Urte politikoari ekin dio EH Baik ere. Ziklo politiko garrantzitsua izanen da 2026-2027koa, alderdiak bere II. Kongresuaren lantzeko prozesua aitzina eramanen duelako, alde batetik, eta Frantziako presidentetzarako hauteskundeak eta legegileak izanen direlako, bestetik. Ipar Euskal Herrian, iruditzen zaie ordu arte baino indartsuago ibiliko direla, Alain Iriart EH Baiko kidea Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izendatu izanak indar harremana aldatuko baitu «dudarik gabe». Aldi berean, kontziente dira Frantziako Estatuak «Euskal Herriarentzat zutabe diren gaietan aitzinamenduak oztopatzeko» duen jarreraz .
Alderdiaren sartze politikoaren aurkezpen prentsaurrekoa egin dute gaur goizean EH Baiko Mathilde Hary bozeramaileak eta Mikel Irastorza zuzendaritzako kideak. Urteko helburu nagusien artean, «ezkerreko abertzaletasunaren indartzea» aipatu dute alderdikideek, betiere «eskuin muturrari aurre» eginez eta trantsizio ekologikoa instituzioen agendetako lehentasunetara ekarri nahian. Izan ere, Haryk eta Irastorzak irizten diotenez, hala urte hatsarreko herriko bozetan nola Euskal Elkargoko lehendakaritzakoetan «argi» geratu da ezkerreko abertzaleek geroz eta «babes zabalagoa» jasotzen dutela herritarrengandik.
Aldi berean, Frantziako presidentetzarako bozei eta legegileei begira, EH Baik uste du «erantzukizunez» jokatu behar duela, eta «alderdi interesak» alde batera utzi behar direla horretarako. Alde horretatik, «indar ezkertiar eta aurrerakoiei» dei egin die alderdiak elkarlanean aritu daitezen «eskuin muturrari ateak hesteko». Irastorzak zehaztu du «harriduraz» hartzen dutela Parisen gertatzen ari dena, hots, ezkerreko alderdiek —momentuz— batzeko duten ezintasuna. «Ez da urrunera joan behar: duela bi urte, indarrak zatiturik aurkeztu, eta eskuin muturrak irabazi zuen; gero, indarrak batu zirenean, jendeak konfiantza egin zion proposamen horri».
Halere, ez dute zehaztu nahi izan bozkatzeko garaia iristen delarik bozka agindurik emanen dutenetz, «baina testuinguru politikoaren arabera» ikusiko dute jarrera jakin bat hartu ala ez. «Ez baitira gauza bera ere lehen itzulia eta bigarrena... Ikusiko dugu. Gaur-gaurkoz, ez dugu posizio argirik horren inguruan».
Izan ere, duela bi urte, Fronte Popular Berriari batu zitzaion EH Bai, eta Peio Dufau EH Baiko kidea diputatu izendatu zuten; Ipar Euskal Herriari egokitzen zaizkion beste bi diputatuak ere Fronte Popularrekoak ziren; Iñaki Etxaniz eta Colette Capdevielle. Frantziako Asanblea Nazionaleko lanak hasteko garaia heldu zelarik, gero, PS Frantziako Alderdi Sozialistaren taldeari batu zitzaion Dufau, hots, Etxaniz eta Capdeviellen alderdiko lan taldeari.
Prefetura parez
Frantziako hauteskundeei begira egonik ere, EH Baik «azken urteetako ildoan» lanean segitzeko asmoa du: «Ipar Euskal Herriaren burujabetza handiagoa lortzeko urratsak bultzatzea, lurralde honetako eragileekiko eta herritarrekiko elkarlanean sakontzea, eta ezkerreko proiektu abertzalea indartzen jarraitzea». Are gehiago, irmoki erran dute ez dutela onartuko Frantziako Estatuaren «gibelapenik».
Hain zuzen ere, Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefet ohiaren eta Simon Fetet prefet izendatu berriaren «jarrera erasokorrak» salatu dituzte. Azken horren kargu hartzea hainbat gertakarik markatu dute, hala nola Itsasuko horma irudiaren aferak eta euskara «lurraldeko hizkuntza ofizial gisa» aitortzen duten herrietako mozioenak. Gainera, EH Baik salatu du prefet izendatu berriak asmoa duela «mugetako kontrolekin eta bizi hobeago baten bila ari diren jendeen kontrako errepresioarekin» jarraitzeko.
Gai horien jorratzeko eta alderdiaren desadostasunak adierazteko, EH Baik gutun bat helarazi zion prefetari irailaren 3an, baina, gaur-gaurkoz, ez dute erantzunik jaso.
Orokorkiago, Haryk eta Irastorzak «eskuin muturraren eta ideia erreakzionarioen gorakada» azpimarratu dute, baita hauteskundeen testuingurutik harago ere. Oldarraldi horien parean, baitezpadakotzat dute, «inoiz baino gehiago, Euskal Herria, haren identitatea, elkarbizitza eta balio aurrerakoi eta demokratikoak defendatzea». Mobilizazio «zabal, herrikoi eta demokratikora» deitu dituzte herritarrak.
II. Kongresua
Egoera «nahasi» horretan kokatzen da EH Bairen II. Kongresua, hain zuzen. Heldu den «ofentsiba berriari eta faxismoari» aurre egiteko, «ezkerreko proiektu abertzalea indartzeko» prozesua abiatuko dute irailaren 19an, Hazparnen (Lapurdi): barne mailako eskolak eginen dituzte egun horretan, eta, urriaren 5etik 15era, ondotik, Ipar Euskal Herri osoan ibiliko dira biltzar irekiak egiten. Azaroan eta abenduan gazteei eta emazteei zuzendutako topaketak izanen dira; urtarrilean, EH Bairen zuzendaritza eta instantziak berrituko dituzte; eta, urtarrilaren 30ean, Kongresuaren ekitaldi nagusiaren aldia izanen da, prozesua bukatzeko.