ESTATUS POLITIKOA

Autogobernu Lantaldea «beste lan fase batean» sartuko da

EH Bilduk bere testu propioa gizarteratzeko kanpaina bat abiatuko du, eta EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi eskatu die hiruren artean adostutako tesua lege proposamen gisa erregistratzeko.

Mikel Legarda —eskubian—, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko urtarrilaren 31
17:09
Entzun

Eusko Legebiltzarrean izan da gaur Mikel Legarda, EAJko diputatua eta Gernikako estatutua erreformatzeko testu artikulatu bat osatu duen batzorde teknikoko kidea. Batzorde horrek abenduaren 2an utzi zuen hamahiru hilabetetako lanaren emaitza Eusko Legebiltzarraren esku, eta urtarrilean adituek Autogobernu Lantaldean eman dituzte eginiko lanari buruzko azalpenak —Jaime Ignacio del Burgo PPk izendatutako aditua ez zen joan—.

Legarda izan da horietan azkena. Agerraldiak ateak itxita izan dira, eta Legardak ez du ondoren adierazpen publikorik egin, baina, ohar batean, EAJk eskerrak eman dizkio «proposamen bideragarria eta adostasunezkoa aurkezteko» eginiko lanagatik.

Orain, zer? Adituen agerraldiak amaituta eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak lau hilabete barru izateko aukera aintzat hartuta, ikusteko dago Autogobernu Lantaldeak zer pauso eman dezakeen datozen asteetan. EAJk azaldu du lantaldeak «lan fase berri bati» ekingo diola eta EAJk «ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko borondate onenarekin» ekingo diola: «Une horretatik aurrera, lantaldean aurkeztutako dokumentu guztiak aztertu beharko dituzte taldeek, eta estatus berriaren proposamena idatzi, legebiltzarrean izapidetzeko».

Jeltzaleek erantsi dute «sakonean inplikatuko» direla «Euskadiren errealitate nazionala aitortzea eta estatuaren nazio-aniztasuna onartzea ekarriko duen akordio bat zabaltzeko eta indartzeko».

Gizarteratze kanpaina bat

Agerraldien fasea amaituta, adituek egindako erronda honetan «ez da berebiziko ekarpen politikorik egon», Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, «aurretiaz ere beren posizioak idatziz bidali zituztelako». Halere, nabarmendu du «konstatazio bat» egon dela: «EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek erdietsi duten akordioa bere garaian parlamentuak emandako aginduaren kontrako norabidean doala».

EH Bilduk amaitutzat jo du «eztabaida hau eremu pribatuan mantentzearen fasea», eta, beraz, EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi eskatu die hiruren artean adostutako testua lege proposamen gisa erregistratzeko: «Pauso hori eman behar dute eztabaidari bide emateko, azken helburu gisa estatus politiko berri bat lortzeko, baina, bestetik, egiten ari garen saio hau gizarteratzeko». Hori «zentzuzko epe batean» egin beharko lukete. Ez du argitu EH Bilduk bere testu propioa lege proposamen gisa erregistratuko duen edo ez.

Aitzitik, Urruzunok azaldu du EH Bilduk «neurriak» hartuko dituela eztabaida kaleratzeko. Bere testu artikulatua sozializatzeko kanpaina bat abiatuko du herritarrekin eta eragileekin, «jendeari azaltzeko zertan oinarritzen diren proposamenen edukiak».

Eduki horien artean dago erabakitzeko eskubidea, eta gai hori hartu du Urruzunok adibide gisara, adierazita atal hori ez dagoela jasota hiru indarrek adostutako testu artikulatuan: «Konstatazio bat izan da; bertatik igaro diren aditu gehienek hala adierazi dute. Aditu batek esan zuen EAJk xedapen gehigarrian jasotako formulazioa «desideratum eta autoengainu» bat dela».

PP ere mintzatu da gaiaz, kritikoago. Carmelo Barrio legebiltzarkideak salatu du adituen agerraldiak «edukirik eta gardentasunik gabeko azpijoko politiko bat" direla: «EAJk denbora irabazi nahi du, egiazko negoziazioa Madrilen dagoelako». Aldiz, nabarmendu du lantaldeko jardunak agerian utzi duela 1979ko estatutua dela «euskal herritarren arteko elkarbizitza politikoa artikulatzeko gai den tresna bakarra».

Hiru testu

Legardaz eta Del Burgoz gain, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok eta Alberto Lopez Basagurenek hartu dute parte batzorde teknikoan, eta Legardak azken bi horiekin adostu du testuaren bizkarrezurra; Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk proposatutako adituekin, beraz. Testu komun horretan jasota daude hiruren arteko desadostasunak —boto partikularren eta formulazio alternatiboen bidez—, besteak beste, naziotasunaren aitortzan eta erabakitzeko eskubidean. Urrutiak eta Del Burgok, berriz, testu propioak aurkeztu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.