Azaroaren 29ko bozak: euskal agenda zokoratuko duen «kanpaina zikina»

Etxe eskubideak du lehentasuna eztabaida sozialean, baina politologoek ohartarazi dute oraindik neurtzeko dagoela zein den leherketa horren benetako indarra. Uste dute euskal alderdiek Espainiako logikaren barruan lehiatu beharko dutela.

Pedro Sanchez eta Eneko Andueza, hauteskunde kanpaina egiten, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Pedro Sanchez eta Eneko Andueza, hauteskunde kanpaina egiten, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Gorteetarako hauteskundeetara deitu izanak ez ditu ezustean harrapatu euskal alderdiak, haien eledunen arabera. Baina orain bi aste inor gutxik aurreikusiko zuen Madrilen egindako etxegabetze batek leherketa sozial bat ekarriko zuela, eta haren ondotik bozen deialdi aurreratua iritsiko zela. Nola daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekosisteman aritzen diren alderdiak kanpaina baten lehian sartzeko? Zein izango da lehia horren eztabaidaren esparrua? Galdera horiei erantzuteko, politologo birengana jo du BERRIAk: Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko ikerlariarengana eta Eva Silvan Silvan&Miracle aholkularitza zerbitzuaren fundatzailearengana.

«EH Bilduk legealdiak aurrera jarraitzea nahi zuen. EAJren kontakizuna zen legealdia bukatuta zegoela, eta horixe gertatu da. Horrek badu garrantzia, baina ez dio lagunduko askorik Espainiako polarizazio kanpainatik ihes egiten, eta gauza bera gertatuko zaio EH Bilduri, nahiz eta bloke baten barruan egon den modu argian». Hori da Gomezen lehen hausnarketa: 2023ko bozetan ikusi zen joera askoz modu argiagoan gauzatuko da: «Euskal agenda desagertu egingo da, eta baliteke euskal alderdiak deseroso egotea. Hau izango da dena: Sanchez bai ala ez».

Jokaleku nagusia Madril izango da, beraz, Gomezen ustez, eta plebiszitu kutsuarekin jokatuko dira askorentzat inoizko hauteskunde garrantzitsuenetakoak izango direnak. Alde batera Sanchez, bestera «faxismoa», baina etsai orokor horri hasi zaizkio jartzen abizenak: «Orain putre funtsak dira etsai berriak, eta etxebizitza eztabaidarako esparrua. Garai batean troika izan zen, eta orain putreak dira. Sanchezek goraino eramango du polarizazio hori: putreak edo ni. Eta EH Bilduk ezingo dio aurrea hartu eduki horretan ezkerretik».

Kanpaina zikina dator

Horrez gain, alderdiek kanpaina zikin baterako prestatu behar dutela uste du Gomezek. «Inoiz baino kanpaina zikinagoa dator, arlo judizialean, polizialean eta hedabideetan. PPk eta Voxek lor dezakete etxebizitzaren inguruan sortu den emozio giro hori indargabetzea». Nola, ordea? Etxebizitza bakarrik ez, eduki gehiago arrisku bizian jarrita, «eskuin muturraren adierazpen eroen» bidez. Agian harilkatuko dira «klaseen arteko borrokarekin lotutako gaiak», Deustuko Unibertsitateko ikerlariaren ustez. Greba orokorraren aukera ere hor dago.

Halaber, Gomezek uste du PSE-EEk ez duela «ezer egin» hauteskundeak irabazteko moduan jartzeko. Halere, kontuan izanda, batetik, haren ezkerrera ez dagoela ezer egituraturik Espainiako ezker konfederalaren barruan eta, bestetik, 2023an Hego Euskal Herriko polarizazioaren haizeak lagundurik irabazi zituela bozak, «Sanchez dago erosoen», eta harekin batera PSE-EE.

«Nola hasiko da hausten EH Bildu Sanchezen kanpaina? Euskal boto emaileek desberdintzen dute hauteskundeen artean, eta orain botoa PSOEri ematen dioten askok gero EH Bilduri emango diote Eusko Legebiltzarrerako bozetan edota udal eta foru bozetan».

«Gazteek piztu duten esperantza eta sortu duten giro emozional hori hor dagoen arren, ez da desagertu eskuin muturrari lotutako antisistema mugimendua, eta baliteke Voxek gora egitea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan»

BRAULIO GOMEZ Deustuko Unibertsitateko ikertzailea

Abertzaleen arteko lehiari dagokionez, berriz, baliteke EH Bildu saiatzea EAJ estu hartzen etxebizitzaren politikari erreparatuz, «baina hori ez da erraza izango», Gomezen irudiko. «Bi alderdiak dira etxebizitzan esku hartzearen aldekoak. EAJren Jaurlaritzan, Denis Itxaso sailburu sozialista eduki horretan egiten ari den lana sona hartzen ari da. Bilkideek esku hartze handiagoa nahi dutela? Baliteke, baina ez da erraza izango azaltzea PP eta Vox bezain ultraliberala dela EAJ».

