Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia Forum Europan izan da gaur, gaurko zenbait gairen inguruko bere iritzia azaltzen. Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakariarentzat izan du mezua; izan ere, Estebanek esan zuen, besteak beste, urtea bukatzerako Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak nolabait «eszenaratu» beharra duela Gernikako Estatutua betetzeko konpromiso argia, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera, eta bestela «ondorio larriak» izango direla. Horri erantzun dio Anduezak, esanez behar dituen argazki guztiak izango dituela Sanchezekin, «baina ez erlojuaren kontra, transzendentzia handiko gaia baita». 46 urte dira Gernikako Estatutua izenpetu zutenetik Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, eta betetzeko dago oraindik, jakina denez.
Mikel Torres PSE-EEko kide eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak atzo erantzun zion Estebani, eta esan eskuin muturra dela alternatiba. Hori hizpide hartuta, Anduezak adierazi du hori ezin dela aitzakia izan «presaka aritzeko, behar den baino gehiago». «Soseguz eta zuhurtziaz lan egitearen aldekoa» da Andueza, gehitu duenez.
Uste du bi gobernuen borondatea argia dela akordioa betetzeko, baina ziurrenik ez dela agindutako forman eta denboran beteko, aurtengo abenduaren 31 hitzartu baitzuten alde biek epe muga gisa Gernikako Estatutua betetzeko. Eta, hain zuzen, horregatik lortu zuen Sanchezek EAJren babesa inbestiduran, besteak beste.
Bestetik, Pasaiako portuaren eskumen aldaketari dagokionez, erdibideko proposamen baten alde lan egiteko eskatu dio Anduezak Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuari. Izan baita desadostasunik bi alderdien artean gai horren inguruan ere.
Bestalde, nabarmendu du «frankismoaren oinordekoek» eskatu behar dutela barkamena Gernikako bonbardaketarengatik, eta ez Espainiako Gobernuak, uste baitu gobernua bera altxamendu militarraren «biktima» izan zela.