«Atzeraldi antolatua» ulertzeko gakoak

ELAk txosten bat plazaratu du euskararen inguruan urteotan harrotu den oldarraldia nondik datorren eta izan dituen ondorio nagusiak esplikatzeko.

Pello Igeregi txostena aurkezteko agerraldia hasi aurretik, gaur. BERRIA
Pello Igeregi txostena aurkezteko agerraldia hasi aurretik, gaur. BERRIA
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 20a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Plazan da ELA sindikatuak euskararen kontrako oldarraldi judiziala ulertzen laguntzeko egin berri duen txostena: Euskara auzitan. Oldarraldi judizial eta sindikal baten ebazpena. Sindikatuko Euskara arduradun Pello Igeregik aurkeztu du gaur goizean, Donostian. Hizkuntza normalizatzeko neurrien kontra urteotan ebatzi diren sententzien atzean euskararen aurkako asmorik ez dagoela argudiatzen duten horiek gezurtatu nahi izan dituzte txosten honen bidez. Horiek horrela, berretsi egin dute lehendik maiz ozendutako mezua, berriki Bilbon LABekin batera egin zuten manifestazioan ere lau haizeetara zabaldutakoa: «Oldarraldia izan, bada».

«Zeren eta bada eraso antolatu bat, edo behintzat atzeraldi antolatu bat. Antolatua da, zenbait eragilek demandak probokatu dituztelako, eta horretarako babes politiko eta mediatikoa izan dutelako», salatu dute txostenean. Areago, hainbat sententziaren atzean «iruzur prozesal antolatua» dagoela ere esan dute. Txostenaren bidez «herri aktibazioa» piztu nahi dute, «oldarraldiaren nolakotasuna ezagututa» euskaltzaleak martxan jartzeko. Horra jasotako zenbait gako, atalka banatuta:

Legearen mugak, eta «traizioa»

Hego Euskal Herrian, egungo ordenamendu juridikoaren zimenduetan dago mugetako bat: Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluan. Espainiar guztiek gaztelaniaz jakiteko «obligazioa» dutela hantxe jasota dago. «Nagusitasun juridiko» hori gogoan hartu behar da epaileek euskararen normalizazioa bultzatzeko neurrien inguruan egindako «interpretazio atzerakoiak» ulertzeko. 

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dituzte lege aldetik aurrerabideak egiteko aukerarik handienak, baina hamarraldiotan elebitasun unibertsala lortzeko ibilbide progresiboari «traizio» egin zaiola salatu du ELAk txostenean. 1982koa da Euskararen Legea, eta, haren helburua «errealitate soziolinguistikoa aldatzea» bazen ere, sindikatuaren ustez motzak izan dira hor egindako aurrerabideak. Eta, horra ondorioa: «44 urte geroago soilik euskaldunok dauzkagu arazoak administrazioarekin euskaraz aritzeko».

Ez da sindikatuaren uste hutsa. Beste hainbat eragilek ere salaketa bera egiten dute. 25 urte bete berri ditu, esaterako, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, urtero plazaratzen ditu hizkuntza eskubideen urraketei buruzko txostenak eta herritarren kexa asko dira administrazio publikoetan ere ez delako bermatzen euskarazko arta. Eta urraketa horietako asko gertatzen dira, hain justu ere, euskararen ezagutza egiaztatzeko bideak ezarrita dauden administrazioetan: Eusko Jaurlaritzan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetan eta hiru herrialdeetako udaletan.

Oldarraldiaren inguruko berri askotan «derrigortasun indizea» aipatzen da. Euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den ehunekoa da indize hori. Datu soziolinguistikoak kontuan hartuta kalkulatzen da. ELAk txostenean gogora ekarri du oldarraldiaren «muinetako» bat dela. «Derrigortasun indizea gehieneko muga bat da, epaileen ustez». Baina azaldu du hori ez dela izan beti horrela. 1989an onartutako dekretu batean jarri zituen Jaurlaritzak administrazio publikoa euskalduntzeko irizpideak, han ezarri zen lehen aldiz indize hori, eta ELAk esan du han «beren-beregi» jaso zela indize hori «gainditu» daitekeela. Epaitegiek, hain justu ere, bolada luze batean ontzat jo zuten ikuskera hori, baina urteotan aldatu dute jarrera.