Irakasleak uste du lehen okupazioa zela eztabaida, eta orain zaurgarritasuna dela, humanismoa: «Boto emaile jeltzaleek ez dituzte gustuko etxegabetzeak; horren isla da lehen dekretuaren alde bozkatu zuela EAJk. Eztabaidagaia segurtasuna balitz, hemendik hilabete batzuetara izan daitekeen moduan, jeltzaleek orduan ez lukete arazorik EH Bilduk eduki horretan duen posizioaren beste muturrean kokatzeko, baina orain ez».

Edonola ere, segurutzat jo daiteke kanpainaren esparru nagusia etxebizitza izango dela? Gomezek ezetz dio. «Gazteek piztu duten esperantza eta sortu duten giro emozional hori hor dagoen arren, egun gutxi hauetan ez da desagertu eskuin muturrari lotutako mugimendu antisistema, eta baliteke Voxek gora egitea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan». Bistan da: horrek ez lioke mesederik egingo PPri.

EH Bilduko hautagaiak, 2023ko Espainiako Gorteetarako bozen emaitzak ezagutu ondoren. ARITZ LOIOLA / FOKU
EH Bilduko hautagaiak, 2023ko Espainiako Gorteetarako bozen emaitzak ezagutu ondoren. ARITZ LOIOLA / FOKU

Beste ziklo baten lehen mugarria

Ziklo politiko berriko lehen topaketa izango da azaroaren 29koa, eta abertzaleen arteko norgehiagokan neurtu ahal izango da nola dagoen bakoitza. EH Bildu EAJri gailendu zitzaion 2023an, PSE-EEk irabazi zituen hauteskundeetan, eta azaroko emaitzek arrastoa emango dute maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako, Eva Silvan politologoaren arabera. «EH Bildu EAJ baino erosoago dago datozen hauteskundeei begira, oso argi kokatu delako blokeetako batean, eta eroso dago, halaber, etxebizitzari buruz hitz egiten; eduki horrek hartuko du eztabaidaren zati handi bat, seguruenera».

«Ikusiko da etxebizitzak jarraituko duen izaten ala ez eztabaidagai nagusia, baina, hala bada, EAJ ez da eroso egongo hor»

EVA SILVAN Silvan&Miracle aholkularitza zerbitzuaren fundatzailea

EAJrentzat, berriz, etxebizitza ez da gai oso erosoa, Silvanek azaldu duenez. «Espainiako Gobernuaren dekretuetako baten alde baino ez zuen bozkatu, eta kritika handien artean. Ikusiko da etxebizitzak jarraituko duen izaten ala ez eztabaidagai nagusia, baina, hala bada, EAJ ez da eroso egongo hor».

Sanchezek etxebizitzaren karta jokatu nahi du, nolanahi ere, eta horrek PSE-EEri mesede handia egingo lioke, politologoaren arabera, Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua «erreferente bat» ei delako. Horrez gain, ikusi behar da boto duala zer neurritan aktibatzen den eta PSE gai den berriro bozak irabazteko. «Eskuinak eta eskuin muturrak immigrazioa eta segurtasuna sartu nahi izango dituzte eztabaidara, Ceutaren auzia baliatuz. Hor EAJk hobeto defenda dezake bere jarrera».

Eta hautagaiak zer?

Hautagaiei begira, berriz, EH Bilduk badu Espainiako Kongresuan «erreferente erakargarri bat», Silvanen hitzetan: Oskar Matute. «Jende asko egon daiteke hari begira, EH Bildutik harago ere». EAJ, berriz, Madrilgo lidergoa «indartzeko prozesuan» ei dago. «Maribel Vaquero ari da bere tokia hartzen, baina Aitor Estebanen hutsunea sumatzen da oraindik».

Badago EH Bilduren alde jokatzen duen beste aldagai bat, Silvanen ustean: «Espainiako ezker konfederala ez dago egituratua, eta garbi dago ezkerraren erreferentea, hemen, EH Bildu izango dela». Edonola ere, gudu nagusia Madrilgoa izango da. «Ezkerra desmobilizatua egon da han urte hauetan, eta baliteke orain mobilizazio maila igotzea. Hala ere, etxebizitzarena burbuila bat izan daiteke, eta tentuz aztertu behar da mugimendu horren benetako indarra zein den».

Izan ere, blokeak «oso egonkorrak» dira, eta ez dirudi etxebizitzak ekarri duen eztabaida berriak blokeen arteko boto transferentziak eragingo dituenik. «Kaleak egin dezakeena da ezkerreko sektoreak mobilizatzen hastea. Hala ere, gizartea eskuinera egiten ari da, ez hainbeste gurean, baina orokorrean bai, eta egunotan kalean ikusten den erreibindikazio uholdeak ez du hori aldatuko».

Garbi dago azaroko bozek ikusmin handia piztu dutela, jendeak sentitzen duelako asko dagoela jokoan. «Parte hartze handia egongo da Euskal Herrian», aurreikusi du Silvanek. «Badago beldurra PP-Vox gobernu baten aukera dela eta, agian ez hainbeste Estatuko beste erkidego batzuetan, baina gurean bai. Beldurraren botoaren baliagarritasunari begira, Euskadi da Sanchezen azken gotorlekua. Katalunian, Aliantza Katalanak hautsi du dinamika hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA