Bi pertsona etxegabetu dituzte Basaurin, auzokideen protesten artean

Gutxienez hamabost lagun identifikatu ditu Ertzaintzak, etxegabetzea egin behar zuten eraikinaren atarian kateatzeagatik. Batu etxebizitza sindikatuak deituta, 20:30ean, Basauriko Bentako plazan elkartuko dira, etxegabetzea salatzeko.

Bildutako lagunak, ertzainen begiradapean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bildutako lagunak, ertzainen begiradapean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Basauri
2025eko azaroaren 13a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mehatxua bete du Cerberus funtsak, Ertzaintzaren laguntzaz: Basauriko Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian bizi ziren bi lagun etxegabetu dituzte gaur goizean, maizterrak alokairua ordaintzeko prest zeuden arren. Batu etxebizitza sindikatuaren hitz egiteko saiakerei muzin egin die idazkari judizialak. Horrenbestez, poliziek banan-banan atera dituzte atarian kateatu diren auzokideak, eta, pisura igota, etxegabetzea gauzatu dute. Gutxienez hamabost lagun identifikatu ditu Ertzaintzak, segizio judiziala atarira sartzea oztopatzeagatik.

08:30etik dozenaka lagun zain zituzten kaleratutako lagun biek, errepideaz bestaldean, elkartasuna adierazi eta etxegabetzea geldiarazteko asmoz. Batu etxebizitza sindikatuak egindako deialdiari ehun bat lagun batu zaizkie, baita Urbi institutuko ikasleak ere. Azken horiek etenaldia egin dute protestarekin bat egiteko. Hala ere, ordurako Ertzaintzak hartua zuen Agirre Lehendakaria kaleko 82. atariaren ingurua.

Auzokideek aldarrikapen oihuen artean igaro dituzte segizio judiziala iritsi arte igaro diren bi orduak. Hain zuzen, une honetan izan dira goizeko tentsio une bakarrenetarikoak: batutako lagunek errepidea igaro dute, eta atarira bidean abiatu dira. Baina Ertzaintzak eskaileretan behera egin du, eta auzokideei oldartu zaie.

Kolpeak eta identifikazioak

Batek baino gehiagok jaso ditu istiluen kontra hornitutako agenteen kolpeak. Hala ere, haien buru zegoen poliziak eskaileretan gora egin eta lerroa osatzeko agindua eman die. Bitartean, eskaileren behealdean eutsi diote protestari bizilagunek.

Etxegabetutako lagunei elkaratasuna adierazi dieten auzokideak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxegabetutako lagunei elkartasuna adierazi dieten auzokideak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Aldi berean, aurretik etxebizitzan ziren hamabost bat lagun kateatu dira atarian, segizio judizialaren lana oztopatzeko asmoz. Horiek denak banan-banan atera ditu Ertzaintzak, eta, kale bazterrera eramanda, identifikatu egin ditu. Bildutakoek txaloka hartu dituzte guztiak, etxegabetzea gelditzea lortu ez duten arren. 11:00etarako bukatua zen dena. Goizeko gertaerak salatzeko, 20:30ean Basauriko Bentako plazan elkartzera deitu du Batu etxebizitza sindikatuak.

Hain zuzen, «proposamen bat mahai gainean egon arren» etxegabetzea gauzatu dutela gaitzetsi du Luis Diaz Batu etxebizitza sindikatuko kideak, eta epaitegiari aurpegiratu dio gertatutakoa: «Alokairua ordaintzeko gaitasuna bazeukaten bota dituzten kideek. Idatzi bat bestearen atzetik aurkeztu dugu, baina epaitegiak aurrera egitea erabaki du, kontuan hartu gabe orain bi pertsona hauek kalean lo egin beharko dutela ».

«Alokairua ordaintzeko gaitasuna bazeukaten bota dituzten kideek. Idatzi bat bestearen atzetik aurkeztu dugu, baina epaitegiak aurrera egitea erabaki du, kontuan hartu gabe orain bi pertsona hauek kalean lo egin beharko dutela»

LUIS DIAZ Batu etxebizitza sindikatuko kidea

Basauriko Udalak emandako erantzuna ere salatu du Diazek: «Atzo esan ziguten ez zutela gurekin bildu nahi».

Bizilagunek emandako erantzuna, ordea, oso positibotzat jo du Batu etxebizitza sindikatuko kideak. «Ikusten ari gara gero eta babes handiagoa duela sindikatuak, eta etxebizitzaren kontuarekin jende asko dagoela kontzientziatuta». Alde horretatik, etxebizitza sindikatuan parte hartzera deitu ditu herritarrak Diazek. Asteartero elkartzen dira, 16:30ean, Arizgoiti plazako 6. zenbakian.

Lege ondorioak

Identifikatutako lagunek izan ditzaketen ondorio legalez galdetuta, isunik baldin badago erantzun egingo dutela ohartarazi du Batuko kideak: «Eusko Jaurlaritzak esan dezake behartuta dagoela Ertzaintza bidaltzera, baina isunak jartzera ez dago behartuta, ez delako ezer gertatu. Ekintza legalik abiarazi nahi badute, aurrean izango gaituzte».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.