«Indarkeria tresna politiko gisa erabiltzea gaitzesteko» proposamena eraman dute EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrera

Legez besteko proposamen bat erregistratu dute Gasteizko igandeko istiluen harira. «Falangeak ordezkatzen duena» gaitzetsi arren, «lotsagabeei lotsagabekeriaz erantzutea» txarretsi dute. EH Bilduk manifestazio faxisten kontrako neurriak eskatu ditu.

Ekain Rico, berbetan, Joseba Diez Antxustegik lagunduta, proposamena aurkeztu dutenean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Ekain Rico, berbetan, Joseba Diez Antxustegik lagunduta, proposamena aurkeztu dutenean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
gotzon hermosilla
2025eko urriaren 16a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrera eramango dituzte Falange Espainolak Gasteizen antolatutako ekitaldiaren ondorioz sorturiko istiluak, indarkeria «ekinbide politiko gisa» erabiltzea gaitzesteko. Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkide jeltzaleak eta Ekain Rico sozialistak aurkeztu dute legebiltzarrean erregistratutako legez besteko proposamen hori, eta, siglak aipatu ez badituzte ere, EH Bildu egin dute euren ekinbidearen helmuga: «Batzuek orotariko analisiak egiten dituzte, indarkeriaren zilegitasunik eza aitortzea izan ezik», azaldu du Ricok.

Hiru puntu ditu EAJk eta PSE-EEk elkarrekin ondutako proposamenak: batetik, Gasteizko gertaerak gaitzestea; bestetik, «indarkeriaren zilegitasunik eza» berretsi eta bortxa «ekinbide politiko gisa» erabiltzea txarrestea: eta, azkenik, elkartasuna eta babesa adieraztea kalteak pairatu dituzten guztiei, eta bereziki Ertzaintzari eta Gasteizko Udaltzaingoari.

Rico eta Diez Antxustegi bat etorri dira «Falangeak ordezkatzen duen faxismoaren» gaitzespenean: «Ez dira ongi etorriak Euskadin, eta haien deialdia lotsagarria eta nazkagarria izan zen», azaldu du Diez Antxustegik. Baina, haren iritziz, «lotsagabeei lotsagabekeriaz erantzutea» ez da onargarria. Antzera mintzatu da Rico: «Ezin da partekatzen ez diren ideien kontra jo herritarrak bahitu gisa hartuz eta kaleak guda zelai bilakatuz».

Ertzaintzaren jarduteko moduaz eta «falangistak babestu izanaz» egindako kritikei dagokienez, Ricok esan du ez duela «eztabaida desitxuratzerik» nahi: «Badaude kritikak egiteko beste gune batzuk, baina zilegi ez den indarkeriaren erabilpenaz ari gara hemen».

EH Bilduren eskaera

EH Bilduk ere legez besteko proposamen bat aurkeztu du legebiltzarrean, «iragan igandekoaren moduko manifestazio faxistarik errepikatu ez dadin». Era berean, koalizio abertzaleak esan du faxismoa edo diktadura frankista goratzen duen ekintza publiko oro «erabat deitoratu» behar dela «frankismoaren biktimekiko begirunez eta herri honek sufritutakoagatik». Testuan, eskatu dute Europan faxismoaren aurka den legedia azter dadila, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tankerako neurriak har daitezen.

Proposamena aurkeztuta, Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak ohartarazi du garai honetan ez dagoela «gezurrezko neutraltasunean erortzerik». Haren esanetan, irmo aurre egin behar zaio faxismoari. «Ezin da neutrala izan Euskal Herria desagertzea nahi dutenen aurrean, lan eskubideen aurka egiten dutenen aurrean edo arrazismoa, matxismoa eta homofobia sustatzen dituztenen aurrean».

Haren irudiko, neutraltasunez jokatuz gero, eskuin muturraren agenda eta esparru politikoa babesten dira. «Halakorik ezin dugu onartu». Gaineratu duenez, ezin da ekidistantziaz jokatu, «are gutxiago Euskal Herrian». «Hemen milaka pertsonari jazarri zitzaizkien diktadura frankistan, eta ezin dugu gorazarrerik normalizatu, jazarpena jasan dutenak birbiktimizatzea baita hori». 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.