Deialdia egin du Irungo Harrera Sareak, salatzeko azken hilabeteetan «ideologia neonaziko» zenbait talde gazte batzuk «inpunitate osoz» mehatxatzen ibili direla Irunen (Gipuzkoa). Era berean, zenbait herritan izandako eraso arrazisten harira, «nahikoa» dela adierazi nahi dute. Bihar egingo dute elkarretaratzea, uztailaren 23an, 19:00etan, Irungo San Juan plazan. Hau izango da leloa: Arrazakeriarik ez. Ez hemen, ez inon. Ez auzo patruilei.
Harrera Sarearen arabera, azkenaldian ideia arrazistak eta faxistak zabaldu dira gizartean, eta Irun ez dago ideia horietatik salbu. Salatu dute «auzo patruila» izenez ezagun diren talde batzuk gorroto mezuak barreiatzen ari direla herrian, «herritarrak itxura edo jatorriagatik seinalatuz». Gehitu dute patruila horiek egiten dutena egiturazko arrazakeria dela, eta «eskuin muturreko diskurtsoa zabaltzeko baino ez dutela balio». «Oldarraldi erreakzionario» horrek herriaren jarrera abegikorrarekin talka egiten duela ere esan dute: «Irunen ez dago lekurik intoleranteentzat eta xenofoboentzat».
Ikusi gehiago
Irunetik kanpora ere jarri dute begirada. Berriki Torre Pachecon (Espainia) edota, urrutira joan gabe, Donostian eta Hernanin (Gipuzkoa) gertaturiko eraso eta jazarpen arrazistak salatu dituzte. Eragile antirrazistek horrelako gertakarien aurrean planto egin beharko luketela esan dute, «berandu izan baino lehen». «Migratzaileen, emakumeen, LGTBIQ+ komunitatearen, langileen, adinekoen eta gazte zaurgarrien eskubideak zapaltzeak eta murrizteak ez gaitu askeago egiten», adierazi dute.
Deialdi bateratua da, eta Irungo zein Donostiako eragileek babestu dute. Alde batetik, Irungo eragile hauek: SOS Arrazakeriak, Larreandi-Olaberria Auzo Elkarteak, Lakaxita gaztetxeak, Bor-Bor kolektiboak, Antxeta Irratiak, LABek, Sortuk, Moskuko jaien asanbladak, Ernaik eta Irungo Antifaxistak. Eta beste aldetik, Donostiako eragile hauek: Donostiako Hiritarron Harrera Sareak, Basajaun Elkarteak eta Kaleko Afari Solidarioak.