EAJk diskrezioari eustea galdegin dio EH Bilduri, negoziazioa ez baldintzatzeko

Diez Antxustegik gogorarazi du akordioa hiru alderdien artekoa izango dela. Arreta ekonomian eta etxebizitza krisian jar dezala eskatu dio Anduezak Pradalesi.

Pradales eta Antxustegi, gaur goizeko bileran, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales eta Antxustegi, gaur goizeko bileran, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko irailaren 9a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak kargu hartu dio Pello Otxandianori, EAErako estatus berrirako negoziazioa «azken txanpan» dela esateagatik. Lehendakariarekin bildu ondorengo prentsa agerraldian, buruzagi subiranistak erakutsitako baikortasunarekin bat ote datorren galdetuta, Antxustegik adierazi du diskrezioa dela adostu zuten lehen araua, eta hori urratzeak ez duela ituna lortzen lagunduko.

Jeltzaleen eledunak berretsi du akordioa, izatekotan, mahaiaren bueltan eserita dauden hiru alderdien artekoa izan beharko dela, hots, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren artekoa. Modu horretan bermatuko delako akordioa zabala izatea eta «herri honen pluraltasuna» ordezkatzea. Ontzat jo du orain artekoa, baina argitu du ez duela xehetasunik emango, negoziazioa ez baldintzatzeko: «Garrantzitsua da diskrezioari eustea, eta marra gorriak edo baldintzak ez jartzea, are gutxiago hedabideen aurrean. Uste dugu horrek ez duela laguntzen».

Antxustegik beste gai batzuetan egin nahi izan du azpimarra. Administrazioan burokrazia arintzeko xedea da horietako bat; adierazi duenez, funtsezkoa izango da proiektu estrategikoak garatzeko eta herritarrekiko konfiantza lortzeko bidean. Bozeramaile jeltzaleak premia horren adibide gisa aipatu ditu etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko edo inbertsioak erakartzeko beharra. Adierazi duenez, urte honetan onartu nahi dituzten hainbat lege baliatu nahi dute helburu hori lortzeko, hala nola sektore publikoa arintzeko eta sinplifikatzeko legearen bitartez. 

Eusko Legebiltzarrari dagokionez urte politiko «bizia» izango dela nabarmendu du, hamahiru lege onartzea espero baitute. Hori horrela, oposizioari ekinaldi horiek babesteko deia egin dio. Bereziki EH Bilduri eta PPri zuzendu die mezua, eta eskatu die orain arteko giroari eusteko, hauteskunde zikloak elkarren arteko lehia areagotzea ekarriko badu ere.

«Lehentasun soziala»

Eneko Anduezaren hitzetan, ordea, autogobernuaz harago beste lehentasun batzuk daude, eta azpimarratu du sozialisten zeregina, hain justu ere, gobernu koalizioak «norabidea ez galtzea» dela. Izan ere, PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, bizitzaren kostuaren garestitzea eta etxebizitza dira herritarren kezka nagusiak, eta, hori dela eta, EAJri ohartarazi dio «tarteka agertzen den lehentasun nazional hori» alboratu eta «lehentasun sozialari» heltzeko. «Inoiz baino beharrezkoagoa da ongizate estatuarekin eta zerbitzu publikoekin konprometituta dagoen gobernu indartsu bat izatea», adierazi du.

Pradales eta Andueza, gaur goizeko bileran, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales eta Andueza, gaur goizeko bileran, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU

Hala, arreta aurrekontuetan jartzea galdegin dio lehendakariari, hori delakoan Jaurlaritzak eskura duen tresnarik garrantzitsuena. Pradalesi eskatu dio aurrekontu «hedakorrak» aurkezteko, zerbitzu publikoen eta ongizate estatuaren beharrei erantzuteko. Baita bizitoki krisiari aurre egiteko ere. Hain justu ere, horri lotuta, iragarri du proposamen bat aurkeztu diola lehendakariari: legea aldatzea etxebizitza babestuek kalifikazioa gal ez dezaten. 2003an egokitu zen legea, eta orduz gero eraikitako etxeak ezin dira merkatu librean saldu. Bada, legea aldatu aurretik eraikitako etxeekin ere gauza bera egitea da asmoa, gutxienez tentsio handiko eremuetan daudenekin.

Izan ere, etxebizitza babestuek 30 urteren buruan galtzen dute kalifikazioa, eta, beraz, 2003aren aurretik eraikitako etxebizitzak merkatu librean sal daitezke, administrazioaren kontroletik kanpo. Gutxi gorabehera 55.000 etxebizitza babestu saldu dira merkatu librean azken urteetan, eta baliteke beste 5.000 saltzea hurrengo urteetan. Hori eragotzi nahi du Alderdi Sozialistak. «Beste etxebizitza babesturik ez galtzea da helburua», nabarmendu du Anduezak.

Lege aldaketa aurrekontuen tramitazioaren bitartez egin nahi du PSE-EEk, xedapen gehigarri baten bidez. Anduezak jakinarazi duenez, Denis Itxaso alderdikideak zuzentzen duen sailaren proposamen bat da, baina EAJ onartzeko prest dago. Horrez gain, Anduezak esan du lege aldaketa «guztiak» babestuko dituztela etxebizitza funtsa lehenbailehen eratzeko ere.

Eskumenen transferentziei dagokienez, esan du dokumentuak trukatzen ari direla, batez ere portuen titulartasunari lotuta; hura da Gernikako Estatutuaren inguruko eztabaidagai nagusietako bat Gasteizen eta Madrilen artean. Edonola ere, espero du Imanol Pradalesek eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek luze gabe egingo dutela bitariko bilera; uztailean egitekoa zen, baina Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen, «eduki politikoa» falta zela eta.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA