Justizia Anderrentzat plataforma sortu dute, «polizia inpunitatearen aurka borrokatzeko»

Duela bi aste Santurtziko Udaltzaingoaren ardurapean zegoela zauritu eta bi egunera hildako gaztearen gertukoek eratu dute taldea. Haren heriotzaren inguruabarrak argitu ditzatela eskatzeko, manifestazio bat egingo dute datorren ostiralean.

Justizia Anderrentzat herri plataformaren aurkezpena, gaur, Santurtzin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Justizia Anderrentzat herri plataformaren aurkezpena, gaur, Santurtzin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Santurtzi
2026ko uztailaren 10a
13:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adin guztietako herritar andana bildu da Santurtziko Casa Torre jauregian (Bizkaia) gaur goizean. Bertan aurkeztu dute Justizia Anderrentzat plataforma, ekainaren 24an herriko udaltzainen ardurapean zela zendutako 30 urteko gaztearen senideek eta lagunek osatuta. «Justizia eskatzeko eta polizia inpunitatearen aurka borrokatzeko» eratu dute taldea, argi baitute Ander «poliziaren esku hartze bortitz baten ondorioz» hil zela. Beraz, plataformaren helburu nagusia zera da, gaztearen heriotzaren inguruko «egia mahai gainean jartzea», eta «erantzukizun polizialak, politikoak eta mediatikoak argitzea». Baina, horrez gain, Ander polizia indarkeriaren biktima gisa aitortzea ere nahi dute, eta halakorik beste inori ez gertatzea; eta horretarako, bi neurri galdegin dituzte: «hilgarriak izan daitezkeen polizia baliabideak» debekatzea eta gaztearen heriotzan «inplikatutako polizien jarduna behin-behinean etetea».

Nerea Paz eta Koldo Hernandez Anderren lagun eta plataformako kideek hartu dute hitza. Gogora ekarri dutenez, ekainaren 22an gaztea Santurtziko Udaltzaingoaren komisariara joan zen «laguntza eskatzera», aurretik egin izan zuen bezala, «agerraldi psikotiko» bat izaten ari zelako. Baina laguntza jaso ordez, «bortizki jazarri zioten eta indarrez atxiki zuten, taserrak eta borrak erabiliz». Bero boladaren «une gorena» zela ere oroitu dute, eta lekuko batzuek adierazi dutela «lurrean bi ordu inguru» izan zutela, «jipoitzen zuten bitartean, eta osasun laguntza jaso aurretik». Gazteak konortea galdu zuen, ospitalera eraman zuten, eta «bi egunez koman egon ondoren», ekainaren 24an hil egin zen.

«[Santurtziko Udalak] udaltzainei baldintzarik gabeko babesa eman zien, gertakariak zuritu eta Ander kriminalizatzeko helburuz»

NEREA PAZ eta KOLDO HERNANDEZ Justizia Anderrentzat plataformako kideak

Hala, plataformako kideen ustez, Anderren heriotzak «erantzule eta konplize zuzenak» ditu: udaltzainak jo dituzte «erruduntzat», baina Santurtziko udal gobernuaren «konplizitatea» salatu dute: «Udaltzainei baldintzarik gabeko babesa eman baitzien, gertakariak zuritu eta Ander kriminalizatzeko helburuz». Gainera, hedabideen rola ere gaitzetsi dute, «poliziaren sindikatu korporatiboen falaziekin» bat egin dutelakoan. Horrek guztiak «are min handiagoa» egin die biktimaren senideei eta lagunei, horrelako galera batek dakarren «sufrimenduari» erantsia.

«Kontakizun faltsua»

Era berean, Pazek eta Hernandezek komunikabideei eta udaltzainei egotzi diete «kontakizun faltsua inposatzen» saiatzea, eta Ander «gatazkatsua» eta «bortitza» balitz bezala aurkeztu nahi izatea. «Ezagutzen genuenok argi utzi nahi dugu pertsona hurbila, maitagarria, dibertigarria, atsegina eta errespetuzkoa zela, eta giro ona sortzen zuela», nabarmendu dute.

Ertzaintzak barne ikerketa abiarazi zuen orduko hartan, eta gaztearen ingurukoek ere bide judizialari ekin diote. Orain, plataformak prozesu judizialean lagundu nahi die, aktibazio sozialaren bidez, gertatutakoa argitzeko «herritarren inplikazioa, presioa eta mobilizazioa oso garrantzitsuak» izan daitezkeelakoan.

Modu horretan, dei egin dute «frogak eta testigantzak aurkezten jarraitzeko». Era berean, ezinbestekotzat jo dute kalera ateratzea, «Anderrentzat justizia egin dadin». Hala, orain bi aste egin bezala, beste manifestazio bat egingo dute datorren astean: hurrengo ostiralean, uztailak 17, 18:00etan, udaletxetik hasita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA