Aske utzi dituzte atzo Baionan atxilotutako Jardun koordinakundeko hiru kideak, baina bi urtez Frantziako Estatuan sartzeko debekua ezarri diete. Aske antolakundeak ohar bidez eman du horren berri, eta atxiloaldian Frantziako Poliziak izandako jarrera gaitzetsi du, baita Frantziako eta Espainiako Poliziaren artean egondako kolaborazioa ere.
Antolakundeak azaldu duenez, Frantziako Poliziak atxilotuen abokatuari esan zion 19:30ean askatuko zituztela, baina 01:00ak arte ez ziren handik irten. Kontatu dute hiru kideak furgoneta batean sartu zituztela, eta Espainiako Poliziaren esku utzi zituztela, Irungo komisariaren atarian. «Hau guztia abokatuari ezer esan gabe egin zuten, eta atxilotuei inolako deirik egiten utzi gabe; kideen artean nahasmendua sortu zuen horrek», gehitu dute. Horrez gain, salatu dute Baionako komisariara bertaratutako beste kideei «gezurretan» aritu zitzaizkiela, esan baitzieten atxilotuak Paueko komisariara lekualdatu zituztela.
Hiru kide horiek Baionako suprefeturan kateatu ziren atzo goizean, Gerra inperialistaren eta miseriaren aurrean antolatu lelopean, Frantziako Gobernuak ezarri asmo duen soldaduska behartua salatzeko. Suhiltzaileek askatu ondoren, hirurak atxilotu zituzten, eta haiei babesa ematera joandako beste hainbat lagun ere identifikatu zituzten.
Atxiloketa horiek salatzeko, elkarretaratze bat egin zuten atzo eguerdian, Baionako komisariaren aurrean. Alabaina, Polizia bortizki oldartu zitzaien bertaratutakoei: negar gasa bota zien, eta hainbat pertsona zauritu zituen; are, gazte bat larrialdietara eraman behar izan zuten. Gertaera horiek salatzeko, beste elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean, Baionako herriko etxearen aurrean.