Apirilaren 25eko manifestazioan parte hartzera eta genozidioak eta gerrak salatzera deitu dute

Gernika-Palestinak nabarmendu du Euskal Herria elkartasunaren erreferentzia bihurtu dela, baina ez dela nahikoa, ahalegin gehiago egin behar direla.

Gernika-Palestinako Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gernika-Palestinako Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 14a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez beste Gernikarik, ez beste Gazarik, ez genozidiorik, ez gerrarik. Halako suntsiketen eta sarraskien kontrako manifestazioa antolatu du Gernika-Palestina deialdi herritarrak hilaren 25erako: Donostian egingo dute, Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez! lelopean. Gernikako (Bizkaia) bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan izango da mobilizazioa. Hartan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.

«Kalera ateratzeko garaia da, indarrak batzeko garaia da», esan dute Eneko Gerrikabeitiak eta Ibon Meñikak, Bilbon Gernika-Palestina deialdi herritarraren izenean egindako agerraldian. «Besoak jaitsi beharrean, gero eta garrantzi handiagoa dauka konpromisoak hartzeak eta, batez ere, dagozkien herrialde eta erakundeei konpromisoak eskatzeak». Nabarmendu dute Euskal Herria «elkartasunaren erreferentzia» bihurtu dela, baina hori ez dela nahikoa, ahalegin gehiago egin behar direla.

Hiru eratako konpromisoak eskatu behar direla uste dute: batetik, laguntza humanitarioa bermatzea; bestetik, Israelekin eta genozidioa laguntzen dutenekin harreman guztiak etetea; eta, azkenik, nazioarteko legedia betearaztea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaileen aurrera eramatea.

Salatu dute Israelek genozidioa Gazatik eta Zisjordaniatik Libanora ere zabaldu duela, AEBen laguntzaz: «Gerra zabaldu da lurralde osora eta inpunitatearen adibidea dugu AEBen jarrera beste lurraldeetan».

«Konformismorik» ez

Mobilizazioa antolatzeko eta herritarrei laguntza eskatzeko, zenbait datu eman dituzte Palestinako eta Libanoko egoeraren inguruan: Iazko urriaren 10etik, Israelek gutxienez 736 pertsona hil ditu Gazan —180 haur tartean—, eta 2.035 zauritu, eta hildakoak 72.000 dira 2023ko urritik; Zisjordanian, 1.001 pertsona hil ditu —213 haur—, eta 16.104 zauritu; eta Libanon 1.953 pertsona hil ditu eta 6.303 zauritu martxoaren 2tik. Gernika-Palestinako ordezkariek gaineratu dute kopuru horiek behin-behinekoak direla, osasun eta erreskate zerbitzuek lanean jarraitzen baitute, eta litekeena baita hildako gehiago egotea hondakinen azpian. «Errealitate horren aurrean konformismoa ez da onargarria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA