«Babes neurri errealak» eskatu dituzte indarkeria matxistaren biktimentzat

Jendetza bildu da Bilbon, Biansi Castilblancoren hilketa gaitzesteko manifestazioan. Besteak beste, eskatu dute berrikus dadila indarkeria matxistako kasuen larritasuna mailakatzeko sistema. Epaileak kartzelara bidali du hiltzailea.

Jendetza bildu da Bilbon, Biansi Castilblancoren hilketa gaitzesteko manifestazioan. Kasuen larritasuna mailakatzeko sistema alda dadila eskatu dute. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko azaroaren 28a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaintza protokoloak huts egin zuela salatu, eta indarkeria matxistaren biktimek babes neurri errealak izan ditzatela eskatu dute Biansi Nadieska Castilblancoren hilketa gaitzesteko manifestazioan parte hartu duten ehunka lagunek. Urruntze agindua izan arren, bikotekide ohiak Castilblanco hil zuen ostegunean, eta horrenbestez sistemak emakumeari «kale» egin ziola salatu dute Mundu Martxa Feministako eta EH Feministak Nika taldeko kideek. Horregatik, besteak beste, eskatu dute berrikus dadila indarkeria matxistako kasuen larritasuna mailakatzeko protokoloa.

Manifestazioa Indautxu plazan hasi eta bukatu da. Jendetsua izan da, bizpahiru mila lagun elkartu dira eta; beraz, auzoko kale estuak txiki utzi dituzte. Euskal Herriko Mugimendu Feministak hilketa salatzeko jarritako pankartaz josita egon da bidea. Izkina guztietan irakur zitezkeen hilketa salatzeko mezuak. Horixe zen pankarta nagusiko leloa: ez dela egongo erantzun gabeko erasorik, alegia.

Biansi Castilblancoren hilketa gaitzesteko manifestazioa
Biansi Castilblancoren hilketa gaitzesteko manifestazioa. Jendetza bildu da Indautxu auzoan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Unerik hunkigarriena hasi eta berehala izan da, Marcelino Oreja kalean sartu eta Castilblanco hil zuten etxearen aurretik pasatu baita manifestazioa. Amorrua oihu ozen bilakatu da ibilbide guztian, eta hauek izan dira gehien entzundako leloak: «Ez da heriotza izan, hilketa baizik»; «Gora borroka feminista!», eta «Zer nahi dugu Biansirentzat? Justizia, justizia, justizia!».

Amaierako hitzaldiak oso kritikoak izan dira. Indarkeria matxistaren biktimen «babes falta» salatu dute, eta adierazi sistemak huts egin diola biktimari. Naia Torrealdai mugimendu feministako kideak gogoratu du hiltzaileak urruntze agindua zuen arren Castilblancoren egoera «arrisku gutxikotzat» jota zegoela, eta kasuak argi utzi duela mailaketa hori ez dela hilketa eragozteko modukoa.

Halakorik ez gertatzeko neurri gisa, «giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago» jartzeko eskatu du, eta politika feministak bermatzen dituzten protokoloak osatzeko: «Berme feminista behar da, laguntza psikosoziala, eta ez kontrol poliziala bakarrik». Halaber, babes eta elkartasun hitzak helarazi dizkie biktimaren sendiari eta haren seme-alabei.

«Gu [migratuok] bakarrik gaude. Gu bakartzea ez da ausazkoa: migratzea babes sareak atzean uztea da, eta prekaritatean, lan esplotazioan eta hesi administratiboen atzaparretan erortzea»

FERNANDA CALLEJAS Arrazakeriaren Aurkako Bilboko Asanblada

Arrazakeriaren Aurkako Bilboko Asanbladaren izenean mintzatu da Fernanda Callejas. Salatu du indarkeria kasuak are larriagoak direla emakume migratuei dagozkienean: «Gu bakarrik gaude. Gure bakartzea ez da ausazkoa: migratzea babes sareak atzean uztea da, eta prekaritatean, lan esplotazioan eta hesi administratiboen atzaparretan erortzea».

Bizi zen etxean hil zuten Castilblanco, eta, horren harira, Callejasek «etxebizitza arloko arrazakeria» ere salatu du. «Nola irten indarkeria harreman batetik etxe bat izatea utopia bat baldin bada, gutxieneko soldata ez bada aski, eta zure sarea milaka kilometrora badago? Ez da ausardia falta, baliabide falta baizik».

Biansi Castilblancoren hilketa gaitzesteko manifestazioa
Biansi Castilblancoren hilketa gaitzesteko manifestazioa. Parte hartzaile askok salaketa afixak eraman dituzte. ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskal Herrian bizi diren Nikaraguako emakume feministek ere hartu dute hitza —hangoa zen jaiotzez Castilblanco—. Beste elkarteen kritikekin bat egin dute, eta nabarmendu txartzat jotzen  dutela hilketa hau edozein diskurtso arrazista edo xenofoboren mesedetan erabiltzeko saiakera oro.

Hainbat eskaera ere egin dituzte. Bilboko Udalari, akusazio partikular moduan aurkeztu dadila auzian, eta biktimaren familiaren erabakiak errespetatu ditzala. Eusko Jaurlaritzari, kasuaren ikerketa zehatz bat egin dezala, arriskua aztertzeko protokoloak berrikus ditzala, eta biktimaren familiaren «egonkortasuna eta babesa» bermatu ditzala: «Gaitzespena ez da aski: borondate politikoa, justizia soziala, baliabideak eta berriro halakorik ez gertatzeko bermeak behar dira».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA