EH Baik jakinarazi duenez, militante bat Baionako komisariara deitu zuten atzo, Pierre Edouard Sterinen bigarren etxebizitzaren salmenta espekulatiboaren salatzeko egindako ekintzagatik. Izan ere, iazko urrian joan ziren EH Baikoak Donibane Lohizunera (Lapurdi), eskuin muturreko dirudun horren bigarren etxebizitzara: «Eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian espekulatzen du», zioen balkoi gainean ezarri zuten banderolak. Handik guttira, Sterinek salaketa jarri zuen, eta horren harira deitu zuten deklaratzera atzo Gabi Arestegi EH Baiko kidea.
Ikusi gehiago
Entzuketa librerako deialdia izan da, Sterinek ezarritako salaketari jarraipena emateko. Arestegik salatu du «praktika eta helburu politikoak argitara ateratzen dituzten kazetariak eta militanteak beldurtzea helburu duen estrategia batean» kokatzen duela prozedura. Eta gehitu du: «Azken urteetan lurraldean etxebizitzaren arloan lortutako aitzinamenduak herritarren mobilizazioen eta etxebizitzarako eskubidearen aldeko militanteek egindako ekintza ez-bortitzen emaitza dira. Lege esparrurik ez dagoenean, ekintza horiek funtsezko palanka dira gauzak aitzina eramateko». Orain entzuketa eginik, aitzina eginen du prozedura judizialak.
EH Baik ere bere izenez argiki adierazi du «osoki» bere gain hartzen duela urriko ekintza, «etxebizitzarako eskubidearen alde» egin zutena. Holaxe zehaztu dute agirian: «Halako praktika espekulatiboak onartezinak dira, are gehiago gure lurraldean eraikitako elkarbizitzari kalte egiten dioten proiektu eta hedabideak finantzatzeko erabiltzen direnean».
Hain zuzen, azken urteetan ezaguna bilakatu da Sterinen izena Frantziako Estatuan. Hainbat hedabide eta proiektu diruztatzen ditu, eskuin muturra boterera iristen laguntzeko. Ipar Euskal Herrian ere egin ditu hurbilketa bat baino gehiago. Eta bigarren etxebizitza badu Donibane Lohizunen, itsasbazterrean, 2022an erositakoa sei milioi euroan; hiru urte beranduago, 16 milioitan jarri du salgai. Urrian, beraz, EH Baikoek ekintza egin zuten etxean berean, Donibane Lohizuneko Herri Berri taldearekin batera. Garaian Arestegik erran zuen, jadanik: «Eskuin muturrak eta espekulazioak ez dute lekurik, ez Euskal Herrian, ez eta beste inon».
Ikusi gehiago