Hasi berri den urte politikoa «garrantzitsua» izango dela iritzi dio Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Eskuin muturra agintera hel daitekeela eta, ohartarazi du «jokoan asko» dagoela. Hori dela eta, azpimarratu du inoiz baino beharrezkoagoa dela Euskal Autonomia Erkidegorako estatus politiko berri bat adostea. Baikor mintzatu da EAJ, EH Bildu eta PSE-EE egiten ari diren negoziazioei buruz, eta nabarmendu du «azken txanpan» daudela: «Uste dugu akordio politikoa lortzeko garaia iritsi dela».
Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu ondoren egin du hausnarketa hori Otxandianok. EH Bilduren bozeramailearen esanetan, autogobernua giltzarri izango da Espainiako Gorteetarako bozetan zer gerta ere. Izan ere, azaldu duenez, gobernu aurrerakoiak aginteari eustea lortuz gero, akordioa «garatzeko» modua emango luke. «Baina eskuin muturra iristen bada, herrialde honek bere subiranotasuna, nortasun nazionala eta eskubide sozialak defendatzeko izango duen mugarria izango da», azpimarratu du.
Hori bai, ituna egin behar dela ohartarazi du, eta horretarako lan egin beharko dutela: «Hurrengo hilabeteak erabakigarriak dira horretarako; gure onena eman behar dugu prozesua bururaino eramateko». Eta gehitu du lehendakariak ere alor horretan lan egin beharko lukeela, eta Pradalesi leporatu dio eztabaidatik kanpo geratu izana Gernikako Estatutua osatzearen aitzakiarekin. «Lehendakariak asko du egiteko prozesu honetan; eztabaida dimentsionatu behar du, neurria eman behar dio».
«Mugimenduen» beharra
Akordiorako aukera ikusten du Otxandianok, baita beste zenbait alorretan elkarlanean aritzekoa ere. Hain justu ere, autogobernuaz harago, herri akordioak lor daitezkeen beste zazpi gai jarri dizkio Pradalesi mahai gainean: etxebizitza, Osakidetza, industria, klima larrialdia, migrazioa, adimen artifiziala eta euskara. «Mugimenduak» deitu die horiei. «Ez da erretorikarako garaia. Herri honek mugimendua behar du garai konplexu eta ziurgabe honetan», esan du.
PROPOSAMENAK
- Etxebizitza publikoen sustapenerako estrategia zabala definitzea.Â
- Osakidetzako lan gatazka konpontzea.
- Industria estrategia zehaztea, proiektu eraldatzaileak zer diren definituta.
- Klima larrialdiari aurre egiteko politikak bizkortzea.
- Migrazioari buruzko politikak zehaztea.
- Adimen artifiziala zabaltzen ari den honetan, aurre egiteko gaitasunak garatzea.
Euskara ikasteko sarbidea eta aukera unibertsalizatzea.
EH Bilduko bozeramaileak uste du ezinbestekoa dela lankidetza sustatzea eta akordio zabalak lortzea, estrategikotzat jotzen diren alor horietan bereziki. Aurrekariak badaudela gogorarazi du, eta, beraz, iritzi dio ez dagoela «aitzakiarik»: «Herri gisa aritzeko lurzorua badago; beraz, ez dago aitzakiarik». Ohartarazi du «legealdia amaitutzat emateko arriskua» dagoela gainontzean, urte eta erdi luze iraun dezakeen hauteskunde ziklo bat abiatuko baita hurrengo hilabeteetan.
Bada, alderdien interesak alboratu eta herri gisa jardutea galdegin du Otxandianok. Bereziki EAJri mintzatu zaio, eta EH Bildurekin akordioak egin nahi dituen edo ez argitzeko eskatu dio. «Ulertzen dugu hauteskundeei begirako taktika politikoak daudela, baina kontziente gara zein den egoera? Norbaitek uste du bloke erreakzionarioari aurre egingo diogula modu honetan? Uste dut ezetz. Eusko Legebiltzarrean baldintzak badaude; beraz, baliatu ditzagun».
Hala, Jose Antonio Agirre lehendakariaren «espiritua» aldarrikatu du, eta esan du «gutxieneko akordioak» behar direla egungo egoerari erantzuteko. Esan du EH Bilduk erabateko «prestasuna, eskuzabaltasuna eta ardura» duela horretarako, eta hala jakinarazi diola lehendakariari ere. «Utz ditzagun espekulazioak alde batera, eta jar gaitezen lanean».