Arabako Foru Aldundiak berretsi egin du errefuxiatuen zentro txikiaren aldeko apustua

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren iritziz, Espainiako Gobernuak Gasteizen egin nahi duen zentroak «arreta pertsonalizatua» eskaintzeko moduko tamaina izan beharko luke, asilo eskatzaileen giza eskubideak hobeto bermatzeko.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta gobernuko kideak, joan den asteko Batzar Nagusien politika orokorreko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta gobernuko kideak, joan den asteko Batzar Nagusien politika orokorreko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
kristina martin
2025eko urriaren 1a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak Gasteizen errefuxiatuentzat egiteko asmoa duen harrera zentroari buruz galdetuta, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak erantzun du arreta pertsonalizatua ematen duten zentro txikien aldeko apustua egingo duela.

Arabako Batzar Nagusien gaurko kontrol saioan, Vox taldeak egindako galdera bati erantzunez, Gonzalezek berretsi du eredu hori egokiagoa dela. «Askatasunaren, duintasunaren eta giza eskubideen aldean gaude; hain justu, zu zauden kontrako lekuan», esan dio Jonathan Romero alderdi ultraeskuindarreko batzarkideari. Foru Aldundiaren aukerak «errefuxiatuen arreta hobetzea du helburu», erantsi duenez.

Izan ere, Voxeko ordezkariak zera egotzi dio Gonzalezi: «gureekiko» arrazakeria. «Kanpokoei lehentasuna emateak gureak baztertuta sentitzea ekarriko du».

Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak 2023. urtearen hasieran jakinarazi zuen Nazioarteko Babeserako Harrera Zentro bat jarri nahi zuela Gasteizen, Arana klinikaren eraikin zaharrean. Orduz geroztik, egitasmoak polemika piztu izan du alderdi politiko eta auzo elkarteen artean, zalantzan jartzen baitute horrelako zentro handiak egokienak ote diren.

Proiektuak 14,7 milioi euroko inbertsioa du, eta hasierako asmoa 350 pertsona hartzea zen. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak toki kopurua 350etik 200era murriztea eskatu izan dio Espainiako Gobernuari, eta Eusko Jaurlaritzak are gehiago murriztu nahi du kopurua. Nerea Melgosa Jaurlaritzako Ongizatearen, Gazteriaren eta Erronka Demografikoaren sailburuak behin baino gehiagotan adierazi izan du Jaurlaritzaren eredua izan behar dela Aranako zentroaren erreferentzia. «80 edo 100 toki izan beharko lituzke, hori baita Jaurlaritzaren eredua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.