Otxandianok Enplegu Publikoaren Legea «parez pare» negoziatzera deitu du EAJ

Estatus berriaren inguruan akordioa lortzeko «benetako aukerak» ikusten ditu EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eledunak, baina ohartarazi du «sei hilabeteko parentesia» egon dela negoziazioan, eta «denbora mugatua» dela.

Pello Otxandiano, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pello Otxandiano, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
2026ko maiatzaren 12a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bildu Enplegu Publikoaren Legearen inguruan negoziatzeko «mahaian eserita» dago, «EAJren zain». Koalizio abertzaleko eledun Pello Otxandianok esan du «kafea» aspaldi zerbitzatu dutela, eta «hoztu» egin dela dagoeneko, baina berriro zerbitzatuko dutela hizkuntza eskakizunei buruz akordio bat egin ahal izateko, haren ustez «ez baitago alternatibarik». Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, abisu argia eman dio Otxandianok EAJri: «Parez pare negoziatzeko deia egiten diegu. Haiek 27 legebiltzarkide dituzte, eta guk beste 27. Bi lege proposamen daude mahai gainean. Ituna egiteko ahaleginak egingo ditugu, baina guri abstentzioak eskatzen hastea ez da bidea».

Horiek horrela, Otxandianok «benetako negoziazioa» nahi du Enplegu Publikoaren Legearen inguruan, uste baitu oraindik posible dela «itun zabal bat» egitea. Ez du ulertzen, nolanahi ere, PSE-EEren posizioa auzi horretan, Katalunian, Valentzian edota Galizian «oso bestelako jarrera» baitute sozialistek. «Gu esaten ari garena esaten ari dira haiek han», ziurtatu du, «baita CCOO sindikatua ere». Euskal Herrian, berriz, «hauteskundeei begirako interesak» gailentzen ari direla uste du EH Bilduko bozeramaileak, PSE-EEren estrategian. «Andueza entzuten dut, eta PP-Voxen posizioan daude haren hitzak. Iraganeko inertziak eta korporatibismoa atzean utzi behar dira akordio bat egingo badugu».

«Andueza entzuten dut, eta PP-Voxen posizioan daude haren hitzak. Iraganeko inertziak eta korporatibismoa atzean utzi behar dira akordio bat egingo badugu»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna Eusko Legebiltzarrean

Edonola ere, EH Bildu «luzera begirako begiradaz» ari dela helarazi du Otxandianok, baita gai horretan ere, eta, besteak beste «enpatiaz» akordio zabal bat egiteko saioan jarraituko dutela esan du. Nafarroan ere talka handia dago PSN eta EH Bilduren artean, litekeena delako zenbait ikastolatan gelak ixtea; Otxandianok esplikatu du arazo horren muinean dagoela PSOEk sinesten ote duen «benetan» Espainiako estatua «plurinazionala» dela. «Hala bada, gu nazio bat gara eta hizkuntza nazional bat dugu, eta, hortaz, herritar guztien eskubideak bermatu behar dira, baita hizkuntza eskubideak ere».

Estatus politikoa

Gernikako Estatutua gainditu eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoak Espainiarekin beste estatus politiko bat izateko martxan den negoziazioaz ere aritu da Otxandiano. Negoziazio horren igerilekuan urik ba ote den galdetu diote, eta bilkideen eledunak erantzun du hobe duela igerilekuez ez aritzea. Beti bezala, gai horri buruz aritu denean, «diskrezioaren beharra» azpimarratu du, baina, aldi berean, helarazi du «denbora mugatua» dela akordio bat lor dadin, «beti» izan dela horrela. Erantsi du «sei hilabeteko parentesia» egon dela EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PSOE izaten ari diren elkarrizketa horietan, zehaztu gabe horren arrazoia izan ote den EAJren Euzkadi Buru Batzarrean egon den erreleboa. «Arduraz eta serio» jokatuz gero, ordea, uste du negoziazioak fruituak emateko «benetako aukera» dagoela.

Halaber, transferentzia gehiago egin eta Gernikako Estatutua osatzea «egokia» dela uste du EH Bilduko legebiltzarkideak, baina «duela 30 urteko eztabaida» da hori, haren ustez. Pasaiako Portuari dagokionez, adibidez, haren desklasifikazioaren alde azaldu da, «erakutsi baita herrialde honek hobeto diseinatu ahal duela bere geroa». Baina, hortik aurrera, Otxandianok gogoratu du Gernikako Estatutuaren formula «erabat higatua» dagoela, eta horregatik ari direla «beste harreman bat» negoziatzeko ahaleginean Espainiako Estatuarekin. Eztabaida hori «lehen lerroan» jartzeko eskatu dio berriro Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, haren «kapital politikoa arriskuan jarrita horretarako».

Etxebizitza, arazo nagusia

Etxebizitzaren arazoari tarte luzea eman dio elkarrizketan Pello Otxandianok. EH Bilduk eduki horri buruzko ekitaldia egingo du larunbat honetan, Donostiako Tabakaleran, gaur egungo krisia hamar urtean konpontzeko egin duen proposamena azaltzeko. Otxandianok gogoratu du gaur egun euskal gizartearentzat etxebizitza dela «arazo nagusia», eta «merkatuan esku hartu» behar dela hura konpontzen hasteko, askotariko neurriak hartuta. Espainiako presidente Pedro Sanchezek ere defendatzen du hori, gogoratu duenez.

Ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren politikak ez direla gai arazori erantzun eraginkorrak emateko, azken legealdia «galdu» egin dela, eta gobernuak ez diola arazoari «benetan duen neurria hartu». «Hamar urtean 3.000 etxebizitza babestu egin dituzte. Ez da esku hartu turismoak etxebizitzaren alorrean ekarri dituen ondorioak orekatzeko. Oraingo eztanda aurreikus zitekeen, baina ez dute aurreikusi».

Hala, Otxandianok azaldu du «espekulatzaileen aktibo segurua» bihurtu dela etxebizitza; etxe hutsei dagokienez ez dutela politika zuzenik egin, eta gai jakin horri buruzko dekretua «soilik Azpeitian» aplikatu dela, hango EH Bilduren alkatearen eskutik. Etxebizitza publikoaren parkea «inoiz baino gehiago handitzeko proposamena» du koalizio abertzaleak, datozen hamar urteetan orain horretarako erabiltzen den kapitala «halako hamar» erabilita.

Uste du PSE-EE ohartzen dela etxebizitzaren arazoaren neurriaz eta badakiela «politika sozialistak» behar direla hari aurre egiteko, baina erantsi du ez duela «indar nahikorik» Jaurlaritzaren barruan politika horiek aurrera eramateko. EAJ «klase ertainari buruz» ari da gaur egun, Otxandianok dioenez, adibidez Donostiako «Infernuko eremuan etxe tasatuak 400.000 euroan eskaintzen». «EAJ beste politika batzuen alde dago etxebizitzari dagokionez, lurra esku pribatuetan utzita, eta PSEk ezin du gehiago egin egoera horren aurrean. Ondorioa da ez direla behar diren politikak egiten ari etxebizitzaren arazoari konponbidea emateko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA