Anduezak salatu du jeltzaleak PSE-EEren izatea «ukatzen» ari direla

Istiluak istilu, erran du gobernurik ez dela puskatuko, «onartu beharreko desadostasunak» direlako EAJrekin dituenak, baina errespetuz eta «era baketsuan» hitz egiteko eskatu dio.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, joan den astean, Gasteizen. L. RICO / EFE
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, joan den astean, Gasteizen. L. RICO / EFE
Iratxe Muxika
2026ko maiatzaren 26a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zenbait gairen inguruan desadostasunak dauzkagu, baina normala izango da, ezta? Gobernua elkarrekin osatzeak ez du esan nahi berdin pentsatzen dugunik, baizik eta akordio batera iristeko ardura daukagula». Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak halaxe deskribatu du EAJrekin duen harremana: «Ona, adeitasunezkoa, nahiz eta batzuk tentsioa areagotzen saiatzen diren». Forum Europan egin ditu adierazpenak, Bartzelonan, eta, bertzeak bertze, azken boladan jeltzaleekin duen harremanaz aritu da solasean.

Azpimarratu du «bakea, lasaitasuna eta konfiantza» transmititzea dagokiela gobernuko bazkideei, eta hori ez dela lortzen «zarata handitzen eta handitzen» ari baldin badira. Esplikatu du proiektu nagusi bat daukatela sozialistek: «Benetako arazoei erantzutea». Eta halaxe hasi da hura ere zarata sortzen: «Geratu gintezkeen oposizioan, ukatu genezakeen Ibarretxe plana eta ezer egin ez horren gainean. Guk, kontrara, benetako arazoak planteatu genituen, eta aldarrikatu genuen gobernu proiektuak ez zuela identitarioa izan behar». Haiei eskerrak lortu dute, haren ustez, nola hezkuntza arazoei hala etxebizitzakoei heltzea. «Eta horregatik ari gara hazten eta hazten, guk akordiorako bidea egiten dugulako eta herritarrak jartzen ditugulako erdigunean».

Hitzeman du gobernurik ez dela puskatuko, «onartu beharreko desadostasunak» direlako jeltzaleekin dituztenak, baina errespetuz eta «era baketsuan» hitz egiteko eskatu dio EAJri. Hain zuzen ere, salatu du azkenaldian «ukatzen» ari zaiela iritzia emateko aukera, eta susmoa duela haien «izatea ere» ukatzen ari direla. «Ematen du ezin dugula ezer esan, eta esaten dugun guztia polemika sortzeko dela. Uste dute gu ez garela haiek bezain nazionalistak, eta hori aurpegiratzen digute, bai EAJkoek, bai EH Bildukoek. Mapa politikotik borratu nahi gaituzte».

«Diskriminazioa»

Euskal Enplegu Publikoaren Legeaz ere mintzatu da Andueza, eta EAJren eta EH Bilduren proposamenak «diskriminazioa eta milaka euskal herritarrei eskubideak ukatzeko modu bat» direla erran du bertze behin. Euskara eskakizunaren erabat kontra agertu da Alderdi Sozialista, eta erran du pauso bat gibelera eman dutela «gobernu moduan».

Bidenabar, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratu behar ote lituzkeen galdetuta, iritzi argia erakutsi du: «Legegintzaldia osorik betetzeko ardura dauka, erantzukizuna da, eta gobernuarekin jarraitu behar du». Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente izandakoari ere eskaini dizkio hitz batzuk, eta kontatu du «irmoki» sinesten duela haren errugabetasunean. Joan den astean inputatu zuten, eta ekainaren 2an dago deituta deklaratzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA