LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, hiru greba egun izan dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako langileek. Asteartean, lehen greba egunean, erantzuna «masiboa» izan zela esan zuten sindikatuek, eta gaur grebaldiaren balorazioa egitean LAB sindikatuak adjektibo hori bera erabili du: «Erantzuna masiboa izan da».
Sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla. «Grebarako oinarrizko eskubidea edukiz husten saiatu dira». Hala ere, mobilizazioaren hasieran jarri zituzten helburuak bete dituztela esan du: «Grebak egungo lan gatazka agerian uzteko ez ezik, euskal hezkuntza sistema publikoan funtsezko rola betetzen duten langileen batasuna indartzeko ere balio izan du».
Ororen buruan, langileen aldarrikapen nagusia da indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa betetzea. Patronalak, ordea, horretarako asmorik ez duela esan dute, eta soldatan egin beharreko igoerak, esaterako, ez dituela egin. Langileen lan baldintzak Eusko Jaurlaritzako langileenekin parekatzea da jarria duten helburuetako bat.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat ere eskakizun jakin bat dutela gogoratu du LABek. «Benetako prozesu bat ireki behar du eskoletako jantokien araudia aldatzeko, eta ratioak, funtzioak eta lanaldiak landu, langileen zuzeneko parte hartzearekin». Esan du egindako aldarrikapenetan aurrerabiderik ez bada egiten mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela.