Babes ofizialeko etxebizitzen salerosketen gaineko kontrola areagotuko du Eusko Jaurlaritzak. Orain, haren esku hartzea oniritzia ematera mugatzen da, saltzaileak hautatutako erosleak legezko baldintzak betetzen dituela egiaztatzera. Baina, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak SER irrati katean iragarri duenez, hori aldatzeko asmoa dute: «Lortu nahi duguna da Jaurlaritzak erabakitzea nork erosiko dituen etxebizitza horiek».
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza legearen erreforma bat lantzen ari da Etxebizitza Saila. Helburua da Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen salerosketetan «aktiboki» egitea bitartekari lanak, Etxebiden izena emandakoen zerrendaren bidez eroslea izendatzeko, eta, hala, «ezkutuko gainprezioen kobrantzari lotutako iruzurrezko jardunbideak eragozteko».
«Eusko Jaurlaritza, neurri handian, etxebizitza babestuen higiezin agentzia publiko handi bat izango da»
DENIS ITXASO Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua
Izan ere, Itxasok kontatu du geroz eta ohikoagoa dela babestutako etxeen salerosketetan ordainketa gehigarriak eskatzea, adibidez, altzariei lotutako gezurrezko kontzeptuak baliatuta: «Ia instituzionalizatzen ari den arazo bat atzeman dugu».
Legez kanpoko jardun horrekin amaitu eta «etxe babestuen funtzio soziala babesteko», sailburuak esan du kontrol publikoa areagotu behar dela. «Jabeak babes ofizialeko etxe bat saldu nahi duenean, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzako lurralde ordezkaritzara etorri eta saldu egin nahi duela esan beharko du, eta guk esango diogu nork erosiko dion», azaldu du. Itxasoren arabera, helburua da saltzaileak erosle bat «epe laburrean eta ziurgabetasunik gabe» eskuratzea, gehienez ere hiruzpalau hilabeteko epean.
Ia 25.000 eskatzaile
Eta nola aukeratuko dute eroslea? Bada, Etxebiden izena emanda dauden eta etxe bat erosteko asmoa erakutsi dutenen zerrendaren bidez. Hainbat faktore ebaluatuko ditu Jaurlaritzak: etxebizitzaren egokitasuna bizikidetza unitatearen tamainarako, erosleak erregistroan duen antzinatasuna eta familiaren behar espezifikoak, besteak beste. Apirilaren amaieran emandako datuen arabera, Etxebiden 109.783 lagun daude izena emanda, eta horietatik 24.497 daude etxe bat erosi nahi dutenen zerrendan.
Itxasoren arabera, urtean mila etxebizitza babestu inguru salerosten dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta lantzen ari diren neurriak gardentasuna eta justizia soziala indartzeko balioko du: «Iruzurra eragotziko dugu, joko arauak aldatuko ditugu eta Eusko Jaurlaritza, neurri handian, etxebizitza babestuen higiezin agentzia publiko handi bat izango da».
Azkenik, etxebizitza senide bati saltzea posible izango ote den galdetu diotenean, erantzun du ezetz, derrigorrezkoa izango baita salerosketak esleipen publikoko sistemaren bitartez egitea, salbuespenik gabe: «Lurzoru publikoan eta diru publikoarekin eraiki zen etxebizitza hori gehien behar duenari eta etxebizitza horren beharretara eta azalerara hobekien egotzen denari emango zaio».
BENTABERRIKOAK SALBU, BEHIN-BEHINEAN
Elkarrizketan, Itxasok hizpide izan ditu babes publikoa galtzear diren alokairuko etxebizitzak ere, 2003. urtea baino lehen eraikitakoak, eta adierazi du babes hori luzatu egingo zaiela kokatuta dauden udalerriek tentsio handiko eremu izaten segitzen duten bitartean.
Jaurlaritzaren arabera, 2027tik aurrera 1.070 etxebizitza egongo dira babesa galtzeko arriskuan, horietatik 900 inguru tentsio handiko eremuetan, tartean, Donostiako Bentaberri auzoko 510 etxeak: «Horrek esan nahi du gehien-gehienak salbatuko ditugula figura horrek indarrean jarraitzen duen bitartean».
Oraindik ez dute topatu, ordea, irtenbide iraunkorrik: «Lege bat ezin dugu atzeraeraginezko ondorioekin aldatu hasiera batean babesik aurreikusita ez zuten etxebizitzei babes iraunkorra emateko, baina estatuko legeari helduko diogu merkatua kontrolatzeko».