Herenegun iluntzean, gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion haren etxean, Bilbon. Ertzaintzak gizona atxilotu zuen, hilketa-saiakera delitua egotzita; Gurutzetako ospitalean hil zen emakumea. Bada, atxilotua polizia etxean jarraitzen du, epailearen aurrera eramateko zain, Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez. Hilketa salatzeko, Bilboko mugimendu feministak eta Emakumeen Mundu Martxak gaur egingo dute protesta Bizkaiko hiriburuan, 18:00etan, Indautxu plazan, baita Gasteizen ere —12:30ean Loma Generalean—; aldiz, atzo atera ziren kalera Donostian —19:30ean Bulebarrean— eta Iruñean —20:00etan, Udaletxe plazan—. Baionan astelehenean egingo dute elkarretaratzea, 18:00etan Merkatu plazan.
Biansi Nadieska zuen izena hildako emakumeak, 34 urte zituen, eta 4 eta 6 urteko bi haurren ama zen; haien aurrean izan zen erasoa. Gizonak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen, baina etxe berean bizi ziren. Bilboko Indautxu auzoan gertatu zen erasoa, Marcelino Oreja kalean. Etxebizitzan bizi zen beste emakume batek eman zuen abisua, 20:00etan, Espainiako Poliziaren egoitzan —erasoaren tokitik oso hurbil dago—. Poliziak etxera iritsi zirenean, gizona emakumea sastakatzen ari zen. Ordurako, emakumeak zauri larriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; han zendu zen gero. Ertzaintzak berehala hartu zuen ikerketa bere gain.
«Emakumeak ez zuen bermatuta babesgune izango zen etxebizitzarik. Lehentasunezkoa da indarkeria matxista jasaten duten emakumeek babes logistiko eta profesionala bermatuta izan dezaten borrokatzea»
ITAIA EMAKUMEEN ANTOLAKUNDE SOZIALISTA
Erasotzaileak 47 urte ditu, eta aurrekariak zituen genero indarkeriagatik. Hain zuzen, hil duen emakumearengana hurbiltzeko debekua ezarria zuen, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez: «Ustezko hiltzaileak urruntze agindu bat zuen, baina, hala ere, etxe horretan bizi zen, bizitza lapurtu dion emakumearekin bizi zen». Are, Zupiriak azaldu zuen biktima Ertzaintzaren babespean zela, eta haren egoeraren «jarraipen etengabea» egiten ari zirela genero bortizkeriaren alorreko poliziak; dena den, ez zekiten biktima eta erasotzailea elkarrekin bizi zirenik, «emakumeak hainbatetan ukatu zuelako», eta kasua arrisku baxukotzat zuen Ertzaintzak.
«Instituzioen mugak»
Bilbon egin zituen adierazpenok Segurtasun sailburuak, hilketa gaitzesteko udalak deitutako elkarretaratzean. Erakunde publikoek «irmoki gaitzetsi» dute hilketa, eta Bilboko Udalak baieztatu du herri akusazio gisa aurkeztuko dela auzibidean. Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean, Plaza Biribilean, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Itaiak nabarmendu zuen Bilboko hilketak «instituzioen mugak» agerian utzi dituela, besteak beste, erasotzaileak urruntze agindua urratzen zuelako, beste kasu batzuetan ere gertatu denez. Hala, kezka agertu zuten biktima eta erasotzaileak elkarrekin bizi zirelako: «Emakumeak ez zuen bermatuta babesgune izango zen etxebizitzarik. Lehentasunezkoa da indarkeria matxista jasaten duten emakumeek babes logistiko eta profesionala bermatuta izan dezaten borrokatzea». Datozen orduetan ere izango dira hilketa gaitzesteko mobilizazio gehiago.
Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren amaiera ere bazen atzo Hego Euskal Herrian. Horren ondorioz, EH Bilduk bertan behera utzi zituen ostiralerako prestatuta zeuzkan ekimenak, Iruñeko Labrit pilotalekuan egitekoa zen amaiera ekitaldia barne. Gainerakoek, baina, euren agendei eutsi zieten, eta hilketa salatzearekin batera, hautesleei helarazi nahi zizkieten azken mezuak zabaltzeko hautua egin zuten.

