Euskara erdigunean goiburupean, 150etik gora pertsona elkartu dira gaur EAJren egoitza nagusi Sabin Etxean, «euskararen egoera eta hura blindatzeko eta babesteko beharra» jorratzeko antolatu duten jardunaldian. Enplegu Publikoaren Legearen erreforma bidean dagoen honetan egin dute ekitaldi hori jeltzaleek, Aitor Esteban EBBko presidentea buru izan dela. Markel Olano euskararen alorreko EBBko arduraduna, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Esteban bera izan dira, besteak beste, Bilboko topaketan, administrazioan euskararen alorrean ardurak dituzten beste zenbait ordezkari jeltzalerekin batera. Berretsi dute EAJk «konpromiso irmoa» duela «euskararekin eta hizkuntza ereduarekin, 1982an Euskararen Legea onartu zenez geroztik lortu ziren kontsentsuen ondorioz».
EAJk azaldu du lanpostu publikoetarako ezarri ziren «hizkuntza profilen aitzakian» epaileek baliorik gabe utzi dituztela hainbat lanpostu eskaintza publiko, eta jeltzaleen zuzendaritzak «errealitate horri heltzen» diola, «erantzukizunez eta euskararekiko konpromisoarekin». Hala, EAJk «konponbide zentratua» eskatu du, «batzuen immobilismotik eta besteen maximalismotik urrun».
Helburu horrekin aurkeztu du EAJk, Eusko Legebiltzarrean, Enplegu Publikoaren Legea aldarazteko proposamena. «Ahalegin horrekin bilatzen dugu prozesuen segurtasun juridikoa bermatzea eta, aldi berean, prozesu horietara aurkezten diren pertsonak babestea. Estrategia mailakatua proposatzen dugu, segurtasun juridikoa bermatzeko, eta neurrien ondorioak epe ertainean ebaluatzea planteatzen da», azaldu dute.

Derrigortasun geroratua
Erreforma proposamenari egindako zuzenketetan talde jeltzaleak proposatu du administrazio publikoek eskainiko dituzten enplegu publikoen eskaintzetan «derrigortasun geroratuaren figura orokortzea». Horren arabera, jendea lanpostu horietan hasi ahal izango litzateke hasieran, «hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe», eta, ondoren, «epe bat izango lukete hori lortzeko, administrazioak berak beharrezko prestakuntza bermatzeko konpromisoarekin». Euskararen ezagutza «merezimendua» izango da kasu horietan ere, EAJren proposamenaren arabera.
Talde jeltzaleak proposatu du administrazio publikoek eskainiko dituzten enplegu publikoen eskaintzetan «derrigortasun geroratuaren figura orokortzea».
Halaber, jeltzaleen testuak jasotzen du administrazio bakoitzak bere derrigortasun indizea izan beharko duela eta horrek zehaztuko duela zer lanpostuk duten derrigortasun data eta zeintzuk ez. «Horretarako, proportzionaltasun irizpideetan oinarritutako justifikazioa egin beharko da, lanpostuaren eginkizunak, erabilera irizpide linguistikoak eta ingurunearen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta». Era berean, «derrigortasun indize orokorra desagertu» egingo da, jeltzaleen arabera «egungo araudian ahultasun juridikorik handiena duen elementua delako».
Aitor Esteban buru duen alderdiak uste dute planteamendu «ausarta» egin duela, «sendoa termino juridikoetan eta etorkizunerako bermeak dituena». Sinetsita daude formula horrek «aurrerapen progresiboa» ekarriko duela hizkuntza eskubideen defentsan eta euskalduntze ereduan. Hilabeteak egin dituzte proposamena PSE-EErekin negoziatzen, baina ez dute aurrerabiderik lortu. EH Bildurekin hitz egiteko prest daudela esan dute orain.
Eusko Legebiltzarrean arlorako eginda dagoen beste erreforma proposamena, hain justu ere, EH Bilduk egindakoa da; lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak arautzeko beste paradigma bat nahi dute haiek, helburu jarri baitute sarbiderako derrigorrezko baldintzetako bat izatea euskara ere. Behin irizpide hori ezarrita, eskakizuna geroratzeko bideak zein izan daitezkeen aztertzen ari dira.