Anbulantzietako langileen greba

Azpikontratatutako anbulantzietako langileek Osakidetzakoen lan baldintzak eskatu dituzte

Sindikatuek salatu dute lan hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta daudela, eta bi urtean erosahalmena %12 txikitu zaiela

Goizean egin dute manifestazioa Txagorritxutik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino. RAUL BOGAJO / FOKU
2023ko maiatzaren 25a
17:46
Entzun

Azpikontratatutako anbulantzietako langileek euren baldintzak Osakidetzako langileekin parekatzea eskatu dute gaur goizean. ELA, USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek manifestazioa egin dute Txagorritxu ospitaletik Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiraino. Horrez gain, eskatzen ari dira urte hauetan galdutako erosahalmena berreskuratzea.

Emandako datuen arabera, bi urtean %12ko soldata galera izan dute, eta, batez beste, Osakidetzako anbulantzietako langileek baino lanaldi luzeagoa daukate: urtean 120 ordu gehiago egiten dituzte egunez, eta 265 gehiago gauez.

Sindikatuek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa %30 handitzea adostu du enpresekin —urtean 20 milioi euro gehiago—, baina sektoreko lan hitzarmena «blokeatuta» dago oraindik. «Haien helburu bakarra kosta ahala kosta aberastea da; beraz, edozer gauza egiten dute irabaziak puzteko, baita langileei nominak gaizki ordaindu ere. Hori guztia, finantzaketa publikoaz baliatuta», kexatu dira ohar batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak