abiatzeko»
IRATI AGIRRE Abokatua
Era berean, Agirrek gogora ekarri du auzia instrukzio fasean dagoela baina oraindik ez direla hasi deklarazioak hartzen, eta, beraz, balitekeela prozedura judizialak luze jotzea. Hala ere, gaur-gaurkoz «gertaera objektiboak argi» daudela azpimarratu du: «Mundu guztiak ikusi du egun hartan zer gertatu zen. Horregatik, arrazoi nahikoak daude prozedura administratibo bat berehala abiatzeko, eta erantzuna emateko salatzen ari garen gai guztiei: Anderren atxiloketan baliatu zen indarkeria poliziala, taser pistolaren erabilera okerra, informazioa ezkutatzea eta biktimari osasun arreta ukatzea bero olde betean eguzkitan izan ondoren».
Atxiloketa bortitza
Ekainaren 24an zendu zen Ander Saenz, Gurutzetako ospitalean (Bizkaia); 30 urte zituen. Bi egun lehenago atxilotu zuten Santurtziko udaltzainek, herrian bertan. Justizia Anderrentzat plataformako kideek eta haren senideek azaldu izan dutenez, eskizofrenia zuen gazteak, eta ondoezik zegoela-eta, laguntza eskatzera joan zen udaltzainengana. Polizia etxeko atea ez zioten zabaldu, ordea, eta metro batzuetara adineko gizon batekin topo egin zuen: makila kendu zion, gizona jausi egin zen, eta ondoren sortu zen zalapartaren ondorioz atzeman zuten udaltzainek. Taser pistola batekin bi aldiz egin zioten tiro, eta, lekukoek jakinarazi zutenez, bi orduz izan zuten eguzkipean, 40 gradutik gorako tenperaturan. Arnasteko arazoak zituela ohartu zirenean, osasun laguntza eskatu zuten udaltzainek; baina koman sartu zen, eta, zaintza intentsiboetan bi egun igaro ondoren, zendu egin zen.
Plataformak irailean argitara atera zuen bideoan, argi geratu zen atxiloketan bortizkeria handia erabili zutela udaltzainek. Irudietan ageri denez, gaztea lurrean immobilizatuta zegoelarik erabili zuten taserra, lurretik arrastaka eraman zuten, eta udaltzainetako batek, gainera, jauzi txikiak egin zituen Anderren hanketan. Udal gobernuak udaltzainak irmo babestu zituen hasieratik, baina bideoa argitara atera eta bi egunera, Itziar Carrocera alkateak adierazi zuen irudiak «onartezinak» zirela, eta aitortu zuen udaltzainek ez zietela atxiloketari buruzko «informazio osoa» helarazi.
Baina bestelako neurririk ez du hartu udalak. Izatez, joan den astean uko egin zion udaltzainei taser pistolak kentzeari. Hala, haserre mintzatu dira Anderren senideak eta lagunak. Semea hil eta egun batzuetara alkatearekin izandako solasaldia ekarri du gogora Fernando Saenzek: «Eskatu nion zintzoak izan zitezela, behar bezala jardun zezatela. Gaur esan behar dut ez direla zintzoak, eta ez dugula ikusten zintzo izateko borondaterik».
«Alkateari eskatu nion zintzoak izan zitezela, behar bezala jardun zezatela. Gaur esan behar dut ez direla zintzoak, eta ez dugula ikusten zintzo izateko borondaterik»
FERNANDO SAENZ Ander Saenzen aita
Agirrek ere udalaren «hipokrisia» salatu du: «Ez dute ezer egin, ez dira ezer egiten saiatu. Aurpegia garbitu nahian dabiltza. Gertatutakoa argitzeko haien esku zegoen guztia egingo zutela hitzeman zuten, baina egin zezaketen hori, hain justu, ez dute egin. Dena prozesu penalaren esku uzten ari dira». Jarrera hori estrategia baten parte dela uste du: «Prozesua luzatu nahi dute: denbora pasatzen utzi, kasua erlatibizatzeko, eta erantzukizun politiko eta polizialak lausotzeko».
Bitartean, sei udaltzainak lanean ari dira, eta, abokatuak nabarmendu duenez, «taserrak erabiltzen, eta, hala, indarraren erabilera legitimatzen». Gainera, baliteke egoera horren ondorioz Anderren familia berriz biktimizatzea, aitak esan duenez: «Polizietako bat ezagutzen dut, eta harekin gurutzatu naiteke kalean». Hala ere, familian prestatzen ari direla azaldu du: «Badakigu oztopo lasterketa luze bat izango dela. Laguntza psikologikoa jasotzen ari gara, baina jarraibide batzuk ezin ditugu aplikatu, besteen jardunaren araberakoak direlako. Baina lasterketa hori egin beharko dugu. Espero dugu justizia egiaz justizia izatea».
Udala: «Ez dago itxita»
Itziar Carrocera Santurtziko alkateak arratsaldez erantzun die familiari eta plataformari. Haiek esandakoarekin bat, baieztatu du ebazpen judizial bat egon artea prozesua «etenda» dagoela, baino ez bertan behera utzita: «Horrek ez du esan nahi itxita edota artxibatuta daudenik, baizik eta epaileen ebazpen bat dagoenean berrartuko ditugula». Gaineratu du, bere ustez, «arduratsuena» ikerketa amaitu arte itxarotea dela, eta ondoren hartu behar direla erabakiak: «Helburua gertatu zena argitzea da, azkeneraino, eta ondoren erantzukizunak argitzea».
Carrocerak esan du ezagutzen duela familiak udaltzainak behin behinean kargutik kentzeko eginiko eskaera eta hura egiteko eskubide osoa duela. Baina, zehaztu du, aurretik auzia «zorroztasunez, errespetuz eta arduraz» aztertu behar dela, eta ondoren hartuko dituela «beharrezkoak diren erabakiak». Halaber, argitu du edozein zirkunstantzia berrikusteko prest dagoela.
FAMILIAREN ESKAERA BABESTU DU EH BILDUK
Santurtziko EH Bilduk babesa adierazi die Ander Saenzen familiari eta lagunei, eta bat etorri da Justizia Anderrentzat plataformak eta abokatuak egin duten eskaerarekin. «Gure eskakizuna argia izan da beti: gertatutakoaren barne ikerketa egitea, inplikatutako agenteen jarduna kautelaz etetea eta erantzukizunak argitzea», adierazi du koalizioak, ohar bidez; «Uste dugu ez dela anbiguoak izateko garaia, baizik eta Anderren familiaren aldarrikapen eta eskaera justuen alde egotekoa».