Babes ofizialeko alokairuek ez dute babesa galduko Nafarroan

Orain arte iraungitze epe bat izan dute babes ofizialeko etxeen alokairuek, eta, horregatik, 2.248 familia etxea galtzeko arriskuan egon dira. Arazo hori konpontzeko asmoz, epemuga kentzea onartu dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak.

Zurekin Nafarroako Daniel Lopez, gaur, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Zurekin Nafarroako Daniel Lopez, gaur, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko ekainaren 25a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jakinarazten dizugu jabeak ez duela zure alokairu kontratua berritzeko borondaterik». «Ez zaizu kontratua luzatuko». «Kontratua berritzean esango dizugu zenbat igoko den errenta». Azken hilabeteetan horrelako gutunak jaso dituzte Ezkabako eta Sarrigurengo babes ofizialeko etxebizitzetan errentan bizi diren familiek. Legez, aurten 317 familiaren etxeei amaitzekoa zaie babes ofiziala, eta etxe horien jabeek —gehienetan putre funtsak dira— merkatuko baldintzak aplikatu nahi dizkiete. 

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, Etxebizitzaren Defentsarako 2010eko Legea aldatzea eztabaidatu dute gaur, egoera horri aurre egiteko asmoz. PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak bultzatu dute aldaketa, eta Geroa Baik bat egin du asmo horrekin. Funtsean, onartu dute babes ofizialeko etxebizitzek babesa ez galtzea, eta, hortaz, halako etxeetan alokairuan bizi direnei ezin izango zaizkie merkatuko baldintzak ezarri. Egoera horretan diren hainbat maizterrek bertatik bertara entzun dute eztabaida, gonbidatuen harmailetatik.

2022tik, mugagabea

Aspaldikoa da arazoa. UPNren agintaldietan bultzatutako sustapen ofizialeko etxebizitzei 30 urterako ezartzen zitzaien babes berezia. 2010ean, Etxebizitzaren Defentsarako legea onartu zen, eta, testu hartan, 30 urteko epemugari eutsi zioten bi kasutarako: etxeak erosten dituztenerako eta erosteko aukera ematen duten alokairuetarako; bestalde, hamabost urteko epea ezarri zuten alokairuetarako. Gerora, 30 urteko epe hori 60 urtera zabaldu zen, eta 2022an onartutako lege batean ezarri zuten epea mugagabea izango zela. Alta, lege horretatik kanpo gelditu ziren aurreko egoerak, eta beraz, babesik gabe utzi ditu alokairuko etxe babestuetan bizi direnak, haiei hamabost urteko epea ezartzen baitzien legediak.

Zurekin Nafarroako Daniel Lopezi egokitu zaio proposamena azaltzea. «Batzuetan, oso gutxitan, hemen egiten dugunak balio du herritarren bizitza aldatzeko». Gogora ekarri duenez, Nafarroan 2.248 familia bizi dira ziurtasunik gabe, euren esku ez dituzten baldintzen menpe. «Babes ofizialaren kalifikazioak ez luke iraungitze datarik izan behar, ez salerosketan, ez eta alokairuan ere. Arlo pribatuak ezin du etxebizitzarik sustatu baldin eta gero espekulaziorako erabiltzen bada. Eta hori gertatzen da gaur egun». Haren hitzetan, drama hori konpontzea izan da lege aldaketaren helburua.

Interes gatazka

Eskuineko oposizioak proposamenaren kontra bozkatu du, argudiatuta debekatuta dagoela atzerako eragina izatea, eta aldaketak ziurgabetasun juridikoa eragingo duela. PSNko Kevin Luceroren arabera, auzia ez da juridikoa, politikoa baizik. «Noren alde zaudete: herritarren alde edo etxebizitza horiek merkatura atera nahi dituztenen alde?». Luceroren ustez, erakunde publikoek esfortzu handiz aurrera ateratako etxebizitza sustapenek ezin dute «espekulazioaren jokoan sartuta» amaitu. 

Argudio bera erabili du EH Bilduko Mikel Zabaletak. Haren esanetan, bi interesen arteko gatazka islatzen du aferak, eta, ziurrenik, auzitara jota ebatziko da azkenean, atzean interes ekonomiko handiak daude eta. «Hemen aukeratu egin behar da. Etxejabeen segurtasun juridikoak kalte handia eragiten die milaka herritarren egoera ekonomikoari eta bizimoduari». Gainera, Zabaletak azaldu du jurisprudentziak modua ematen duela horrelako kasuetan atzerako eragina aplikatzeko. «Auzi hau politikoa da. Etxebizitza babestuak ezin dira espekulaziorako erabili». Argudiatu du etxebizitza horiek merkatura ateratzeak «prezioak berotu» egingo lituzkeela, eta horregatik uste du aldaketa interes orokorraren aldeko neurri bat ere badela.

2.248

Zenbat etxe dauden arriskuan. Berez, Nafarroako 2.248 sendi daude arriskuan, euren baldintzak nabarmen okertuko diren eta etxebizitza galduko duten beldurrez. Kontuan hartuta etxe bakoitzean batez beste 2,5 lagun bizi direla, egoerak 5.600 herritarri eragiten die. 

Geroa Baiko Itxaso Sotoren arabera, neurriak galarazi egingo die putre funtsei «nahieran» jardutea. 

UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainen arabera, aldiz, «konponbidea aldendu» egingo da. Haren esanetan, arlo horretan aritzen diren enpresei kalte «oso larria» eragingo die neurriak. «Urteak eta urteak daramatzate lanean alokairua eskuragarri egiteko, eta, orain,  arazo bat sortu diezue, ustekabean. Enpresa horiek ez dute jendea etxetik kanporatzen, eta irabazten duten diruaren parte handi bat alokairurako etxebizitzak egiteko erabiltzen dute». 

PPko Isabel Garcia Maloren esanetan, «ziurgabetasun juridiko handia» eragingo du aldaketak. «Ez soilik enpresentzat, baita familientzat ere, afera hau auzitara iritsiko baita», ziurtatu du.

Kaltetutako sendiek eskertu egin dute aldaketa, behin neurria onartu ostean. IÑIGO URIZ / FOKU
Kaltetutako sendiek eskertu egin dute aldaketa, behin neurria onartu ostean. IÑIGO URIZ / FOKU

DIRU PUBLIKOA, ETXE PUBLIKOA

LAB sindikatuak eta Ezkabako babes ofizialeko etxeetan alokairuan bizi diren herritarrek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. LABen arabera, sindikatuak eta maizterrek lortu dute etxebizitza legea aldatzea. Hala ere, salatu du babes ofizialeko etxe horiek esku pribatuetan daudela oraindik, eta horrek jabeei aukera ematen diela aurrerantzean ere dirua irabazteko, «nahiz eta etxe horiek diru publikoarekin eta maizterren errentekin ordaindu diren». Hain zuzen, uste du diru publikoz ordaindu diren etxeek publikoak izan behar dutela. Kontratu mugagabeak egiteko eta 

prezioak merkatzeko eskatu du sindikatuak, eta gogoratu lege aldaketa berandu iritsi dela Testa putre funtsaren ondorioz kaltetutako Iruñeko herritarrentzat. Testa putre funtsaren esku dauden bostehun etxek babes publikoa galdu zuten. LABen iritziz, etxe horiek kendu egin behar zaizkio funtsari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA