Foruzaingoak foam bala bat jaurti zion gizon bati bekain gainean, Vito Quilesen kontrako elkarretaratzean

Bost foruzainek tiro egin zuten Iruñeko Golem zinema aretoen parean istiluei begira zegoen jendearen aurka. Asiron: «Oso argi dut nondik etorri den probokazioa»

(ID_16541415) NAV PELOTA VASCA
Joseba Asiron eta Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, gaur, prentsaurrekoan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko urriaren 16a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo arratsaldean Iruñean izandako istiluak deitoratu ditu Joseba Asiron Iruñeko alkateak. «Ezin dut ontzat jo istiluak sortzea eta hiri altzariak hondatzea». Alta, Asironek argi utzi du Vito Quilesen ekitaldi faxista izan zela guztiaren zergatia: «Argi dut nondik etorri zen probokazioa», azaldu du, eta gaineratu: «Hau ez da norbait bere ideiak eta ikuspegia azaltzera etortzea. Hau probokazioa eta faxismoa da, eta faxismoak ideiak suntsitzea du helburu». 

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurretik Vito Quilesek bira bat egingo du, eta Iruñea hautatu zuen abiapuntu gisa. «Ez du halabeharrez aukeratu Iruñea. Oso hiri antifaxista da, eta desberdinen arteko elkarbizitzaren eredua», azaldu du Asironek. Haren ustez, baina, halakoak ez dira saihetsezinak. «Etortzea eragozten ez bazaio, beste hiri batzuetan barna egin nahiko du bira hori», kritikatu du.

Asironen iritziz, gogor egin beharko litzateke «gorroto mezuen aurka». Asiron bera Gazteluko plazan izan zen atzo. Hasieran, Quilesek Iruñeko gune nagusi hori hautatu zuen bere jarraitzaile eskasak biltzeko, baina baimenik eskatu ez zuela-eta, azkenean Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak Yamaguchi plazara aldatu zuen Quilesen ekitaldia. Gazteluko plazan, bestalde, elkarretaratze jendetsua egin zen. «Harresi sozial eta plurala altxatu zen, irmo, eta eredu horrekin guztiz bat egin dut».

UPNko presidente Cristina Ibarrolak guztiz bestelako interpretazioa egin du, eta arreta Quilesengan jarri ordez, haren aurka egin zuten manifestari antifaxistengan jarri du. «Kale borrokako ekintza horiek irmo gaitzesten ditut. Ezerk ere ez du indarkeria justifikatzen».

Asironen jarrera ere txartzat jo du. «Ez da gai betikoek, muturreko ezker abertzaleko kideek, egindako indarkeria gaitzesteko». Jarraian, betiko mezua zabaldu, eta PSNren aurka jo du. «Onartezina da PSNren moduko alderdiek EH Bilduk bultzatutako bizikidetza plan bat babestu nahi izatea». Iruñeko Udala elkarbizitza plana lantzen ari da, eta horren harira esan du hori. «PSNk botereari eutsi nahi dio, eta berdin zaio Iruñeko aginte makila Joseba Asironi eman izana». 

Marina Curiel PSNko hautetsiaren ustez, «Iruñeak ez du halakorik merezi». Curielen arabera, «batzuen eta besteen ekinbidea gaitzetsi behar da». 

Mikel Armendariz Geroa Baiko hautetsiak istiluak gaitzetsi ditu, eta elkartasuna adierazi die zaurituei. Haren esanetan, zauritu bat «uste baino larriago» dago. Armendarizek salatu du Vito Quilesek «nahi zuena lortu» duela. «Ez zen mitin bat egitera etorri; helburu jakin batekin etorri zen, eta lortu zuen. Geroa Baikoak antifaxistak gara. Halakoak ez datoz hona adierazpen askatasuna aldarrikatzera, probokatzera baizik». 

Foruzaingoak tiro egin zuen

Zaurituetako bat gizon bat da. Foruzaingoak foam bala bat jaurti zion bekain gainean, begitik oso gertu. Atzo 18:35ean gertatu zen, Baiona etorbideko Golem zinema aretoen aurrean, eta, bertan ziren hainbat lekukoren arabera, Foruzaingoak egin zuen tiro. BERRIAk baieztatzen du orduan bost foruzain zeudela kalearen bestaldean. Espainiako Polizia foruzainengandik 75 metrora zeuden, ezkerrera, Ermitagaña eta Baiona etorbideko biribilgunean ziren istiluei aurre egiten. Manifestari antifaxistek edukiontziak jarri zituzten errepidean, eta harriak jaurti zizkieten poliziei.

Golem Baiona zinema aretoen parean eta ondoko tabernatan jendea istiluei begira zegoen, lasai. Lekuko baten arabera, norbaitek zerbait bota zuen, eta foruzainek foam balak jaurti zituzten. Baletako batek gizon bat jo zuen buruan. Ingurukoek berehala artatu zuten. Anbulantziak etorri ziren, eta, larrialdietako langileen arabera, gizona «egonkor» dago. Oso toki txarrean jo zuen balak; ondorioz, osasun zerbitzuak haren bilakaerari adi egon dira.

Foruzaingoak ez du goma pilotarik erabiltzen, foam balak baizik. Dena den, araudien arabera, ezin da burura tiro egin. Gizona zerraldo erori zen. Begitik oso gertu egin zioten tiro, eta halako tiroak arriskutsuak dira. Lekuko baten arabera, odoletan hasi zen, eta ingurukoek berehala artatu zuten anbulantziak etorri arte. Gizona esna zegoen.

Beste lekuko bat foruzainak zeuden alde berean zegoen, baina zauritua artatzen laguntzera joan zen berehala. Kontatu duenez, Yamaguchi plazatik Baiona etorbiderantz zihoan gazte bat foruzainengandik hurbil igaro zenean, haietako batek tiro egin zion oso gertutik. Dena den, ez dago zauritu horren berririk.

Gutxienez atzo hiru lagun atxilotu zituzten. Gaur elkarretaratzera egingo dute 19:00etan, Nabarreria plazan, atxilotuak aska ditzatela eskatzeko. Haien egoerari buruzko daturik ez dago oraingoz.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA