Aritz Ibarrak salatu du Ertzaintzak botatako pilotakada batek masailezurra hautsi diola

Ertzain batek gertutik tiro egin zion, Falange Espainolaren elkarretaratzearen kontra protestan ari zelarik, Gasteizen. Ebakuntza egin behar izan diote, eta salaketa jarri du.

gotzon hermosilla
2025eko urriaren 16a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aritz Ibarra ilustratzaileak (Gasteiz, 1992) salatu du Ertzaintzak gertutik botatako pilotakada batek ahoa birrindu eta masailezurra hautsi ziola igandean, Gasteizen, Falange Espainolak antolatutako mobilizazioa zela-eta protestan ari zirenen aurka ertzainak oldartu zirenean. Jasandako zaurien ondorioz, hortz bat erauzi zaio, beste bi galtzeko zorian ditu, eta ahosabaia mugituta dauka. Ebakuntza egin behar izan diote, eta salaketa jarri du erasoaren erantzuleen kontra.

BERRIAri azaldu dionez, igandean Gasteizko Probintzia plazara abiatu zen, «aurkakotasuna adieraztera, iruditzen baitzitzaidan hura probokazio hutsa zela, eta ez bainuen ulertzen nola baimendu zezaketen horrelako mobilizazio bat». Ertzaintza manifestarien kontra oldartu zenean, ihes egiten ahalegindu zen: «Ikusi nuen ertzainak aurrez aurre zeudela, ilaran, eskopetekin apuntatzen; tiro baten hotsa entzun nuen, eta segituan kolpea nabaritu nuen». Sare sozialetan hedatu duen bideoan ikusten da ertzain batek oso gertutik eta zuzenean egiten duela tiro manifestarien aurpegi parera.

Kolpea nabaritu bezain laster, «ahoa birrinduta» zeukala sentitu zuen Ibarrak: «Ahoa hortzez bete zitzaidan. Goiko masailezurra apurtu, eta ahosabaia behera erori zitzaidan. Ahoa zabalik edukita ere, goiko ebakortzek beheko hortzak jotzen zituzten». Ibarrak ez zuen ikusterik izan kolpea gomazko pilota batekin edo foam bala batekin izan ote zen. Ustez, Ertzaintzak utzi dio gomazko pilotak erabiltzeari, eta orain foam balak baino ez ditu erabiltzen, baina jaurtigai horiek ere lagun ugari zauritu dituzte azken hilabeteetan, eta aditu eta eragile ugarik zalantzak agertu dituzte horiek erabiltzearen inguruan.

Ibarrak uste du Ertzaintzaren operazioa «segada bat» izan zela: «Ez zuten handik irteteko tokirik utzi; alde batetik jotzen gintuzten, eta beste aldetik ere bai. Ihesbideren bat utzi izan balute, nik alde egingo nukeen handik». Erietxera jo zuen, eta artatu zuten medikuak «izututa» geratu ziren zauriaren nolakoa ikusita. Hantxe bertan ezpaina josi zioten, eta hurrengo egunean ebakuntza egin zioten: «Orain ikusi beharko da airean geratu zaizkidan goiko ebakortzak galduko ditudan ala ez».

Bizitza aldarazi

Kazetarien aurrean egindako agerraldi batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak esan du zauritutako gazteak ez duela salaketarik jarri inongo polizia etxetan, eta ez dutela «epaitegian jarritako inongo salaketaren berri». Ibarrak, berriz, BERRIAri baieztatu dio salaketa jarri duela epaitegian, abokatuak aholkatuta. Minez dago oraindik, baina, dioenez, mina baino handiagoa da inpotentzia, «ikusita nola norbaitek, arduragabekeriaz edo fede txarrez, momentu batean bizitza aldarazi ahal dizun».

Ibarrak Ertzaintza eta polizia operazioaren arduradunak egiten ditu jasan dituen zaurien erantzule, baina Falangearen mobilizazioa baimendu zutenak ere ez dauzka ahazteko: «Denok dakigu zer den Falangea. Gure herriak pairatzen duen zapalkuntzaren apologia egiten du, eta horretaz trufatzera eta hari gorazarre egitera etorri dira hona. Iraingarria eta onartezina iruditzen zait. Autoz etorri ziren, eta motor kaskoak jantzita eta makilaz armatuta atera ziren aparkalekutik».

Barne ikerketa

Ohar baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iragarri du Ertzaintzak barne ikerketa bat abiarazi duela «Gasteizen izandako istiluetan gazte batek ustez izandako kalteak aztertzeko». Adierazi duenez, Ertzaintzak «komunikabideen bidez» izan du horren berri, «eta ez modu ofizialean», eta, Zupiriak ordu batzuk lehenago egin bezala, berriro esan du ez dagoela auziaren inguruko salaketarik.

Ikerketan, gertatutakoa argitu nahi du Ertzaintzak, eta «erabilitako indarra barne jarraibideekin bat ote datorren» zehaztu. Gainera, EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari ere helarazi diote afera.

EH Bilduren salaketa

Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariaren arabera, baliteke Ertzaintzak iragan igandean egindako operazioa «legez kanpokoa izatea». Azpimarratu du sare sozialetan zabaldutako bideoko irudietan aise ikusten dela nola foam bala batekin zauritu zen Falangearen mobilizazioaren aurka protestan ari ziren herritarretako bat. «Iruditzen zaigu oso larria dela gazte honi masailezurra hautsi izana». Gogora ekarri du Poliziaren gaur egungo legediak debekatu egiten duela distantzia motzean tiro egitea, eta batik bat gerritik gora.

Rodriguezen arabera, arazoaren muina izan da Falangearen elkarretaratzea baimendu izana. «Herri honek memoria dauka, eta badaki iragan ez urrun batean hamarnaka kontzentrazio debekatu dituztela alderdi berek sostengatutako Barne Sailek. Nahikoa da, ez diezaiogun isekarik egin jendearen inteligentziari». Haren esanetan, saileko goi kargudun politikoek «arduragabekeria ikaragarriz» jokatu zuten, ez zutelako elkarretaratze faxista hori debekatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.