ELAk eta LABek beste bi greba egunera deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan

Abenduaren 10ean eta 11n egingo dituzte lanuzteak, lurraldeko lan ituna adosteko negoziazioak «erabat blokeatuta» daudela salatzeko. Bi sindikatuek proposamen bat helarazi diete patronalei eta aldundiari.

Arabako zahar etxe pribatuetako langileen protesta bat, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako zahar etxe pribatuetako langileen protesta bat, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko abenduaren 2a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako lan ituna adosteko negoziazioak ez aurrera ez atzera daude oraindik. Are gehiago, ELA eta LAB sindikatuek salatu dute Arabako Aldundiak eta patronalek ez dutela borondaterik eta interesik elkarrizketa onbideratzeko. Hargatik, sindikatuek beste bi greba egunera deitu dituzte langileak: abenduaren 10ean eta 11n egingo dituzte lanuzteak.

Arabako zahar etxeetako beharginak 2019tik ari dira lurralde mailako lan ituna adostu nahian, eta orduz gero 50 egun baino gehiago egin dituzte greban, salatzeko patronalek ez dutela ezer negoziatu nahi. Izan ere, gaur egun Espainiako sektoreko lan hitzarmenaren pean ari dira langileak, eta, sindikatuen arabera, baldintza «oso eskasak eta prekarioak» dituzte horren ondorioz.

Mila langile inguruk dihardute zainketa lanetan Araban adinekoen egoitza pribatuetan. Gehienak edo ia denak emakumeak dira, eta ordainsaria doi-doi iristen da lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekora. Horrez gain, sindikatuek salatu dute gehiegizko partzialtasuna dutela, urteko lanaldia oso handia dela —1.784 ordukoa— eta laneko osasunaren prebentziorik ez dutela.

AKRA Kataluniako laguntza baliabideen elkartea, Gesca Bizkaiko laguntza zentroen kudeatzailea eta Lares Nafarroako adinekoen egoitza eta arreta zerbitzuen elkartea dira Arabako zaharren egoitza pribatuak kudeatzen dituzten enpresak. Ordea, sindikatuen arabera Arabako Aldundiak ere ez du korapiloa askatzen lagundu, hala egingo zuela agindu arren.

Izan ere, iazko Arabako aurrekontuetan diru sail bat jaso zuten gatazka konpontzeko. EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren artean atera zituzten aurrera aurrekontu horiek. ELAk eta LABek salatu dute, ordea, akordioa izenpetu eta urtebetera ez dela hitzartutakoa bete, eta egoerak «erabat blokeatuta» jarraitzen duela.

«Astakeria bat da aldundiak patronalak benetan negoziatzera behartzeko dituen mekanismo guztiak aktibatu ez izana. Hemen patronalak dira errudunak, baina [Gorka] Urtaran diputatua da azken erantzulea, Arabako Foru Aldundiak ez baitu bere gain hartu zaintza sistema hobetzeko dagokion zeregina», adierazi dute.

Proposamen «errealista»

Bi sindikatuek proposamen jakin bat ere jarri dute mahaiaren gainean, iritzita hurrengo egun eta asteak funtsezkoak izan daitezkeela elkarrizketak onbideratzeko. Zera proposatu dute: itunak 2025 eta 2027 arteko indarraldia izatea; soldatak 21.000 eurorainokoak izatea; urteko lanaldia 100 ordu murriztea; urtean hamabost asteburutan lanik ez egitea; aldi baterako ezintasungatiko osagarria jasotzea gaixoaldi arruntetan ere, Bizkaian egiten den bezala; eta ordu osagarriak kontrolatzeko neurriak ezartzea.

ELAren eta LABen hitzetan, proposamena «egingarria» da, eta akordioa lortzeko modua eman dezake. Bada, erantzukizuna eskatu die alde guztiei. «Negoziatzeko borondatea badute, hitz egingo dugu. Baina orain arte bezala jarraitzen badute, sektoreko langileei eta, oro har, gizarteari azalpenak eman beharko dizkiete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.