Milaka euskal herritar mugitzen dira egunero garraio publikoari esker. Hainbat modalitate daude, egoerara moldatzeko modukoak: aldiriko trenak, lineako autobusak, udalerri handiak zuzenean lotzen dituzten autobusak, Bilboko metroa, tranbiak... eta baita txalupak ere, tartean Hondarribia (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artekoa eta Pasaiako badia (Gipuzkoa) gurutzatzen duena. Eta uretatik ezin denean, ibaia zubi batetik zintzilik gurutzatzen duenik ere bada, Bizkaia zubian. Baina, azken urteetan, hara-hona ibiltzeko beharrak handitu diren heinean, auto partikularraren erabilera handitu egin da, baina baita garraio zerbitzu publikoena ere. Bi kexa nagusi daude zerbitzu horien inguruan: zerbitzua kaskarra dela eta leku batzuetan zerbitzurik ez dagoela. Arazo horiek azaleratzeko eta «etorkizuneko garraio ereduaz hausnartzeko», Geltokika izeneko bira egingo dute asteburu honetan, Jauzi Ekosozialak antolatuta. Ostiraletik igandera izango da, Hego Euskal Herriko hainbat txokotan ariko dira, eta garraio publikoan mugituko dira leku batetik bestera.
Bilboko geltoki intermodaleko plazan hasiko dira, ostiraleko 17:00etan, eta Iurretara (Bizkaia) joango dira autobusez. 18:30ean, Iurretako Abadetxean, aztergai izango dute mugitzeko aukerak zer-nolakoak diren hiriguneetatik kanpo, Autoaren esklaboak? galderari erantzunez. Bi ordu iraungo du ekitaldi horrek, eta 21:30ean bertso afaria egingo dute leku berean; Araitz Katarain eta Ixone Asategi ariko dira kantuan. Biharamunean, larunbatean, Iurretatik Zumaiara (Gipuzkoa) egingo dute bidea, trenez, eta ibilaldi bat eta solasaldia bat uztartuz, errepasoa emango diote Urolako trenaren aldeko borrokaren historiari.
Horren ostean, Donostiara joango dira, eta Gipuzkoako hiriburuko Kalapie elkartearekin batera, solasaldi bat egingo dute bazkaldu bitartean, 14:30ean, hiriko mugikortasun aktiboari buruz. Egiako Kristinaenea parkean egingo dute, eta horren ostean, Altsasura (Nafarroa) mugituko dira, abiadura handiko trenaren eta tren konbentzionalaren arteko talkaz solastatzeko. 18:00etan izango da solasaldia, Kukoerreka elkartean. Eta azkenik, igandean Gasteiza mugituko dira, autogintza industriari buruz hausnartzeko eta bestelako garraio eredu batekin zer-nolako industria sor daitekeen pentsatzeko. Sumendi espazioan egingo dute gogoeta, 12:45ean hasita.
Otorduak eta gauetako egonaldiak Jauzi Ekosozialak antolatuko ditu, eta zerbitzu horiek erabili nahi dituztenei inkesta bat betetzeko deia egin die; sare sozialetan jarri dute inkesta hori.