Aldiz, ELAren ustez, Jaurlaritzak egin dituen lege aldaketetan ez du hori eragozteko biderik ireki: «ostrukarena» egitea egotzi dio, eta areago «eragile euskarafoboen presioei» men egitea. Orain Euskal Enplegu Publikoaren legea erreformatzeko prozedura bi irekita daude Eusko Legebiltzarrean, eta horien bidez bestelako egoera baterako bidea ireki behar dela maiz esana du sindikatuak. Berretsi egin du gaur Igeregik. 

Behin-behinekotasunaren aurreko erabakiak

Administrazio publikoetan urte askotan hazten utzi zen «behin-behinekotasunari» aurre egiteko neurri asko hartu behar izan dira urteotan erakunde publikoetan, eta horri lotuta etorri dira euskararen normalizazioa helburu duten neurrien kontrako ebazpen judizial asko. ELAk salatu du Espainiako Gobernuak —CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen babesarekin— langileen «kontsolidaziorako» marko «prekario bat» proposatu zuela 2021ean, eta horri egotzi dio, hein handi batean, gertatu dena. ELAren arabera, akordio haren ondorioz, langile guztiak «oposizio lehiaketa arruntetara» bideratu zituzten, eta prozesu horietan ikusi dute hainbat langilek beren burua motz, euskara egiaztagiririk gabe, eta hori lortzen laguntzeko bide antolaturik gabe.

Espainiatik «inposatutako» araudi horri dagokionez, gogoratu dute ELAren proposamenak bestelakoak izan direla: hiru urtez behin-behinean lanean ari ziren langile guztien «kontsolidazioa», eta neurriak proposatu zituzten langile edadetuenak hizkuntza eskakizunetatik salbuesteko eta euskara ikasten ari ziren langileen egiaztatze prozesuak «geroratzeko». Gogora ekarri dute, halaber, asmo horrexekin 2022an Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta LABekin ere hitzartu zuela plan bat hamabost urteko epean administrazio publikoa euskalduntzeko. Salatu dute, ordea, arlo horretan aurrera egiteko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari egindako proposamenek «erantzunik» ere ez zutela izan.  

CCOOren argudioei aurre

ELAk propio erantzun nahi izan die txostenean CCOOk auzi honen inguruan mahai gainean jartzen dituen argudioei. Horra hainbat adibide. Haien eskarietako bat da hizkuntza eskakizunak «herritarren hizkuntza hautu errealaren arabera» ezartzea. ELAren erantzuna: «Menpekotasun egoera batean zapaldutako herritarren hautu erreala abiapuntu gisa hartzea erabat supremazista da». CCOOk etengabe nabarmentzen duen beste irizpideetako bat da derrigortasun indizeak «gehieneko» muga izan behar duela. ELArentzat, ordea, indize hori abian jarri zeneko legearen espiritua urratu nahi da horrela: «Euskalduntzea progresiboki egingo zela bermatzea zen helburua». Merituak aintzat hartzeko orduan euskarari muga bat jartzea ere proposatzen du CCOOk. Horretan ere erantzun egin dio ELAk. «Beste edozein ezagutzarekin ez dute planteatzen merituak mugatzea».

Sententzien amarauna

Askotarikoak izan dira urteotan euskararen normalizazioaren kontrako sententziak. Lau epai mota izan direla zehaztu du ELAk. Derrigortasun indizearen kontra ebatzitakoak, 45 urtetik gorako behin-behineko langileak euskara ezagutzetik salbuesten dutenak, administrazioen azpikontratazioetan hizkuntza klausulak ezartzea debekatzen dutenak, eta administrazioaren euskarazko funtzionamendua «ezinezko» egiten dutenak, EAEko udal legearen eta hori garatzeko dekretuaren kontra ebatzitakoak, kasurako. 

Txostenean propio salatu dute CCOOk epai horietako hainbaten atzean izan duen rola, eta salatu dute «bost kasutan behintzat» lan deialdietan «interes legitimorik gabeko» pertsonak «bultzatu» dituztela kontrako helegiteak jartzera. Argia astekariak propio portaera horiek agerian uzteko kazetaritza lan bat argitaratu zuen martxoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA