11,6 milioi euro zahar etxe pribatuentzat. Hori da Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak iragarri duen inbertsioa, Arabako Pentsiodunen Mugimenduak zahar etxe pribatuetan «milioika euro alferrik galtzea» leporatu eta biharamunean. Hain zuzen ere, gaurko prentsaurrekoan zehaztu ditu ahaldun nagusiak Arabako Foru Aldundiak urtean zehar hitzemandako hainbat inbertsio. Horietako bat da adinekoentzako hirurogei plaza hitzartzea lurraldeko zahar etxe pribatuetan. Plaza horiek sare publikoaren erabiltzaileentzako hitzartzeak 2,5 milioko gastua ekarriko dio aldundiari.
Ez da aldundiak sektore horretan egingo duen inbertsio bakarra. Izan ere, Arabako zahar etxe pribatuek 9,1 milioi euro jasoko dituzte sektoreko azken lan hitzarmena aplikatzeko diru laguntzetan. Iragan urteko abenduan onartu zen lan hitzarmen hori, eta politikariek rol nabarmena izan zuten haren izenpetzean: Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak ezinbesteko baldintzatzat jo zuen onarpena, EAJk eta PSE-EEk osaturiko foru gobernuarekin 2026ko foru aurrekontuak aurrera ateratzeko. Urteetako lan gatazkaren ondoren sinaturiko hitzarmenak %32,5eko soldata igoerak aurreikusten ditu 2028ra arte, eta diru laguntzek helburu dute zahar etxeei modua ematea igoera horiei aurre egiteko.
Ikusi gehiago
Hitzarturiko plazei dagokienez, ahaldun nagusiak zehaztu du horietako 31 Gasteizen sortuko direla. Gainerakoei dagokienez, 23 Gorbeialdeko kuadrillan sortuko dira, eta gainerako seiak Aiaraldean. Gasteizen, Tagore, Albertia Campus eta Albertia Centros Gerontologicos etxeek jasoko dute inbertsioa. Gorbeialdean, berriz, Murgiako Purisima Concepcion zahar etxean sortuko dira 23 plazak, eta Aiaraldekoak Aldai de Respaldiza Fundazioak kudeatzen duen zahar etxearekin hitzartuko dira. Hirurogei plaza horiekin, aldundiaren sare publikoak 1.218 adinekorentzako tokia izango du.Â
Hitzarmenerako diru laguntzak
Sektoreko lan hitzarmena ezartzeko diru laguntzei dagokienez, ahaldun nagusiak adierazi du deialdia 90 langile baino gutxiago dituzten zahar etxeetarako dela, hori baino handiagoak direnek «bazituztelako jada orain arteko Estatutako lan hitzarmena hobetzen zuten akordioak». Aurtengo gastuetarako 1.756.697 euro banatuko ditu aldundiak laguntzetan; 2027an, berriz, 3.685.386 euro izango dira, eta 2028an, 3.695.483 euro. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) lurraldeko 49 zahar etxeri eskaini dizkie laguntza horiek.
Laguntzak eskatu zituzten zahar etxeetatik bi baino ez dira geratu kanpoan deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik. Diru laguntzak jasotzeko balditzetako batzuk hauek dira: lan hitzarmena betetzea, indarrean dagoen legedia errespetatzea, eta arretaren kalitatea ebaluatzeko bidea ematen duten txostenak aurkeztea. Orotara, hitzarturiko plazak eta lan hitzarmena aplikatzeko diru laguntzak kontuan izanda, aldundiak 11,6 milioi euro banatuko ditu lurraldeko zahar etxe pribatuen artean.Â